2021(e)ko apirilaren 16(a) 13:00

Elikaduraren sektorea 3R Enpresa Programaren gakoetako bat da berrogeita hamar enpleguratze baino gehiagorekin

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

3R Enpresa enplegagarritasun-itxaropen hobeak dituzten sektoreetan finkatzen den birrorientatzeko, birkualifikatzeko eta birkokatzeko programa da: elikadura, metala, eraikuntza, ezagutza eta teknologia aplikatua eta ingurumena. Egaña (Elikadura klusterra): "Pandemiak azkartu egin du enpresetan beharrezkoa den ikaskuntza-prozesua, horizontean ikusten diren aukera-eremuak aprobetxatzen jakiteko".

Egaña eta Laespada.

Laespada: “Pertsonei enplegurantz laguntzen diegu erreferentziatzat enpresek behar dituzten profil profesionalak hartuta"

Bizkaiko Foru Aldundiak 3R Enpresa Programa jarri du abian, pertsonen enplegagarritasuna lantzeko funtsezkoak diren eta enplegua lortzeko itxaropen hobea duten sektoreetan. Sektore horien artean daude, besteak beste, metala, eraikuntza, ezagutza eta teknologia aplikatua, ingurumena edo elikadura. Azken sektore horretan dagoeneko berrogeita hamar enpleguratze baino gehiago lortu dira.

Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak, Enpleguaren erronkak euskal elikadura-katean izeneko topaketan parte hartu du gaur goizean. Ekitaldia foru erakundeak eta 3R Enpresa Programaren erakunde laguntzaileetako batek, Euskadiko Elikadura Klusterrak, antolatu dute. Horiek ez ezik, Jon Ander Egañak, Kluster honetako zuzendari nagusiak, eta Jesus Fernandezek, Randstad-eko Iparraldeko Eskualdeko zuzendariak ere parte hartu dute.

Era berean, mahai-inguru bat egin da Klusterreko kide diren lau enpresarekin; enpresa horiek, balio-katean dituzten posizio desberdinetatik abiatuta, pandemiak euren erakundeetan sortu dituen ikaskuntzen eta aukeren balantzea egin baitute: Igor Rodríguez (Eroskiko Talentu zuzendaria), Santiago Aguirre (Cafés Baquéko Zerbitzu Orokorretako zuzendaria), Javier Arbaiza (Salicako zuzendari nagusia) eta Inés Osinaga (Vascolac Taldeko zuzendaritzaren ondokoa).

Laespada diputatuak, esku hartzean azaldu duenez, bere Sailaren politikak eta programak lagungarriak dira pertsonentzat, beti ere enpresek dituzten etenik gabeko beharren eta eskatzen dituzten profilen erreferentziatik abiatuta lanpostu bat aurkitzeko

Ildo horretatik, gogorarazi du 3R Enpresa programa Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioaren (FVEM), ERAIKUNEren (Eraikuntzaren Klusterra), Gaiaren (Ezagutzaren eta Teknologia Aplikatuaren Klusterra), ACLIMAren (Ingurumen Klusterra) eta aipatutako Elikadura Klusterraren bidez garatzen dela.

Halaber, gogorarazi du enplegu-politika eta -programa horiek lan-merkatuaren zailtasunen azterketarekin ere garatzen direla, besteak beste, langabeziaren feminizazioa, pertsona batzuk langabe kroniko bihurtzea (45 urtetik gorakoak, adibidez) eta gazteek kalitatezko enplegua lortzeko duten zailtasuna. Aprobetxa dezagun talentuaren %100, ez dezagun gizarte gisa dugun ahalmena alferrik galdu, gaineratu du.

3R Enpresaren helburua langabeak birbideratzea, birkualifikatzea eta birkokatzea da, bereziki sektore kaltetuenetatik datozenak, hala nola ostalaritzatik, merkataritzatik eta turismotik. Eta, aldi berean, Programak enpresei lagundu nahi die susperraldiari eta eraldaketa sozialari aurre egiteko arlo digitala eta ingurumenekoa kontuan hartuta eta modu osasungarri eta jasangarrian egiteko behar duten talentua txertatzen, azaldu du.

Diputatuak eskerrak eman dizkie, halaber, elikadura-enpresei eta enpresa horietan lan egiten duten langileei, kalitatezko produktu osasuntsuen hornidura bermatzeko konfinamendu-garaian izandako ezohiko portaeragatik.

