2021(e)ko maiatzaren 03(a) 11:00

Bizkaiko Foru Aldundiak harrera-modalitate berri bat antolatu du beharrizan bereziak dituzten adingabeentzat

Gizarte Ekintzako Saila

Profil espezializatu hau beharrizan edo egoera bereziak dituzten haur eta nerabeentzat da (desgaitasunen bat, mendetasunen bat edo arazo psikosozialen bat duten adingabeak), eta familiengandik dedikazio intentsiboa jasotzeaz gain, kideetako batek prestakuntza espezifikoa izan behar du haiei arreta emateko. Familia harreraren modalitate hau gehitu egiten zaie lurraldean jada finkatuta dauden larrialdiko, aldi baterako eta harrera iraunkorreko modalitateei; horientzat guztientzat Aldundiak harrera eskaintzen duten familiek euren gain hartzen dituzten mantenu- eta osasun-gastuei laguntzeko zenbateko ekonomiko berriak onartu ditu. Gizarte Ekintza Sailak berriz ere dei egiten dio Bizkaiko gizarteari programa honetan parte har dezan, hainbat arrazoirengatik beren familia biologikoarekin bizi ezin diren adingabeak etxean hartzeko prest dauden pertsona edo familia solidarioak behar direlako.

Sergio Murillo

Bizkaiko Foru Aldundiak adingabekoei familietan harrera eskaintzea biderazteko eta laguntzeko zenbateko ekonomikoak eguneratzen eta zabaltzen dituen Foru Dekretua onartu du Gobernu Kontseiluan, harrera familiek euren gain hartzen dituzten mantenu eta arreta gastuetan maila ekonomikoan lagunduz. Dagoeneko indarrean dagoen Foru Dekretu berriak profil espezialitatua duten familiak behar dituzten haur eta nerabeentzako familia harreraren modalitate berri batean jartzen du arreta.

Familia harrera espezializatua beharrizan edo egoera bereziak dituzten adingabeei zuzenduta dago, hau da, desgaitasun edo mendekotasun fisiko, sentsorial eta/edo intelektuala duten adingabeei edo arreta intentsiboa behar duten arazo psikosozialak dituzten adingabeei. Familia harreraren modalitate berri hau kanpoko familia batean garatzen da eta gutxienez familia horretako kide batek hezkuntzaren, osasunaren edo gizarte zerbitzuen arloko kualifikazio edo prestakuntza espezifikoa izan behar du.

Familia harrera emaile espezializatuek hilero prestazio ekonomikoa jasoko dute, eta kopuru hori dedikazioaren arabera aldatuko da, mota horretako harrera egiteko behar den gaitasunarekin bat etorriz.

Sergio Murillok, Gizarte Ekintzako foru diputatuak, gogorarazi duenez, familia harrera indartzea Bizkaia Egiten dokumentuan legegintzaldi honetarako jasotako programa-proposamenen artean dago. Horregatik, Foru Dekretu berriak zentzu horretan urrats sendoa ematen duela uste du: Behar bereziak dituzten eta gaur egun zentroetan hartzen ditugun adingabeen familia harrera ere bultzatu nahi dugu. Horretarako, beharrezko kualifikazioa izanik, haur edo nerabe horien hazkuntzan dedikazio berezia izateko prest dauden familiak bilatzen ditugu. Familia horiek gure laguntza osoa izango dute; teknikoa eta ekonomikoa. Izan ere, jakin dakigu egiten dutena oso garrantzitsua dela: gaur egun adin txikikoak diren pertsona horiek haztea eta euren ahalmen guztia garatzea ahalbidetzen ari dira.

Foru Dekretuak hainbat zenbateko ekonomiko ezartzen ditu harrera espezializatuaren dedikazio-erregimenaren arabera: dedikazio osokoa (harreran hartutako adingabearen ezaugarriek ez dutenean eragozten harrera espezializatua bateragarri egitea enplegu bat betetzearekin edo lanbide batean jardutearekin, lanaldi osokoa edo partzialekoa izan), edo dedikazio esklusibokoak (harreran hartutako adingabearen ezaugarriak direla-eta erabateko zaintza eta arreta behar denean, edozein motatako lana edo lanbidea egitearekin bateraezina).

