2021(e)ko apirilaren 27(a) 10:00

Bizkaiak "Dantza alfonbra gorrian" ekitaldiaren bertsio digitala ospatuko du

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak bat egiten du Dantzaren Nazioarteko Egunaren manifestuarekin. Gainera 16 dantza eskoletako 135 ikasle baino gehiagok lan egin dute apirilaren 29an Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko.

'Dantza alfonbra gorrian', Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekitaldia da eta urtero Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuz lurraldeko akademietako ehun bat ikaslek parte hartzen dute; aurtengo edizioa bideo formatuko bertsio digital berri batekin ospatuko da.

Bizkaiko 16 eskola izan dira online ekitaldian parte hartu dutenak arte-diziplina hau ikusarazteko eta dantza-irakasleek Bizkaiko akademietan egiten duten lan goresgarria nabarmentzeko. Horretarako 135 ikaslek baino gehiagok euren lanik onenak erakutsiko dituzte eta Barakaldo Antzokian grabatutako bideoaren protagonista izango dira; bideo hori apirilaren 29an emitituko da Youtubeko dantzaBiz kanaletan eta www.dantzaalfonbragorrian.eus orrian.

Akademien emanaldiez gain bideoak solasaldirako tartea ere izango du, dantzaren arloko ordezkariek zuzenduta, eta bertan sektorearen egungo egoeraz arituko dira.

Aurten "Dantza alfonbra gorria" ekimenaren edizio berrian parte hartu duten 16 dantza eskolak hauek izan dira: Estudio de Ballet Clásico TGA; Ana Lara Dantza Eskola; Escuela Igor Yebra; Academia All Dance; Estudio Danco de Danza de Getxo; L´atelier Dantza Eskola; Escuela Step Up Gorliz; Miriam Danza Escuela; Escuela de Danza Sara Etxebarri; Ballets Olaeta; Berangoko Udal Dantza Eskola; Escuela de Danza Tamara Blanco; Escuela de Danza Attitude eta y Dantzerti; Dantza Eskola Andoni Aresti eta Centro de Danza Ana Rosa Tercero.

Dantzaren Nazioarteko Egunaren Manifestua

Foru erakundeak Dantzaren Nazioarteko Eguna gogoratzen du, egun horretako adierazpenarekin bat eginez. Aurtengo edizioan, Friedemann Vogel, Stuttgart balleteko dantzari nagusiak, honako mezu hau prestatu du:

"Dena mugimenduarekin hasten da, denok dugun instintu batekin, eta dantza komunikatzeko mugimendu findua da. Nahiz eta teknika ezin hobea garrantzitsua eta harritzekoa izan, dantzariaren esentzia mugimendu horren barruan adierazten duena da.
Dantzari gisa etengabe mugitzen ari gara, une ahaztezin horiek sortzeko asmoz. Dantza-generoa alde batera utzita, dantzari guztiek hori lortu nahi dute. Beraz, bat-batean antzezten uzten ez digutenean, antzokiak itxita daudenean eta jaialdiak bertan behera geratu direnean, gure munduak gelditu egiten dira. Ez dago kontaktu fisikorik. Ez dago ikuskizunik. Publikorik gabe. Oraintsuko historian dantzaren komunitateari inoiz ez zaio desafio kolektiborik egin motibatuta mantentzeko, bere izateko arrazoia aurkitzeko.
Hala ere, orain, hain zuzen ere zerbait baliotsua kendu digutenean, benetan estimatzen dugu egiten dugun hau zein funtsezkoa den eta dantzak oro har gizartearentzat nolako garrantzia duen. Askotan, dantzarien trebezia fisikoa goraipatzen da, baina, egia esan, benetako gure euskarria gure indar mentala da. Nire ustez, bizkortasun fisiko eta psikologikoaren konbinazio bakar horrek geure burua gainditzen lagunduko digu, berrasmatzen, dantzatzen eta inspiratzen jarraitzeko".