2021(e)ko otsailaren 26(a) 14:19

Aldundiak 27 animalia konfiskatu dizkio Basaurin azienda edukitzeko behin eta berriz zigortu eta desgaitu duten pertsona bati

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Ostegunean, Udaltzaingoarekin koordinatutako operazio batean konfiskatu zituzten, astelehenean talde animalista baten eta, horren ostean, polizia horren beraren salaketa jaso ondoren. Konfiskatutako abelburuak egoera txarrean zeuden baja emandako ustiategi batean, jabeak behin eta berriro irregulartasunak egin ostean. Haien ondorioz, pertsona horrek gutxienez 60.000 euroko zigorra jaso dezake. Foru Aldundiko albaitaritza zerbitzuak animalia bakoitza zer egoeratan dagoen aztertzen ari dira, zehapen espedientean jasoko den txosten bat egiteko. Txosten horren emaitzek zehaztuko dute zer beste zigor ezarri behar diren konfiskatutako aziendaren egoerari lotuta.

Bizkaiko Foru Aldundiak egoera txarrean zeuden 27 abelburu konfiskatu ditu Basaurin, animaliak edukitzeari lotutako araudia urratzeagatik behin eta berriz zigortu duten pertsona baten finka batean; arrazoi hori dela eta, animaliak edukitzeko desgaituta zegoen. Haren abeltzaintzako ustiategia, gainera, baja emanda dago arrazoi horiengatik.

Azienda (10 asto, 10 moxal, 2 idi, zaldi bat, bi pottoka eta bi behor) atzo goizean erretiratu zuten, Basauriko talde animalista batek telefonoz salaketa egin ondoren, eta udalerri horretako Udaltzaingoa Foru Aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuarekin harremanetan jarri eta gero. Udaltzaingoaren koordinatuta eraman zituzten animalia horiek.

Une honetan, Bizkaiko Foru Aldundiko albaitari taldea animalia bakoitza zer egoeratan dagoen aztertzen ari da, txosten bat egiteko. Txosten hori, ondoren, zehapen espedientean jasoko da, eta haren emaitzek zehaztuko dute zer zehapen ezarriko zaizkion abelburu horiek konfiskatu zaizkion pertsonari. Nolanahi ere, pertsona hori desgaituta zegoenez eta baja emanda, desgaitze hori ez betetzeagatik eta ustiategi batean administrazioaren baimenik gabe (falta oso astuntzat jotzen da) jarduteagatik soilik, gutxienez 60.000 euroko zigorra jaso dezake.

Abeltzaintza Zerbitzuak adopzio hartzaileak bilatzeko prozesu bat ere abiaraziko du, animaliak zaintzeko lagapen bat egiteko, zehapen espedientean ebazten denaren zain.

Animaliak zeuden finkaren jabea hainbat aldiz zigortu eta espedientatu dute. 2016tik 2020ra bitartean, Abeltzaintza Zerbitzuak 75 animalia kendu dizkio guztira, eta 2009an bost urtez desgaitu zuten abeltzaintza jardueran aritzeko.