2021(e)ko apirilaren 17(a) 09:05

Foru Aldundiak % 7,3 handitu du Garapenerako Lankidetzan egindako inbertsioa

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Aurreko urtean 60 erakundek guztira 25 herrialdetan garatutako 82 proiektu finantzatu ziren.

.

Laespadak: "Garapenerako Lankidetza gehien indartzen duen euskal erakundea gara"

Bizkaiko Foru Aldundiak % 7,3 handitu du aurten Garapenerako Lankidetzan egindako inbertsioa, 6.556.955 eurora iritsi baita onetsi berri diren dirulaguntzen oinarri arautzaileen eta deialdien barruan, iaz baino 448.000 euro gehiago.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak azpimarratu duenez, 2021ean izandako igoera horrekin, Bizkaiko erakundea euskal eremuan Garapenerako Lankidetza gehien indartzen duen erakundea da.

Aurreko ekitaldiko 60 erakundek guztira 25 herrialdetan garatutako 82 proiektu finantzatu ziren. % 70,63 garapenerako lankidetza-proiektuetara bideratu zen, % 18,69 gizarte-eraldaketarako sentsibilizazio- eta/edo hezkuntza-proiektuetara eta % 10,69 larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzetara.

Bizkaian garatu diren gizarte-eraldaketarako sentsibilizazio- eta/edo hezkuntza-proiektuak kenduta, gainerako proiektuen % 52 Latinoamerikan burutu dira, % 23 Afrikan eta % 6 munduko beste leku batzuetan.

Laespadak azaldu duenez, garrantzitsua da zifrak perspektiban jartzea, Aldundiaren ahalegina baloratzeko. Garapenerako Lankidetza gehien indartzen duen euskal erakundea gara. Elkartasuna ez da negoziagarria, gure jarduera politikoaren printzipioa da, gaineratu du.

Garapenerako lankidetzarako eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzarako jardueretarako dirulaguntza horiek jasotzen dituen dekretua dagoeneko onetsi da, eta datozen egunetan argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Ordutik aurrera, hilabeteko epea irekiko da Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GGKE) eskabideak aurkez ditzaten.

2020ko ekitaldiarekiko aipatutako % 7,3ko igoeraz gain, 2016ko inbertsioaren eta 2021eko ekitaldian aurreikusten denaren arteko konparazioan, Garapenerako Lankidetzaren aurrekontua % 28,2 handitu da.

Aurtengo dirulaguntzetan honako proiektu hauek sartzen dira: irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako garapenerako lankidetza-proiektuak, gizarte-eraldaketarako sentsibilizazio- eta/edo hezkuntza-proiektuak, herrialde pobretuetako eta/edo Bizkaiko unean uneko ekintzak, jatorriko laguntza teknikoak (tokiko erakunde bazkideen genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketa errazteko) eta larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzak.

Garapenerako Lankidetzan egindako inbertsioa, 2001etik garatzen ari den dirulaguntzen urteko deialdi honen bidez. Epe horretan, elkartasun, koherentzia, eraldaketa, koordinazio, erantzunkidetasun eta kalitateko printzipioak bultzatzeko eta indartzeko hiru gida-plan egin dira.

Horrela, berretsi egiten da Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza deszentralizatuaren garrantzia eta balio erantsia, aukera ematen baitu lurraldetik elkartasun-loturak ezartzeko, tokiko garapen-prozesuak laguntzeko, erakundeak edo gizartea indartzeko, eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzan sakonduko duten partaidetza-espazioak sortzeko.

Gaur egun, Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritza hurrengo dokumentu estrategikoa egiteko prozesuan murgilduta dago. Dokumentu horrek datozen urteetako ekintzetarako oinarri politikoak ezarriko ditu. Hori dela eta, 2021ko ekitaldia trantsizio-ekitaldi gisa sortu da, eta bertan tresna operatiboak, dekretu hau barne, III. Gida Planak ezarritako esparruaren barruan mantenduko dira formalki.


Argazkiak