2021(e)ko martxoaren 30(a) 10:13

Bizkaiko lehen bizipista, Zornotza eta Iurreta artean, zerbitzuan egongo da 2023. urtean

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Foru Aldundiak 12,7 milioi eurotan eta 15 hilabeteko epearekin lizitatu du bizikletaz edo oinez mugitzeko azpiegitura honen eraikuntza. Zornotza eta Iurreta auzoekin eta lantokiekin lotuko ditu bizipistak, eguneroko joan-etorriak segurtasunez eta erosotasunez egin ahal izateko. Unai Rementeriak azpimarratu du ahalmen handiko bidegorri hori Bredako Unibertsitateko adituekin batera egindako lanaren emaitza dela, eta Tourrak babestuko duela iragarri du.

Bizi pista Amorebieta Etxano -Iurreta

Bizkaiko Foru Aldundiak Zornotza eta Iurreta arteko bizipista eraikitzeko proiektua onartu du gaur, 12,7 milioi euroko (12.669.242 €) oinarrizko aurrekontuarekin eta hamabost hilabeteko epearekin. Unai Rementeria ahaldun nagusiak adierazi duenez, lanak udazkenean hasiko dira, eta, horrenbestez, bizipista -ahalmen handiko bidegorria da bizipista hori- 2023ko lehen hilabeteetan jarriko da abian. Horrela, Aldundiak aurrera egiten jarraitzen du mugikortasun sistemen trantsizioaren arloan eta bizikleta bidezko mugikortasunaren aldeko apustuan.

Rementeriak azpimarratu duenez, bizipista hori mugikortasunaren arloan gauzak egiteko modu berri baten emaitza da; izan ere, Aldundiaren, udalen eta Bredako Unibertsitateko bizikleta-mugikortasunean adituak diren taldeen arteko lanaren emaitza da. Era berean, Zornotza eta Iurreta arteko bizipistak Frantziako Tourraren zigilua eramango duela aurreratu du, Christian Prudhomme zuzendariak Bizkaian bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzen duela azalduz.

Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, bere aldetik, azpiegitura hau Aldundiak duen helburuan aurrera egiteko funtsezko tresnatzat jo du, hau da, egunero Bizkaian ibilgailu pribatuan egiten diren zortzi kilometro baino gutxiagoko 685.000 desplazamenduen % 20 bizikletaz egitea.

Trazadura eta elikagailuak

Bizipistaren ibilbidea, 7,5 kilometroan zehar, AP-8 autobidearekin lotuta dago; horrek erraztu egiten du bizipista eraikitzea eta inguruko egoitza-zentroak eta jarduera ekonomikoko zentroak lotzea. Horixe da, hain zuzen ere, mugikortasun-azpiegitura gisa sortu den bizipista honen elementurik aipagarrienetako bat: bi muturretan, Zornotzako eta Iurretako hiriguneetara iristen diren bidegorri-sareekin lotzen da; gainera, ibilbidean zehar, Tolsan, Zubieta, Arriandi eta Mallabiena industrialdeetara, Dudeako San Migel, Erkoles, Euba, Berna eta Arriandi auzoetara eta, azkenik, ikastetxe batera, Lauaxeta Ikastolara, joateko aukera ematen du.

Iurretan, bidegorrien sarearekin lotzeko, bi elikagailu eraikiko dira, Akiñenan eta Arandian, eta bizikletentzako errei bat jarriko da lehendik dauden bideetan. Halaber, Akiñenan plataforma bat eraikiko da oinezkoek N-634 errepidea segurtasunez gurutzatu ahal izateko. Pasabide honek ia 7 metrotan zeharkatuko du bidea, eta 17 metroko luzera izango du. Bi muturretan, pasabide horretara eskaileretatik eta igogailuz iritsi ahal izango da da.

Zabalagoa eta AP-8aren inpaktu bisualetik eta akustikotik babestuta

Erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna indartze aldera, Zornotza eta Iurreta arteko bizipistak 6,65 metroko zabalerako solairu erabilgarria edukiko du, 3,8 metro bizikletentzat eta 1,85 metro oinezkoentzat. Zabalera hori, Bizkaiko bizikleta-bideen sarekorik handiena izanik, ibilbide osoan zehar mantentzen da, baita zubietan eta pasabideetan ere, segurtasun handiagoa izateko.

Txirrindulariak eta oinezkoak autobidearen inpaktu bisual eta akustikotik isolatze aldera, autobideak gutxienez bi metroko altuera izango duen pantaila bat izango du, bizipistaren sestra AP-8koaren aldean bi metro baino gehiago beheratuta ez dagoen tokietan. Horretarako 2.300 metro lineal gabioi-pantailaz eta beste 300 metro landare-pantailaz hornituko dira.

Hiru pasabide eta azpiko pasabide bat errepideak ez gurutzatzeko

Bizipistaren funtsezko beste elementu bat da bere trazadura erabat bananduta dagoela eta ez dituela zeharkatzen motordun ibilgailuek ibiltzen diren bideak. Horretarako, errepideekiko bidegurutzeetan, azpiko pasabide bat eta hiru pasabide goratu egingo dira. Pasabide goratu horietako bi zurezko eta altzairuzko pasabideak izango dira; lehenak 61,5 metro izango ditu eta bigarrenak 93,5 metro, eta biek 6,5 metroko zabalera. Hirugarren pasabide goraturako, Aldundiak ekozubia berrerabiliko du; egitura metalikoa duen zubi bat da, Metropoliaren hegoaldeko saihesbideari dagozkion obretan Peñaskal harrobia berreskuratzeko erabiltzen ari den materiala garraiatzeko eraikia. Zubia gaur egun Peñaskalen dagoen tokitik desmuntatuko da eta Iurretan funtzio berrira egokituko da, non 34 metroko distantziako gunea erraz zeharkatzeko aukera emango baitu.

Argiztapena

Bizipista argiztatze aldera, eguzki-plakaz hornitutako 245 eguzki-led argi erabiliko dira; plaka horien bidez, egunez bateria kargatu egiten da, eta iluntzean pizten dira argiok. 27,5 metrorik behin jarriko diren argi horiek intentsitate txikiko argia igortzeko programaturik egongo dira, bizipista erabiltzen inor ere ari ez denean, eta argitasuna handituko dute txirrindulari baten edo oinezko baten mugimendua detektatzen dutenean.

Aforo-neurgailuak

Ibilbidean zehar, bizipistak aforoa neurtzeko hiru estazio izango ditu, azpiegitura horren erabileraren jarraipena egin ahal izateko. Era berean, 2+720 kilometro-puntuan aisialdirako eta atsedenerako gune bat sortuko da. Eremu hori trazaduraren goiko gune batean egongo da, Durangaldeko mendien ikuspegiaz gozatu ahal izan dezagun.


Argazkiak


Bideoak


Audioak