2021(e)ko apirilaren 23(a) 09:12

Aldundiak hondakinak kudeatzeko plan berriaren jarduera-ildoak aztertuko ditu udalerriekin eta Bide Berde berriak sortuko ditu

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Amaia Antxustegik, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatu berriak, datozen hilabeteei begira eta legegintzaldia amaitu arte ezarritako lehentasunen artean dauden bi ekimen horiek partekatu ditu. Era berean, Antxustegik eukaliptoen landaketa mugatzeko neurriak hartuko direla iragarri du eta esan du Bizkaia osoko basoetan lurrak erosteko plan bat garatuko dela, bertako espezieekin birlandatzeko. Foru saila, une honetan, 2020 osteko Plan Estrategikoa lantzen ari da, orain arte Landa Garapenerako Programa bezala ezagutzen zena; Plan berriaren ardatza Nekazaritza Politika Bateratu berrirako trantsizio-prozesuaren jarraipena da, "Nekazaritza Politika Bateratu horrek gure jardunerako ildo nagusiak eta funtsak ezartzen ditu".

Amaia Antxustegik, Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak, agerraldia egin du gaur Batzar Nagusietan legegintzaldi honetako azken bi urteetan Sail honen burutzan  garatuko dituen lehentasunezko jarduera-ildoak partekatzeko. Horrela, hiri-hondakinak kudeatzeko plan berriaren jarduera-ildoak prestatzeko prozesuan udalerriak sartuko dituela adierazi du eta, halaber, iragarri du lurraldeko hainbat zonaldetan Bide Berde berriak sortuko direla, eukaliptoen landaketa mugatzeko neurriak hartuko direla eta ostean espezie autoktonoekin birlandatzeko Bizkaiko basoetan lurrak erosteko plan bat garatuko dela.

Amaia Antxustegik adierazi du lehentasunetako bat Bizkaian tokiko erakundeen eskumenekoa den Hondakinen Plan Integral berriaren prestakuntza amaitzea dela, datozen urteetarako berebiziko garrantzia duen dokumentua da, arlo horretan garatu beharreko estrategia markatuko duena eta udalerrien partaidetzara zabalduko dena agirian sartu beharreko jarduketa-ildoen baterako azterketaren bidez. Udalerriekin bilduko gara plan honek jasoko dituen ildo nagusiak aztertzeko; izan ere, uste dugu baterako azterketaren fase hau funtsezkoa dela Bizkairako lan-dokumentu bat lortzeko. Funtsezkoa da Europak eskatzen dizkigun helburuak betetzea udalerrien eta biztanleen konpromisoaren bidez baino ezin delako lortu. Kontsulta urte honetan zehar egingo da eta, amaitu ondoren, emaitzak Jasangarritasun Kontseiluarekin alderatuko ditugu eta, ondoren, behin betiko onartzeko izapideak hasiko ditugu , azaldu du. Ildo beretik, prozesu hau uste baino luzeagoa izango den arren, gure lurraldeko udalerrien ikuspuntu guztiak ezagutzeko aukera emango digu azpimarratu du.

Agerraldian azaldu duen bigarren proiektua Bizkaiko eremuetan Bide Berde berriak sortzea izan da; besteak beste bide horien artean Txorierrin Lezamako trenbide zaharraren trazaduran burutuko dena eta Gaztelugatxeko San Joanen ingurukoa aipatu ditu. Pandemia garai hauetan gure ingurune naturalak paseatzeko, kirola egiteko edo, besterik gabe, aire zabalean gozatzeko eskaintzen dizkigun aukerak baloratzen ikasi dugu. Aukera hau aprobetxatu nahi dugu gure naturguneez gozatzeko aukerak areagotzen lagunduko duten proiektuak garatzeko eta, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarri eta zabaldu nahi duen mugikortasun berri hori, zapatilarena eta bizikletarena, sustatzen laguntzeko, adierazi du.

Eukaliptoa mugatzea eta espezie autoktonoak bultzatzea

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak datozen hilabeteetarako lehentasunen artean eukaliptoen landaketa mugatzea eta Bizkaiko basoetan espezie autoktonoen presentzia areagotzeko proiektuari bultzada ematea ere aipatu ditu. Ildo horretatik adierazi du banda marroiak pinuz landatutako baso-multzoetan duen eraginaren ondorioz handitzen ari dela eukaliptoa landatzeko azalera eta ez dagoela tresna juridikorik edo araudirik lur pribatuetan eukaliptoa landatzeko mugak ezartzea babesten duenik. Antxustegik gogorarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak 12 urte daramatzala espezie horren landaketak diruz lagundu gabe eta esan du orain beste pauso bat emango dela. Basogintzari laguntzeko plan berriak bi berrikuntza nagusi izango ditu. Lehenengoa, dirulaguntzen artean  basogintza-ingurumeneko eta klimari eta basoak zaintzeari lotuta dauden zerbitzuak sartzea. Horrek esan nahi du diruz lagunduko dugula baso-kudeaketa iraunkorragoa, baso autoktonoen kontserbazioa eta baso aloktonoen ordez baso autoktonoak ezartzea bideratzen duten metodoen aplikazioa. Bigarrena, ez direla finantzatuko eukaliptoen laborantzatik datozen mozketa sanitarioak. Gainera, espezie horri dagokionez mozteko gutxieneko txanda 15 urtera ekarriko dugu, azaldu du.

