2021(e)ko otsailaren 17(a) 13:30

Bultzada berria Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasun Sustatzeko Sailak aniztasunaren aldeko apustuari

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritza berria sortu da, hausnarketa estrategikoa egin da eta Dibertsitate eta Inklusiorako I. Plana abiarazi da. Bizkaiak duen errealitate berriak ikuspegi politiko berriak eskatzen ditu, dibertsitate edo aniztasuna aberastasun gisa kudeatu eta integratzeko.

Teresa Laespada.

Laespadak: “Bizkaia anitza nahi dugu”

Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Saila beste bultzada bat ematen ari zaio aniztasunaren aldeko apustuari. Horretarako, Dibertsitate eta Inklusiorako I. Plana jarri du abian, legegintzaldi honen hasieran sortutako Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritza berriak beste eragile eta erakunde batzuekin elkarlanean garatutako hausnarketa estrategiko baten ondorioz.

Teresa Laespada sail horretako diputatuak gaur aurkeztu ditu, prentsaurreko batean, aniztasunaren alorrean berritutako politika horiek, eta adierazi du Bizkaiko errealitate berriak ikuspegi politiko berriak eskatzen dituela, aniztasun hori aberastasun gisa kudeatu eta integratu ahal izateko. Bizkaia anitza nahi dugu, gaineratu du, plan horrek duen leloari erreferentzia eginez.

Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritza berriak (lehen berdintasunaren arloarekin foru zuzendaritza partekatzen zuen) 1,25 milioi euroko inbertsioa kudeatzen du 2021. urte honetan aniztasuna sustatzeko politika eta programetan, eta inbertsio horrek hiru milioi eurotik gorakoa izango da legealdiaren amaieran.

Laespadak esan duenez, ikusi nahi ez dutenak egon arren, Bizkaia geroz eta lurralde anitzagoa da, mestizoagoa, kolore, jende, jatorri eta identitate nahasketa gehiagorekin. Errealitate berria, Bizkaia berria... hemen dago. Errealitate berria gara, berretsi du.

DIBERTSITATE ETA INKLUSIORAKO I. PLANA

Dibertsitate eta Inklusiorako I. Planari dagokionez, azaldu du hiru fokotan zentratuta garatu dela partaidetza: Enplegu, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila bera, gizarte-erakundeak eta aditu-talde baten iritzia. Aldi berean, Agenda 2030en eta Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH: 5, 8, 10 eta 15) aldeko apustuarekin bat datorren plana bat da.

Dokumentu honek Laespadak zuzentzen duen Sailaren gainerako arloekiko zeharkakotasuna eskatzen du, eta horrek bermatu egiten du Aldundiaren gai eta politiketan ezartzea, hala nola enpleguan eta ekintzailetzan, gizarteratzean, berdintasunean edo lankidetzan.

Bazterkeriaren aurkako borrokari dagokionez, sentsibilizazio-kanpainetan sakontzea eta jardunaldietan parte hartzea ezartzen da, edo zurrumurruen aurkako sarea bezalako ekimenak batzea. Bestalde, aniztasunaren arloko erakundeekin elkarrizketa mahai bat sortzea eta dirulaguntzen deialdien finantzaketa indartzea aurreikusten du.


Argazkiak


Bideoak


Audioak