2021(e)ko urtarrilaren 29(a) 12:31

Bizkaibusek, 2019. urtearen aldean, % 60,75eko eskariarekin itxi du 2020. urtea, eta mantendu egin du Zerbitzuaren balorazio-maila

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila

Guztira, 17.786.988 bidaia egin dira. 2020an, guztira, 25.730.871 kilometro egin dira, % 8,57 gutxiago. Erabiltzaileek emandako asebetetze-maila 7,7an mantentzen da, 2019koaren antzera.

Gómez Viar

Erabiltzaileen % 62ak dio “oso seguru” edo “nahiko seguru” sentitzen dela Bizkaibusen bidaiatzen

Bizkaibusen eskaria, aurreko urtearekin alderatuz, % 60,75ekoa izan zen 2020an, hau da, 17.786.988 bidaia; 2019an, berriz, 29.280.081 bidaia egin ziren. Horrek esan nahi du % 39,25eko murrizketa egon dela, bizi izandako osasun-krisiaren ondorioz; eta horrek, azken urteotako "goranzko joera" hautsi du.

Hala azaldu du Miguel Ángel Gómez Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Saileko foru diputatuak Bizkaibusen 2020ko funtzionamendu-datuak aurkezteko egindako agerraldi batean: urte zaila izan da garraio publikoarentzat, orokorrean, eta baita Bizkaibusentzat ere, adierazi du.

Ildo horretatik, egindako ahalegina nabarmendu du, zerbitzu-eskaintza igorritako goragoko mailako xedapenetan jasotako irizpideetara egokitzeko. Horren ondorioz, urtean zehar, Bizkaibusen lineen planifikazioaren 13 berrikuspen egin behar izan ditugu, azaldu du.

Eskariaren jaitsieraren aurrean, egindako kilometro-kopurua zein Zerbitzuaren Asebetetze Indizea aurreko urteko maila beretan edo antzekoetan mantentzen dira.

Kilometro-kopurua 2019an 28.143.894 Km izatetik 2020an 25.730.871 Km izatera igaro da, hau da, % 8,57 gutxiago. Datu hori eskariaren jaitsieraren bestelakoa da, eta, Bizkaiko Garraioetako titularraren arabera, Bizkaibusek, pandemia gorabehera, gizarte- eta lurralde-kohesioaren esparruan egiten jarraitu duen ahaleginaren isla da. Martxoan eta apirilean eskariaren jaitsiera, hurrenez hurren, % 51,05ekoa eta % 90,85ekoa izan bazen ere, kilometro-kopurua % 22,29 eta % 45,39 jaitsi zen, hurrenez hurren.

Funtsezko zerbitzuak

 

Helburua zen garraio publikoa bermatzea, segurtasun-baldintza onenekin, justifikaturiko arrazoiengatik horien beharra zutenei, besteak beste, funtsezko zerbitzuetako langileei.

Ildo horretatik, gogorarazi du, alarma-egoera bete-betean, Bizkaibusek zerbitzuaren % 100 mantendu zuela igarobide nagusietan: Lekeitio-Durango, Mungia, Gernika, Bermeo eta Balmaseda, bai eta Zamudioko Teknologia Parketik eta Gurutzeta, Basurtu, Galdakao, San Eloy eta Urdulizko ospitaleetatik igarotzen ziren lineak ere. Halaber, autobusetako edukieren mugak herritarrek garraio publikoa erabiltzeko duten eskubidearekin bateragarri egiteko beharra. Horregatik, behin baino gehiagotan esan dugun bezala, Bizkaibusen eskaintza beti egon da benetako eskariaren gainetik, eta, horrela, pilaketak ekidin ahal izan dira.

Eta erabiltzaileen Asebetetze Indizeari dagokionez, Bizkaibusek urtero egiten duen kalitateari buruzko inkestan adierazten da 2019ko maila berean mantentzen dela, 7,7an. Guztiontzat hain zaila izan den urte batean datu hori maila berean mantentzea, pozik egoteko arrazoi handia da eta urte osoan egindako lana eta ahalegina berresten du, aitortu du diputatuak.

Inkestak erakusten du, era berean, pandemia gorabehera, Bizkaibus, erabiltzaileek oso ondo baloratzen duten zerbitzu bat dela: erabiltzaileen % 86 "pozik" dago zerbitzuarekin. Era berean, argi ikusten da gora egin duela Zerbitzuaren erabilera "intentsiboa" edo "erdi-mailako" erabilera egin duten pertsonen kopuruak: % 51 eta % 33, aurreko urteko % 46 eta % 30arekin alderatuta.

Eta gainera, beren lantokietara joateko erabili dute zerbitzua: % 48, aurreko urteko % 42arekin alderatuta; lana izan da berriro ere zerbitzua erabiltzeko arrazoi nagusia.

Goranzko joera hori antzeman da, era berean, ikasketa-arrazoien ondoriozko erabileran: 2020an % 22koa izan da eta 2019an, berriz, % 18koa izan zen.

COVID19-aren kontrako neurriak

Gómez Viarrek azaldu du inkesta hori Bizkaibusen 2020ko erabiltzaileen artean egin zela, eta ez herritarren artean orokorrean; hortaz, Zerbitzua erabiltzen jarraitu duten herritarren sektore horren iritzia jasotzen du.

Guztira 3.029 elkarrizketa egin dira: 2.792 Bizkaibusen geltokietan edo ibilgailuetan; eta 237 telefonoz, pandemia-egoera dela eta; baina beti bilatu da erabiltzailearen profila. Lagina, era berean, Bizkaibusen linea desberdinen artean banatu da, kontuan hartuta linea bakoitzeko erabiltzaile-kopurua. Landa-lana 2020ko azaroan egin zen.

Eta beste ondorio garrantzitsu bat ere atera daiteke: erabiltzaileei birusari aurre egiteko autobusetan abian jarri diren "neurri" zehatzei buruz galdetzen zaienean, erdiak baino gehiagok (% 62) diote "oso seguru" edo "nahiko seguru" sentitzen direla Bizkaibusen bidaiatzen dutenean. Besteak beste, honako neurri hauek hartu dira: ibilgailuak garbitu eta desinfektatzea, atzeko atetik sartzea edo aurreko eserlekuak baliogabetzea. % 10ak baino ez dio ez dela "batere seguru" sentitzen.

Aldi berean, erabiltzaileen erdiak baino gehiagok (% 56) dio "oso pozik" edo "nahiko pozik" sentitzen direla Covid19ari aurre egiteko eta bidaia seguruagoa bermatzeko harturiko neurriekin; % 14ak, berriz, dio ez dagoela "batere pozik" neurriekin.

Azkenik, Gómez Viarrek nabarmendu du erabiltzaileen % 72ak pandemia baino lehen egiten zuen bezala jarraitu duela erabiltzen Bizkaibusen zerbitzua, eta % 21ak murriztu egin duela. Eta ehuneko horretatik, % 21etik, % 59ak dio lan-arrazoiak, arrazoi pertsonalak edo bestelako arrazoiengatik aldatu duela, edo ez duelako beharrik lehen bezala erabiltzeko.


Argazkiak