Neurri horien helburua da espezie horren hedapena murriztea eta zuhaitz autoktonoen landaketa bultzatzea. Azken konpromiso hori, adierazi duenez, Aldundiak beste bi ekimenekin gauzatzen du: Bizkaiko baso-ondarearen bilduma bat sortzea eta gure lurraldeko eskualde guztietan basoen basoberritze eta lehengoratze naturalerako proiektuak garatzea,  bai foru-titulartasuneko basoetan, bai horretarako erosiko den lurzoru pribatuan. Arlo honetan nire helburua, diputatua naizen aldetik, basoa erosteko plan bat antolatzea da, ostean bertako espezieekin landatzeko.

Hondartzak eta Gaztelugatxe

Lehentasun horiekin batera, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak datozen hilabeteetan argitaratuko diren beste proiektu garrantzitsu batzuk aipatu ditu, eta uda iristearekin batera interesgarriak bihurtuko diren bi gai jorratu ditu. Alde batetik, azaldu du ziurgabetasun eta dudaz beterik dagoen une batean gauden arren eta nahiz eta oraindik ere ezinezkoa den aurreratzea osasun-agintariek zer neurri hartuko dituzten COVID-19aren hedapena geldiarazteko, are gehiago kontuan hartuta maiatzaren 9rako alarma-egoeraren amaiera iragarri dela, bere saila lanean ari dela eta abiaburu moduan ezarri duela beharrezkoa izango dela aurreko denboraldiko funtzionamendu-eskema errepikatzea. Horrela, udalerriekin elkarlanean, beharrezko neurriak aplikatzen jarraituko dugu COVID-19aren hedapena geldiarazteko osasun-agintariek ezarritakoa betetzeko. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren jarraibideak beteko ditugu eta hartuko ditugun neurri guztiak, iaz gertatu zen bezala, etengabe berrikusiko eta koordinatuko ditugu udalekin, egoeraren aurrerapenaren eta unean-unean hartuko diren murrizketen arabera, gaineratu du.

Beste alde batetik, berriz adierazi du Gaztelugatxen lan osagarriak egiten ari direla lur-jausia gertatu zen eremua egonkortzeko egin beharreko jarduketak zehazteko eta eremu hori jendearentzat berriro ireki ahal izateko, segurtasun-bermeekin eta ingurunearen gaineko eragina minimizatuz, eta azterketa hori amaitu eta beharrezko neurriak ezarri arte itxita egongo dela.

Antxustegik, bere agerraldian,  Bizkaiko Jasangarritasun Energetikoaren Batzorde bat sortuko dela ere aipatu du. Batzorde horrek esku hartzen duten sailak eta foru-erakundeak koordinatuko ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legearen helburuak eta betebeharrak betetzeko behar diren jarduketa guztiak egingo ditu.

Lehen sektorearen erronkak

Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak agerraldian gogorarazi duenez,  une honetan Nekazaritza Politika Bateratu berri baterako trantsizio prozesua garatzen ari da, gure jardunerako ildo nagusiak eta funtsak ezartzen dituena eta, horregatik, oso garrantzitsua da lehen sektorearen lehentasunak adostea eta oso argi edukitzea zein den Bizkaiaren idiosinkrasia, esparru-plan berri honetan gure lehen sektorearen beharrak jaso daitezen, batez ere gure eskumeneko gaiei dagokienez. Horrela, Antxustegik datozen urteetarako 2020 osteko Plan Estrategikoa egiteko prozesua aipatu du, orain arte Landa Garapeneko Programa deitzen zena.

Era berean, lehen sektoreak aurre egin beharreko beste erronka batzuk aztertu ditu, hala nola belaunaldien arteko erreleboa, bere ustez funtsezkoa dena sektore honetako jarduerari bizirik eusteko. Gazteei lehen sektorean sartzea erraztu behar diegu, gure baserritarren batez besteko adina 49 urtekoa baita. Gaztenek, lur-bankua eta finantza-laguntzak sektorearen zahartzea eta gure lurraldeko ustiategien galera saihesteko helburua betetzeko sortutako ekimenak dira. Eta emakumeek nekazaritza-ustiategietan egiten duten lanaren eta azken urteotan lan hori aitortzeko garatutako ekimenen garrantzia azpimarratu du. Urratsak eman dira eta Aldundiak aurrerantzean ere pausoak emango ditu emakume horiei ahotsa emateko eta haien lana agerian uzteko, azpimarratu du.