Nolanahi ere, dedikazio-araubidea edozein dela ere, ezin izango dira aldi berean harreran hartu premia edo inguruabar bereziak dituzten bi adingabe baino gehiago, neba-arreben taldeak edo familia berrelkartze kasuak izan ezik.

Familia harrera espezializatuaren modalitate berri hau lurraldean jada finkatuta dauden larriladiko, aldi baterako eta harrera iraunkorreko modalitateei gehitzen zaie, eta horiei dagokienez, halaber, Aldundiak foru dekretu honetan foru erakundeak harrera familiek modalitate horietan euren gain hartzen dituzten mantenu- eta osasun-gastuak ordaintzeko zenbateko ekonomiko berriak onartu ditu.

Familia harrerari laguntzeko 2.400.000 euroko foru-aurrekontua ezarri da, aurreko ekitaldian baino %12 gehiago.

Harrera egiteko pertsonak edo familiak behar dira

Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza eskatu die, berriz ere, hainbat arrazoirengatik familia biologikoarekin bizi ezin diren adingabeak etxean hartzeko prest dauden familiei. Lankidetza honek adingabearen bizi-proiektuan inplikatzeko eta erabateko bizitza-historia eraikitzen laguntzeko konpromisoa hartzea eskatzen du.

327 adingabe bizi dira gaur egun Bizkaian familietan babestuta. 215 familia zabalean (aitona-amonekin eta osaba-izebekin batez ere) eta beste batzuk (112) eurenak ez diren familietan. Familia horiek zaintzen dituzte eta arreta integrala ematen diete behar den denboran, familiako kide bat gehiago balira bezala, adierazi du Murillok, eta berriz ere Bizkaiko gizarteari mezu hau luzatu dio: Harreran hartutako adingabeak gehiago izatea nahi dugu, beharrizana etengabea delako: familia solidario gehiago behar ditugu, aldi baterako, modu iraunkorrean, eta, gaurtik aurrera, premia bereziak dituzten adingabeak zaintzeko profil espezializatua duten familiak.

Bizkaian beste pertsona batzuen patuaz kezkatuta dauden eta aurrerapauso bat emateko prest dauden pertsonei eta familiei dei egin nahi diegu. Guk baliabideak jartzen ditugu, teknikoak eta ekonomikoak, baina beraiek bakarrik jar dezaketen zerbait dago: etxe bat. Elkarlan horren emaitza sekulakoa da: adingabe baten garapen hobea, balio kalkulaezineko emaitza, adierazi du.

Familia harrera emaileen sarean sartu nahi duten pertsonek balorazio- eta prestakuntza-prozesu bat igaro behar dute. Uneoro Gizarte Ekintza Saileko diziplina anitzeko talde baten laguntza integrala jasoko dute, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan jarduten duena.

Babes-neurri bat, aukera bat

Familia harrerak aukera ematen dio haurrari behar den denboran afektua, dedikazioa eta laguntza izan ditzakeen ingurune batean hazteko, adingabeak harrera familia batean gara daitezen errazten du, familia horren parte balitz bezala. Era berean, guraso biologikoekiko harremana mantendu eta hobetuko dute, eta itzulera posible den kasuetan itzulera prozesua lagunduko da.

Harrerak familia-etxe egonkorra, beroa, normalizatua eta egokia ematen die adingabeei, hezkuntza-jarraibide argiekin, eta adingabeek lotura berriak sor ditzaten, maila fisikoan eta emozionalean hobetu dezaten, familia-eredu egokia ezagutu dezaten eta euren nortasuna eta gurasoekiko harremana manten dezaten laguntzen die.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Familia Harrera Programa

Telf.: 944 470 737

Helbide elektronikoa: acogimientofamiliar@bizkaia.eus

Foru-webgunea: www.bizkaia.eus/acogimiento


Argazkiak


Bideoak


Audioak