2021(e)ko martxoaren 25(a) 11:00

Bizkaiko egoitzetako 8.300 nagusi baino gehiagok Athletic Taldearen Kopako bi finalak zurigorriz ospatuko dituzte

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea - Ahaldun Nagusia

Lurraldeko 154 egoitza-zentroek zuri-gorrien koloreak, Bizkaiko logoa eta Bizi Ametsa goiburua biltzen dituzten zapiak jasoko dituzte hurrengo egunetan, adineko pertsonek ilusioz bizi ditzaten bi finalak eta lehoiei Kopako bi titulu berri irabazteko animoa eman diezaieten.

Athleticek eta Aldundiak zapiak banatu dituzte egoitzetan

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Athletic Taldeak lurraldeko 154 egoitza-zentroetako batean bizi diren adinekoek Athletic Taldeak apirilaren 3an eta 17an jokatuko dituen Kopako bi finalak zuri-gorri gisa sentitzea eta ospatzea nahi dute. Horretarako, Bizkaiko egoitzek Bizkaiko logoa eta Bizi Ametsa leloa dituzten kolore zuri-gorriko 8.300 zapi baino gehiago jasoko dituzte ostiraletik aurrera, adineko pertsonek bi finalak ilusioz bizi ditzaten.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Aitor Elizegi Athletic Taldeko presidenteak eta Jose Angel Iribar taldeko presidentetzaren ondokoa eta benetako mito bizia denak hasiera eman diote milaka zapi zuri-gorriak bidaltzeari, Basauriko Bizkotxalde egoitzan bertako erabiltzaileei lehen zapiak emanez. Emilia Lopez eta Agripino Salazar izan dira Bizkaiko egoitzetan bizi diren pertsona guztien izenean, lehen zapiak jaso dituzten egoitza horretako bi egoiliarrak.

Unai Rementeriak aitortu egin du pandemiak iraun bitartean egoitzetako egoiliarrek une latzak igaro dituztela eta orain egoiliarrek txertoa jaso ondoren itxaropen-unea bizi dutela, baina, azpimarratu duenez, erne egoten jarraitu behar da: Erne egoten jarraitu behar duzue eta guk ere erne egoten jarraitu behar dugu. Ezin gara lasaitu, birusak kalean jarraitzen du eta. Birusak ezin digu inolako golik sartu. Futbolean bezala, partida geratzen da. Zentzu horretan, Ahaldun Nagusia eta Athletic Taldeko presidentea bat etorri dira zuen osasuna eta ongizatea dira finalik garrantzitsuena azpimarratzen.

Unai Rementeriak, Aitor Elizegik eta Jose Angel Iribarrek adierazi dutenez, Athletic Taldea da ilusioa sortzen duen eta gogoa goraino altxarazten duen txertoa. Horregatik, Aldundiak eta Athleticek elkarrekin egiten duten opari txiki honen bidez, nagusiek euren egoitzetatik lehoiei animoa helarazi ahal izango dietela uste dute, kopako hogeita bosgarren titulua irabazteko ametsa partekatuz. Era berean, Athleticek 123 urteko historian lortutako hogeita lau tituluetako bat ospatzeko hainbat aldiz kantatu izan duten aliroia berriro ere abestu dezaten opa nahi izan diete.


Argazkiak


Bideoak


Audioak