2021(e)ko otsailaren 28(a) 10:00

Bizkaiak bisitak eta irteerak arautzen ditu txertaketaren ondoren pixkanaka egoitzetan normaltasunari berrekiteko

Gizarte Ekintzako Saila

Egoiliarrek bisita berean bi senide hartu ahal izango dituzte, astean 3 aldiz gutxienez eta gehienez ordubetez. Bisita horien ordez ibilaldiak egin ahal izango dira, betiere baldintza epidemiologikoek eta meteorologikoek ahalbidetzen badute. Egoitzetan bizi direnak gutxienez astean bitan irten ahal izango dira ibilaldi terapeutikoetara eta, haiekin batera, gehienez ere bi pertsona, senideak edo gertukoak eta, kasu guztietan, espazio itxiak edo jendetsuak saihestu beharko dituzte. Foru Agindu berria astelehen honetan, martxoaren 1ean, jarriko da indarrean eta zentroetan aplikatuko da baldin eta 7 egun igaro badira egoiliarrei bigarren txertaketa-dosia eman zitzaienetik. Foru Agindu honekin batera beste bat aurkeztu da, birusa egun indarrean dagoen zentroetan sartzea prebenitzeko eta geldiarazteko neurriei eusteko beharra berresten duena.

Bizkaiko Foru Aldundiak Foru Agindu bat jaulki du mendetasun-egoeran dauden adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentroetako irteerak eta bisitak arautzeko.

Foru erakundeak bisitak jasotzeko eta egoitzetatik kanpo irteerak egiteko aukera aztertzen du, horiek egoiliarren osasun fisiko eta emozionalaren funtsezko elementuak direlako. Aldundiak gogorarazi du, gainera, neurri biek ere egoiliarrek berdintasunezko tratua jasotzeko eta diskriminaziorik ez jasateko duten eskubidea dutela oinarri. Ildo horretatik, Aldundiak adierazi du bisitak eta irteerak antolatzeko orduan onura fisiko eta emozionala maximizatu behar dela eta, aldi berean, Covid19ari buruzko prebentzio-jarraibideak aplikatu behar direla.

Alde batera utzi gabe ingurune komunitarioko pandemiak bere horretan dirauela eta egungo egoeraren ezaugarri nagusia 100.000 biztanleko 300 kasu baino gutxiagoko intzidentzia-tasa metatua dagoela Euskal Autonomia Erkidegoan, beheranzko joeran. Beste alde batetik, egoitza-zentroetan erabilitako txertoari buruz argitaratutako azterlanek %94,6ko eraginkortasuna ziurtatzen dute eta, horren ondorioz, bereziki espero da gaixotasunen bat izanez gero pertsonek koadro arinak garatzea, osasunean eragin txikia izanik. Egoera hori dela eta, zentroetan kasuak gutxitu direnez eta gaixotasunaren larritasuna txikiagoa denez, Bizkaiko Foru Aldundiak beharrezkotzat jotzen du bisitei eta ibilaldiei dagokienez indarrean dauden neurriak pixkanaka malgutzen hastea. Nolanahi ere, lehendik ezarritako neurriei eutsiz (kontingentzia-plana, sektorizazioa, NBE, bizikidetza-unitateak,…) eta osasun-berme eta kontrol-neurri guztiak betez jardungo da.

Foru Agindu berria martxoaren 1ean, astelehenean, jarriko da indarrean, eta zentroetan aplikatuko da, baldin eta 7 egun igaro badira egoiliarrei bigarren txertaketa-dosia eman zitzaienetik. Era berean, beste foru agindu batekin batera aurkeztuko da eta bertan berretsi egingo da Covida19aren sarrera prebenitzeko eta geldiarazteko neurriei eutsi behar zaiela, eta zentroekiko koordinazioa berrikusiko da.

Bisitak egoitza-zentroetan

Lurraldeko egoitza-zentroetan senideen eta/edo hurbilekoen bisitak egiten jarraituko dira, egoiliar bakoitzeko bi pertsonari zabalduta. Horiek gutxienez astean hiru aldiz egin ahal izango dira, gehienez ordubetez, eta prebentzio-neurriak zorroztuz. Bisita horien ordez irteerak egin daitezke, baldintza epidemiologikoek eta meteorologikoek horretarako aukera ematen badute.

