2021(e)ko martxoaren 03(a) 10:30

Egin Kirola ekimenak haurren eskura jarriko du kirola, modu erraz, dibertigarri, entretenigarri eta askotarikoan

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak kirol-jarduera sustatzeko abian jarri duen ekimen honen barruan, astero hainbat kirol-modalitatetako sei online saio eskainiko dira, adin-tarte desberdinetarako, esteka honetan: www.bizkaia.eus/eginkirola. Guztira, kirol arloko profesionalek emandako ehun bat saio eskainiko dira. Haur guztiei kirol-modalitate desberdinak ezagutzeko eta praktikatzeko aukera ematea helburu duen proiektua da.

Egin Kirola Aurkezpena

Bizkaiko Foru Aldundiak 'Egin Kirola' online plataforma jarriko du abian gaur, 3 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendutako ehun bat kirol saio eskaintzeko.

Saioak apurka-apurka argitaratuko dira, eta astero sei bideo berrirekin gozatu ahal izango dute haurrek, esteka honetan: www.bizkaia.eus/eginkirola

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak aurkeztu du proiektua, eta adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiak badakiela zein den haurren kirol-jardueraren arloan bizi den egoera; horregatik, gazteei kirola erraztu eta hurbildu nahi diela, jarduera fisikoa hainbat lekutatik egin ahal izan dezaten. Aldundiak hainbat kirol-modalitate ezagutu eta praktikatzeko aukera eman nahi die, eta Egin Kirola plataformaren bidez egingo du. Bilbaok gaineratu duenez, egungo egoera nolakoa den ikusita, kirol-jarduera haur guztiei hurbildu nahi zaie, bai Eskola Kirolean parte hartzen dutenei bai oraindik ere horretara animatu ez direnei. Diputatuaren hitzetan, kirola edozein unetan modu erraz, dibertigarri, entretenigarri eta askotarikoan egiteko aukera eman nahi zaie haurrei, kirol arloko profesionalek emandako saioen bidez.

Foru Erakundeak zenbait bideo eskaintzen ditu, hainbat kirol modalitatetako eta hiru adin tartetarako entrenamendu saioekin: 3 eta 6 urte bitartekoak, 7 eta 10 urte bitartekoak eta 11 eta 13 urte bitartekoak. Astero bi saio argitaratuko dira adin-tarte bakoitzerako, eta, horrela, plataformak aukera emango du familian kirola modu dibertigarri eta osasungarrian egiteko.

Haurrek askotariko jarduera fisikoko saioak egin ahal izango dituzte: dantza, parkourra, pilates, yoga, herri kirolak, konba... eta askotariko jolasak, haurren interesa pizteko eta kirola egitera animatzeko.

Saio guztiak kirol arloko profesionalek emango dituzte, eta modu dibertigarrian, dinamikoan eta horietako bakoitzaren xede den adinerako modu egokian egingo dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak eskainiko dituen bideoez gain, webgune bereko atal batean, Bizkaiko kirol-federazioek saioak eta entrenamendu-baliabideak eskaini ahal izango dituzte, haurrek diziplina ezberdinak edozein unetan eta tokitan eskura izan ditzaten.


Argazkiak


Bideoak