2021(e)ko otsailaren 19(a) 12:30

South Summit Bilbora iristen da Bizkaiko ekosistema ekintzailearen negozio-aukerak erakusteko

Ekonomia Sustatzeko Saila

South Summit Biscay Startup Bay – Meetup saioa otsailaren 24an eta 25ean izango da; startup bidez irekitako berrikuntzaren alde egiten duten inbertitzaileek, tokiko korporazioek eta korporazio globalek parte hartuko dute, baita ekosistema ekintzailearen eragile nagusiek ere.

South Summit Biscay Startup Bay

Bizkaiko ekosistema ekintzaileak eskaintzen dituen talentua eta aukerak munduari erakustea eta eskualdearen eta munduaren artean zubiak ezartzea da South Summit Biscay Startup Bay - Meetup ekimenaren helburu nagusia; topaketa omnikanala izango da eta South Summit eta Bizkaiko Foru Aldundiak (Biscay Startup Bay) sortzen du, eta otsailaren 24an eta 25ean ospatuko da.

Ekintzailetzaren eta berrikuntzaren ekosistema globalaren funtsezko eragileen arteko 365 konexio-plataforma Bilbora iritsiko da, estatuko eta nazioarteko eragile nagusien eta euskal ekosistema ekintzailearen arteko elkargunea eta konexioa sortzeko. Bereziki helburuetako bat Latinoamerikarekiko zubiak indartzea izango da eta, horregatik, Bimbo, FEMSA eta Proeza bezalako lehen mailako korporazioek parte hartzea aurreikusi da.

South Summit Biscay Startup Bay - Meetup ekimenean ekosistema ekintzaileko funtsezko aktoreek hartuko dute parte, hala nola, korporazioek, startupek eta lehen mailako inbertitzaileek, eta topaketan euren esperientzia eta ikaskuntzak partekatuko dituzte eta Biscay Startup Bayren proposamenaren indarguneak ezagutaraziko dituzte.

Topaketa bi jardunalditan banatuta antolatu da, eta bakoitzean Bizkaiko ekosisteman funtsezkoak diren sektore profesionalen erronkak, aukerak eta jarduketak azalduko dira. Hain zuzen ere, Energy & Sustainability; eta Automotive & Industry 4.0 izango dira protagonistak asteazkenean, hilaren 24an; ordea, otsailaren 25eko saioak Digital Technologies eta Gastronomy & Wellbeing industriak izango ditu ardatz. Topaketan parte hartuko duten speaker baieztatuen artean Miguel Calatayud dago, Qualitas Health enpresako CEOa dena eta elikadura iraunkorraren etorkizunaz hitz egingo duena, eta Andres de León, Hyperloop Transportation Technologies enpresako CEOa. Gainera, South Pole, Letme Park, Xperiencia Virtual, Next Smart Car, Movizzon, Toq.io eta Nucaps Nanotechnology bezalako proiektuak aurkeztuko dituzte.

Bizi dugun aurrekaririk gabeko erronkaren aurrean, gaur inoiz baino gehiago sinetsita gaude elkarrekin eta berrikuntza banderatzat hartuta baino ez ditugula egungo egoera desafiatzaileak konponduko. Horregatik, eta ilusio guztiarekin, South Summit Biscay Startup Bay - Meetup ospatu nahi dugu, konexioak suspertzeko eta Bizkaiak ekosistema berritzaileari eskaintzen dizkion korporazio eta startupentzako negozio aukerak eta onurak erakusteko, esan du Maria Benjumeak, South Summit-Spain Startupeko sortzaile eta CEOk.

South Summit Biscay Startup Bay Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategiara txertatu da, lurraldeko berrikuntza eta ekintzailetza hub-a indartzen jarraitzeko. Nazioarteko aliatu berri bat daukagu; mundu-mailako erreferente bat da ekintzailetza eta berrikuntzaren esparruan, eta gure lurraldea ekiteko eta inbertitzeko toki erakargarri gisa kokatzen laguntzen digu, azpimarratu du Ainara Basurko Ekonomia Susatzeko diputatuak.

South Summit Biscay Startup Bay - Meetup Estatu osoan zehar banatutako berrikuntza-hub txikien ekosistema ekintzailea bultzatzeko lehen jarduketa da.

Topaketa hau South Summitek iaz antolatutako Virtual South Summiten harrera onaren ondoren dator, ekosistema ekintzailea konektatuta mantentzeko eta pandemiaren une zailetan dituen beharrizan nagusiei erantzuteko. Eta, urrian ospatu zen South Summit Madrid 2020ren arrakastaren ondoren egiten da; orduan munduko leku guztietako 52.000 ikusle baino gehiago bildu ziren eta 365 plataforman 30.000 erabiltzaile aktibo baino gehiago izan ziren, 7.000 ekintzaile baino gehiago, ia 9.000 corporate eta 2.000 inbertitzaile baino gehiago, kanal anitzeko formatu batean bilduta, eta oso argi islatu zen South Summiten berrasmatze- eta egokitze-gaitasuna.

South Summiti dagokionez

South Summit, gaur egun balio handiko berrikuntza eta konexioen plataforma global gisa ezagutzen da, munduko ekosistema globalaren funtsezko eragileen, startup-en, korporazioen eta inbertitzaileen artean, negozioa erreala sortzeko. Spain Startup-ek 2014an sortutako ekimena da eta Madrilen du oinarria, eta konexio-sarea mundu osora zabaltzen du. Aurreko South Summit 2020 edizio digitalean 52.000 ikusle baino gehiago bildu ziren, %44 nazioartekoak, eta 30.000 erabiltzaile aktibo baino gehiago plataforma digitalean, eta 12.100 kontaktu baino gehiago egin zituzten plataforma horren bidez. Aurreko edizioetako finalistek 4.300 milioi dolar baino gehiago lortu dituzte inbertsioetan eta, horrez gain, sektore produktiboetako korporazioekin akordio ugari sinatzea lortu dute.

https://southsummit.co/en/home/

Biscay Startup Bayri dagokionez

Biscay Startup Bay ekitaldiak Bizkaiko Foru Aldundiak berrikuntzaren eta startup ekosistemaren alde egiten duen apustu estrategikoa definitzen du. Erronka hori, berriz, Nazioarteko Ekintzailetza Zentroan sinbolizatzen da eta munduko ekintzailetza hub-ik onenekin lotuta dago, berrikuntza irekiaren logikaren baitan. Berrikuntza- eta ekintzailetza-zentro hau sektore anitzeko multicorporate ikuspegi batetik abiatzen da, eta lurraldeko trakzio-enpresek eta mundu-mailako korporazio liderrek hartzen dute parte bertan. Gainera, bere autonomia fiskalari esker, Bizkaiak hainbat neurri fiskal sustatu ditzake ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzea ahalbidetzen duen zerga-sistema propio bat ezartze aldera; ekonomia-garapenerako trakzio-tresnak baitira horiek.


Argazkiak


Bideoak