2021(e)ko martxoaren 25(a) 16:00

Gaztelugatxerako sarbideak itxita jarraituko du, luizi berriak prebenitzeko lanak osatzeko

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Urtarrilaren 7an gertatu zen lur-jausiaren ondoren Foru Aldundiak azterlan geologiko bat eskatu zuen eta horren emaitzak kontuan hartuta erabaki zen eragina edo kaltea hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa zela. Horregatik azterketa osagarriak egiteko eskatu da, espazio hori jendeari segurtasun-bermeekin irekitzeko egin beharreko jarduketak planteatzeko.

Gaztelugatxeko San Joaneko sarbidea itxita egongo da eremu horretan luizi berriak saihesteko lan osagarriak egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki hau hartu du babestutako enklabe hau bisitatzen duten pertsonen segurtasunerako arriskuak prebenitzeko helburuarekin, joan den urtarrilaren 7an gertatu zen lur-jausia baloratzeko egindako hasierako analisiaren arabera lurraren ezegonkortasuna handiagoa delako hasieran kalkulatutakoa baino. Horrela, Foru Aldundiak kartelak jarriko ditu itxieraz ohartarazteko, bisitak egiteko txartelak ematen dituen plataforma digitala itxi du, eta sartzeko debeku hori errespetatzeko deia egin du, bereziki Aste Santuko jaiegunei begira.

Lurjausia gertatu zenetik Bizkaiko Foru Aldundia lanean aritu da eragina aztertzeko, arazoa diagnostikatzeko eta jarduketa-aukerak planteatzeko, gune hori bermeekin berriro ireki ahal izateko. Azterketa horren barruan lehen balorazioa egin ondoren, azterketa-eremua zabaltzea erabaki zen, Urizarretatik jaisten den oinezkoentzako bidearen eremua eta Urizarreta eta Lurgorri aisialdi-gunearen arteko bidea barruan sartuta, eremu osoan lur-mugimendu berriak gertatu direla egiaztatu delako.

Lehen azterlan horren arabera beharrezkoa da kontrol topografikoko eta ikerketa geoteknikoko lan osagarriak egitea eremu osoan eraispen-kasu gehiago saihesteko aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak zehaztu ahal izateko eta Gaztelugatxe ahalik eta berme handienarekin ireki ahal izateko. Une honetan lan horiek egiten ari dira eta horien arabera aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak ezarriko dira eta sarbideak berriro irekitzeko epeak jarriko dira.