2021(e)ko apirilaren 26(a) 11:30

Aldundiak abian jarri du senideen edo hurbilekoen tutoretza duten pertsonentzako laguntza-zerbitzua

Gizarte Ekintzako Saila

18 urtetik gorako pertsonen senitartekoei edo gertuko pertsonei tutoretzaren arloan laguntzea du helburu, baldin eta pertsona horien jarduteko gaitasuna judizialki aldatzen bada. Gaitasuna aldatzeko prozedurari buruzko informazioa, orientazioa eta aholkularitza jaso nahi duten bizkaitar guztiek erabili ahal izango dute zerbitzua, eta, bereziki, senitartekoren baten tutoretza izan eta hura gauzatzeko laguntza behar duten pertsonek. 6.000 pertsona inguruk, legezko ordezkarien eta boluntarioen artean, baliatu ahal izango dute dagoeneko aktibo dagoen zerbitzu hori. Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murilloren ustez, familiako tutore edo hurbileko pertsona batek "ongien interpreta ditzake ezgaituen borondatea, nahiak eta lehentasunak, eta hobeto lagun diezaieke desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasuna aldatu zaienean erabakiak hartzen".

Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Foru Diputatua

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Tutoretza Erakundearen bidez, zerbitzua jartzen du abian, judizialki jarduteko gaitasuna aldatuta duten pertsonen senitartekoen edo hurbilekoen tutoretza gauzatzen laguntze aldera. Neurri horien helburua da tutoretzapean dauden pertsonen ingurune hurbilenak tutoretza bere gain hartu eta mantendu ahal izatea, beharrezkoak diren laguntzekin.

Zerbitzu horren bidez, tutoretza gauzatzeko informazioa eta aholkularitza eskainiko dira, bai eta tutoretzatik eratorritako beharkizunak betetzeko laguntza-tresnak ere, hala nola ondasunen inbentarioa, kontuak ematea, baimen judizialak eskatzea, eta abar.

Une honetan, Bizkaian 5.849 pertsonak dute senide edo gertuko pertsona bat legezko edo borondatezko ordezkari gisa.

Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak adierazi duenez, pertsona horiek guztiek, tutoreek edo legezko ordezkariek eta boluntarioek, Aldundiaren zerbitzu berri honen onuradun izan daitezke hemendik aurrera, lan hori egiteko: Eskubideak bermatzeko eta bizitza oparoa sustatzeko lana, ingurunerik hurbilenetik abiatuta. Izan ere, Desgaitasuna duten eta gaitasuna aldatu zaien pertsonen borondatea, nahiak eta lehentasunak hobekien interpreta ditzaketenak dira, azpimarratu du Murillok.

Senide batek edo hurbileko pertsona batek legez eta borondatez ordezkatzen dituen pertsona horiez gain, Gizarte Ekintza Sailari atxikitako Bizkaiko Tutoretza Erakundeak 1.649 bizkaitarren tutoretzak eta kuradoretzak egiten ditu une honetan. Foru Aldundiaren babespean dauden eta adinez nagusi diren pertsonarik gehienak, hots, 963 pertsona, egoitza-zentro batean bizi dira. Foru Erakundearen tutoretzapeko gainerako pertsonak, hau da, 686 pertsona, etxeetan bizi dira.

Era berean, Gizarte Ekintza Sailak, Bizkaiko Tutoretza Erakundearen bidez, lankidetza estua du Futubide eta Ondoan erakundeekin, eta aurten 195 tutoretza eta 60 tutoretza hitzarturik ditu, hurrenez hurren, bi erakundeek judizialki agindu zaien legezko zaintza bete dezaten, hala behar duten pertsonen kasuan.

18 urtetik gorako edozein pertsonak, baldin eta gaixotasun edo desgaitasun fisiko edo psikikoren bat badu, denboran iraunkorra bada eta bere kabuz gobernatzea eragozten badio, bere gaitasuna aldatu egin dela (edo tutoretzapean egon behar duela) ikus dezake. Arrazoirik ohikoenen artean daude desgaitasun intelektuala edo garapen-desgaitasun larria, narriadura kognitiboak edo dementzia aurreratuak, eta errealitatearen pertzepzioa mugatzen duten gaixotasun eta nahasmendu mental batzuk.

