2021(e)ko martxoaren 30(a) 20:32

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak ‘Hemingway & Euskal Herria’ erakusketa inauguratu du

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Foru Museoak Ernest Hemingway idazle amerikar ospetsuak Euskal Herriarekin izan zuen loturari buruzko lehen erakusketa jarri du ikusgai. Erakusketak estreinakoz aurkezten du “Night Before Easter – Pazko Bezperako Gaua" liburuaren euskarazko edizioa eta erakusketa 2022ko urtarrilera arte egongo da ikusgai.

Hemingway & Euskal Herria erakusketaren aurkezpena

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak Hemingway & Euskal Herria erakusketa aurkeztu du gaur goizean Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, Ernest Hemingway idazle eta kazetari estatubatuarraren aparteko atzera begirakoa.

Ernest Hemingway nobel saridunak ia 40 urtetan zehar Euskal Herriko kultura eta jendearekin izan zuen lotura erakusten duten objektuak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, idatziak eta bitxikeriak biltzen dituen erakusketa izango da ikusgai 2022ko urtarrilera arte. Edorta Jiménez da erakusketako komisarioa eta lehenengoz aurkezten du "Night Before Easter - Pazko Bezperako Gaua" liburuaren euskarazko argitalpena.

Erakusketa Martha Gellhorn kazetari, gerra-erreportari eta idazleak idatzitako Hemingway & Euskal Herria kontakizunarekin osatzen da. Martha Gellhorn, aldi berean, idazle amerikarraren lagun sentimentala ere izan zen eta berak batez ere Habanan bizi iziren euskal pilotariekin ordu txikiak arte egindako festa bat kontatzen du. Aldi berean, Erramun Mendibelanda euskal margolari, grabatzaile eta ilustratzailea arduratu da liburuaren diseinuaz eta maketazioaz, eta historiari bizia ematen dioten ilustrazioen egilea ere bada.

Hemingway & Euskal Herria

1920ko hamarkadan Euskal Herrira egin zituen lehen bisitetatik, 1961ean Idahon hil zen arte, Kuban egin zuen egonaldi luzetik igaroz, Ernest Hemingway idazleak lagun asko egin eta izan zituen Euskal Herrian jaiotakoak, batzuetan oso estuak. Era berean, kontaktu batek euskal kultura eta gastronomiari buruzko ezagutza handia eskuratzea ahalbidetu zion, euskararekiko ere interesa agertuz.

Hemingway & Euskal Herria erakusketak erakusten dituen pieza eta objektuen artean, Jose Maria Ucelayren Conversation Piece, Just Leisure olio-pintura dago, non Hemingway bere lagun minarekin, Juan Duñabeitarekin (Sinsky, idazlearentzat) dagoen, eta Pilar izeneko yatearen maketa bat, Ernest Hemingwayk "II. Mundu Gerran La Habanako bere lagun pilotariekin batera urpekari alemaniarrak ehizatzeko erabiltzen zuen ontzia"

Horrez gain, Helados Pereira-ren gurditxoa ere ikusgai dago; Hemingwayk 1959an Bermeora egindako bisita batean izozki bat hartu eta argazki bat atera zuen horren ondoan.

Bere eleberrien eta idazlearen bizitzari eta lanari buruzko argitalpenen, ikus-entzunezkoen, argazkien eta eguneroko beste objektu batzuen (idazmakinak, etab.) aleek osatzen dute erakusketan ikusi ahal izango diren objektuen zerrenda.

Jarduerak eta bisitak

Euskal Herria Museoak bisita gidatuak eta hainbat jarduera eskainiko ditu apiriletik aurrera, idazlearen irudiarekin eta bere lanarekin lotuta (zine forum, ipuin kontaketa, irakurketa komentatuak, ibilbideak, hitzaldiak).

Gainera, maiatzean, Literatura eta Ondarea ekimenaren baitan, erakusketako komisarioa den Edorta Jimenezek "Night Before Easter" kontakizunari buruzko hitzaldia emango du. Hilabete horretan bertan, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, ekitaldi berezi bat egingo da Helados Pereiraren eskutik.

Jarduera guztiak modu seguruan egingo dira, osasun-agintariek emandako neurriak eta gomendioak betez. Hori dela eta, museoek eta foru aretoek edukiera-muga bat ezarriko dute, eta nahitaezkoa izango da aldez aurretik jarduera guztiak erreserbatzea.


Argazkiak


Bideoak


Audioak