Zentroko bisitak egoiliarraren bizigarritasun-eremutik eta logelatik kanpo egin beharko dira, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Aurrez aurreko bisita horiek beste sistema alternatibo eta telematiko batzuekin osatu beharko dira, bideo-deiak edo bideokonferentziak kasu.

Nolanahi ere, zentroak bisiten eta/edo irteeren maiztasun eta dibertsitate handiagoak baimenduko ditu, egoiliarraren inguruabar pertsonalen, loturaren eta osasun-alertako egoera deklaratu aurreko dinamikaren arabera. Neurri orokor horiek ez dira aplikatuko bizitzaren amaierako egoeretan; izan ere, prozesu terminalean eta amaieran egoiliarrari agur esateko aukera eman beharko zaie familiei.

Irteerak zentroetako kanpoaldeetara

Egoiliarren irteerek ibilaldi terapeutikoak izaten jarraituko dute lehentasunez eta kasu guztietan saihestu egingo dira espazio itxiak edo jendetsuak. Gehienez ere bi pertsonaren laguntzarekin egingo dira, ahaideak edo gertukoak eta, gutxienez, astean bitan irten ahal izango dira egoiliar bakoitzeko.

Birusa zentroetan sartzea prebenitzeko eta geldiarazteko neurriak

Bizkaiko Lurralde Historikoko adineko pertsonentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroek Covid19a prebenitzeko eta gaixotasun horri eusteko planetan indarrean dauden antolaketa-, prebentzio- eta higiene-neurriak hartzen jarraitu beharko dute; beraz, hartara, jarduera guztietan kutsatze-arriskuak prebenituko dira eta, kutsatuz gero, kutsatze horren irismena mugatu ahal izateko baldintzetan garatuko dira.

Bisitetan zein irteeretan higienea, ezarritako babesen erabilera, norbera babestea, beharrezkoa bada, eta distantzia-jarraibideak zorroztu beharko dira. Neurri horiek zentroko langileek gainbegiratu beharko dituzte. Era berean, bisitariaren edo bisitarien tenperatura hartuko da eta Covid19arekin lotutako sintomarik duen galdetuko zaio eta, kasu horretan, bisita eten egingo da.

Era berean, egoiliarrak maskara etengabe erabiltzea onartzeko duen zailtasunak ez du eragotzi behar bisitak jasotzea. Distantzia fisikoa ahal den neurrian mantentzeko moduan planifikatu beharko da bisita, ahal dela aire zabalean eta hirugarrenekin kontakturik izan gabe.

Egoitza-zentro bakoitzak dokumentu bat egingo du irteeretarako eta bisitetarako protokolo zehatzarekin, zentroaren egitura eta ezaugarri zehatzetara egokituta eta bisitarien, egoiliarren eta profesionalen artean birusaren transmisioa saihesteko beharrezkoak diren antolaketa-, prebentzio- eta higiene-neurriak jasoko ditu, unean-unean indarrean dauden protokoloak egokituta. Agiri hori zentroko diziplina anitzeko taldeak eta arretarako erreferente gorenak onartu beharko dute, eta Gizarte Ekintza Saileko Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzuaren eskura egon beharko du.

Azkenik, neurriak ezartzen dituen Foru Agindu berriak bizikidetza-unitateei eusteko beharra ere jasotzen du, infekziorik izanez gero birusaren hedapenari eusteko neurri gisa; hala ere, talde-jarduerak sustatuko dira unitate horien barruan, eta arreta berezia jarriko da egoiliarren gaitasun funtzionalak aktibatzera bideratutako jardueretan.

Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako neurriak lurraldeko gizarte-zerbitzuetako zentro guztiei aplikatuko zaizkie, baina modulatu ahal izango dira, aldi baterako edo partzialki eten arte, zentroaren eta/edo horietako bakoitza dagoen erkidegoaren edo udalerriaren egoera epidemiologikoaren arabera.