2021(e)ko apirilaren 15(a) 13:00

Josu Bergara Bizkaiko Foru Aldundian hasiko da, udalekin egiten den lana eta haiekiko hurbiltasuna indartzeko

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Orain arte Sestaoko alkatea izan dena Toki Administrazioaren zuzendari nagusi izendatuko dute datorren asteartean. «Josu Bergara aldundian hasteak are gehiago indartuko du Bizkaiaren zerbitzura dagoen talde handia», nabarmendu du Unai Rementeria Diputatu Nagusiak.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak datorren asteartean (apirilak 20) onartuko du Josu Bergara López Tokiko Administrazioaren zuzendari nagusi izendatzea. Zuzendaritza hori berria da eta Elixabete Etxanobe diputatua buru duen Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailean sortu da.

Bergarak, 42 urtekoak, amaiera eman dio gaur Sestaoko alkate moduan egin duen hamar urteko ibilbideari, Bizkaiko Foru Aldundian izango duen kargu berrian hasteko alkatetzari uko egin ostean. Udala uztea ez da erabaki erraza izan, nire bizitza izan delako azken urte bizi hauetan, baina Unai Rementeriaren proiektuan eta taldean hastea erronka pertsonal eta profesionala da niretzat, baita ilusio-dosi handia ere. Gogo handia daukat Bizkaiko proiektuaren parte izateko eta ekarpenak egiteko. Ondo ezagutzen ditut udal-bizitza, udal baten egunerokotasuna, haren arazoak eta premiak, eta nire esperientzia eta gogoa jarri nahi ditut aldundia alkateei are gehiago hurbiltzeko eta oraindik ere, gertuago lan egiteko. Hori da diputatu nagusiak eta nire diputatuak eskatu didatena eta hitzeman diet daukadan onena emango dudala, alkate izan naizen urte guzti hauetan egin dudan bezala. Une honetan, pena ematen dit Sestao uzteak, egia da, baina Bizkairako lan egitea nire herriarentzat lan egitea ere bada; beraz, nire bizilagunak oso lasai egon daitezke, oso hurbil jarraituko dudalako. Gainera, talde handi baten eskuetan geratuko dira, baloratu du Bergarak.

Unai Rementeriak nabarmendu du Bergara, 2009 eta 2011 urteen artean aldundiko Berdintasunerako eta Herritarren Eskubideetarako zuzendari nagusi izandakoa, foru erakundera itzultzea errefortzu handia izango dela. Josu Bergara gurera etortzea duela hilabete bultzatu genituen aldaketen barruan sartzen da. Orduan esan nuen Bizkaiko 112 udalerrien alde gogor egingo genuela, hurbilago egotearen eta lan egitearen alde, guztiok batera pandemia honetatik ateratzearen alde, eta uste dut Josu Bergararen etorrerak are gehiago indartzen duela Bizkaiaren zerbitzura dagoen talde handia, Bizkaiko Foru Aldundiko taldea.

Bere aldetik, Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetako diputatuak zera adierazi du: Josu Bergara zuzendaritza berri honetara etortzeak udalekiko harremanak sendotzen lagunduko digu, entzute aktiboaren bidez, elkarlaneko gobernantza irekiaren ereduari jarraituz. Bide formalez haratago joan nahi dugu udalerrien premiei zuzenago eta hurbilagotik erantzuteko, bereziki, udalerri txiki eta ertainen kasuan, herritarrei ahalik eta zerbitzurik onenak eskaintzeko sareak ehunduz.