2021(e)ko apirilaren 29(a) 14:00

FSForumen bosgarren edizioak nazioarteko kultura eta gizarte arloko liderrak bilduko ditu berriro

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Fair Saturday Fundazioak eta BBKk, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin, garatzen duten FSForum - Kultura eta Berrikuntza Sozialak mundu mailako 20 hiritako kultura eta gizarte arloko nazioarteko 30 ordezkari bilduko ditu. Online egiten den foro honen helburua kulturaren eta gizartearen egoerari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatzea da, munduko hainbat lekutatik esperientziak eta ikuspegiak partekatuz eta bertaratzen direnak inspiratuko dituen hausnarketa-gunea sortuz.

Irekiera-ekitaldia gaur goizean egin da, FSForum- Kultura eta Berrikuntza Soziala ekimenaren bosgarren edizioaren abiatze ofiziala izan dena. Topaketan honako hauek hartu dute parte: Jordi Albareda, Fair Saturday Fundazioko presidentea; Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Xabier Ochandiano, Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotzia; Nora Sarasola, BBKko Gizarte Ekintzako zuzendaria; Nico Daswani, Head of Art and Culture World Economic Forum erakundekoa eta World Economic Forumeko Kultura ministroa; Hon Carmel Sepuloni, Zeelanda Berriko Kultura ministroa; Enrique Avogadro, Buenos Aireseko Kultura ministroa, eta Camile Russel Love, Atlanta hiriko Kultura zuzendaria.

FSForum www.fsforum.online-ren bidez egingo da maiatzaren 2tik maiatzaren 31ra arte. Bizi dugun ziurgabetasun-garai honetan, eta gizatasun moduan aurrean ditugun erronkak kontuan hartuta, zer egin behar du kulturak eta gizarte-berrikuntzak etorkizun hobea eraikitzeko? FSForumek -2017an Bilbon sortu zen nazioarteko gogoeta-guneak - beste urtebetez bilduko ditu, digitalki, kulturaren, arteen, gizarte-berrikuntzaren, gobernu-erakundeen eta erakunde globalen arloko ordezkari garrantzitsuak, egungo egoerari buruzko euren hausnarketak partekatuko dituztenak.

2020ko edizioak izan zuen arrakastaren ondoren -osorik formatu digitalean egin zena-, hainbat herrialdetako 30 kultura eta gizarte liderrek euren hausnarketak partekatuko dituzte Fair Saturday Forumaren bosgarren edizioan, pertsonen, hirien eta kulturen arteko harremanak sortzeko eta sendotzeko asmoz. FSForumean nazioarteko praktika onenak partekatuko dira eta gizartean eragin nabarmena duten kultur ekimenen berri emango da.

Fair Saturday Fundazioak eta BBKk Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin elkarlanean garatutako foro honek kultura eta berrikuntza sozialaren inguruko hitzaldia eskainiko du egunero, FSForum - Culture and Social Innovation-en esparruan.