Gainera, azpimarratu duenez, nekazaritzako elikagaien sektoreak eraginkortasuna, efizientzia eta segurtasuna erakutsi ditu, eta, beraz, funtsezkoa da susperraldi ekonomikoan, baliabideen agortzean oinarritzen ez den ekonomia baterantz abiatzeko eraldatzeko eta modernizatzeko duen gaitasunagatik; ekonomia horrek, ordea zirkularra izan behar du, berraprobetxamendukoa eta ingurumenean aztarna neutroa duena.

Laespadak gogorarazi duenez, elikagaien industriak ia milioi erdi pertsonari ematen die lana Espainian, eta industria sektoreko lehen manufaktura-adarra da, eta osasun sektorearekin batera azken hilabeteetako lan-eskaintza nagusiaren protagonista izan da.

Halaber, gogorarazi du enplegu politika eta programa horiek lan merkatuaren zailtasunen azterketarekin ere garatzen direla, besteak beste, langabeziaren feminizazioa, pertsona batzuen kronifikazioa langabezian (45 urtetik gorakoak, adibidez), eta gazteek kalitatezko enplegua lortzeko duten zailtasuna. Aprobetxa dezagun talentuaren %100, ez dezagun gizarte gisa dugun ahalmena alferrik galdu, gaineratu du.

TALENTUA ETA ENPLEGUA

Beste alde batetik, Euskadiko Elikadura Klusterreko zuzendari nagusia den Jon Ander Egañak jardunaldia bere enpresen lehiakortasuna hobetzeko apustuaren barruan kokatu du, talentuaren ikuspegitik eta enplegua mantendu eta sustatzearen ikuspegitik. Adierazi duenaren arabera, pandemiak enpresetan beharrezkoa den ikaskuntza prozesua bizkortu du, horizontean ikusten diren aukera guneak aprobetxatzeko.

Besteak beste, erronken artean daude ingurumen-jasangarritasunaren arloko eskakizunetan aurrera egitea, elikaduraren bidez osasuna bultzatzea eta enpresen eraldaketa digitala, beti ere lan egiteko modu berriak ahaztu gabe, edo lana eta kontziliazioa bezalako gaiak edo teknologia eta prozesu berriak, eta adierazi du horiek guztiak gauzatzeko pertsona kualifikatuak behar dituztela.

Horren harira, Jesus Fernandezek, Randstad-eko Iparraldeko eskualde-zuzendariak esan du Covid 19aren krisiak aldaketa nabarmena ekarri duela ekonomiaren sektore guztien erakargarritasunean. Elikadura eta edarien sektoreak ere igarri ditu pandemiaren ondorio negatiboak, baina egia da sendotasunez aurre egitea lortu duela, bere funtsezko egoera dela eta.

Testuinguru horretan, elikagaien sektorea erakargarrienetako bat da etorkizunean enplegua sortzeko funtsezko palanka izateko, nahiz eta gainditu beharreko erronkak eduki; erronka horien artean daude, adibidez, bere langile aktiboen prestakuntza, eta baita beste sektore batzuetan soberan dauden langileak gaur egun eskatzen ari diren trebetasun eta gaitasunetan prestatzeko enplegu politikekin koordinatzea, azpimarratu du.

PROGRAMA

3R Enpresa programa bereziki Covid 19ak sortutako krisiaren ondorioz langabezian dauden pertsonei zuzenduta dago. Programaren helburua pertsona horien laneratzea lortzea da, bost sektore estrategikotan birrorientatzeko, birkualifikatzeko eta birkokatzeko ekintzen bidez: elikadura, ingurumena, metala, ezagutzaren eta teknologia aplikatuaren industria eta eraikuntza. Programako ekintza guztiak Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatu eta finantzatzen ditu.

Euskadiko Elikaduraren Klusterra lanean ari da euskal elikaduraren balio-kate osoko enpresen lehiakortasuna sustatzeko. Sozietatearen oinarria ehundik gora konpainia, erakunde eta entitate dira eta horien artean daude, besteak beste, azpisektore guztietako liderrak; horregatik erakundea elikaduraren erreferentziazko eragile bihurtu da Euskadin eta enpresa-ehunaren eta erakundeen arteko solaskide nagusi moduan duen zeregina sendotu du. Klusterraren helburu estrategikoen artean nabarmentzekoa da sektoreko enpresei laguntzea, balio handiko proiektu partekatuen lankidetza eta garapena sustatuz eta dinamizatuz honako arlo hauetan: merkatuaren garapena, berrikuntza teknologikoa eta berrikuntza ez-teknologikoa, kontsumitzailearen ezagutza eta horrekiko harremana, eta talentua erakartzea.


Argazkiak