Zerbitzua atzitzea eta ordutegiak

Foru erakundeak tutoretza gauzatze aldera abian jarri duen aholkularitza- eta laguntza-zerbitzu berriak honako hauek eskaintzen ditu:

  • Oinarrizko informazioa, orientazioa eta doako aholkularitza ematea Bizkaian erroldatutako adin nagusiko pertsona orori, honako hauei buruz: gaitasuna aldatzeko prozedura, zaintza-figurak (guraso-ahala luzatzea eta birgaitzea, tutoretza, kuradoretza, administrazio judiziala eta egitatezko zaintza), gaitasuna aldatzeko prebentzio-neurriak (prebentzio-ahalak, autotutoretza eta aurretiazko borondateak) edo tutoretza-eginkizunak betetzea.Tutore kargua betetzen laguntzea, kargu horrek eskatzen dituen beharkizunak betetzeko, gaitasuna aldatzeko epaiak ezartzen duen beste edozeinez gain. Betebehar horien artean daude kontuak ematea, inbentarioak egitea, baimen judizialak eskatzea edo beste edozein motatako aholkularitza juridikoa ematea.

Zerbitzu berri hau Bizkaiko Tutoretza Erakundeak Bilboko Errekalde zumarkaleko 18. zenbakian dituen bulegoetan eskainiko da. Zerbitzu honen erabiltzaile izateko, ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua eskatzea 94 608 37 40 telefonoaren bidez.

Bizkaiko Tutoretza Erakundean arreta presentzialerako ezarritako ordutegiak, eskatzen den laguntza motaren arabera, honako hauek dira:

  • Oinarrizko eta doako informazioa, orientazioa eta aholkularitza: ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara.
  • Tutoretzan laguntzea eta kontuak ematea: astearte eta asteazkenetan, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
  • Tutoretza eta aholkularitza juridikoa gauzatzen laguntzea: astelehenetan, 15:00etatik 19:00etara.

Azken bi kasuetan, ezgaitasun-epaia, karguaren onarpena eta eskatzen den dokumentazio gehigarria aurkeztu beharko dituzte familiek.

Profesional eta familientzako dibulgazio-jardunaldia

Bizkaiko Foru Aldundiak jarduteko gaitasunaren aldaketaren eta tutoretzari buruzko laguntza-neurrien gaia jorratuko du, profesionalei zein familientzat xedaturik dagoen dibulgazio-jardunaldi baten esparruan. Jardunaldia astearte honetan, apirilaren 27an, izango da, goizeko eta arratsaldeko bi saiotan, eta epailetza, abokatutza, zuzenbide edo etika arloetan adituak diren pertsonek hartuko dute parte.

Goizean zehar, jardunaldia profesionalentzat xedaturik egongo da, bereziki gizarte-zerbitzuen arloan lan egiten duten pertsonentzat. Bertan, laguntzeko egungo paradigmari eta jarduteko gaitasuna aldatu zaien pertsonen bizitza duin eta oparoa bilatzen duten eta aurreikusirik dauden lege-aldaketei buruz hitz egingo da.

Arratsaldeko saioan, familiei zuzenduta, jarduteko gaitasunaren aldaketak (tutoretza edo kuradoretza alorretan) dituen ondorioak aztertuko dira, bai eta jarduteko gaitasun hori gauzatzeko dituzten laguntza-mekanismoak ere.

Jardunaldia Euskalduna Jauregian egingo da (leku-kopurua osatu arte) eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da. Dagoeneko 960 pertsonak baino gehiagok eman dute izena.

Informazio gehiago eta izen-ematea hemen: Topaketak.

  • Webgune honen bidez: www.bizkaia.eus
  • Helbide elektroniko honen bidez: topaketak@bizkaia.eus

Argazkiak


Bideoak


Audioak