2021(e)ko urtarrilaren 14(a) 09:25

120 ekoizpen baino gehiagok Bilbo Bizkaia aukeratu dute 2020an filmatzeko agertoki seguru gisa

Ekonomia Sustatzeko Saila

Iaz, ikus-entzunezko 202 ekoizpeni eman zitzaien arreta. Horietatik 122 grabaketa burutu ziren; hau da, 540 egunetan filmatu zen Bilbo eta Bizkaiko agertokietan COVID-19aren birusaren eragina gorabehera, sektoreak maiatzaren 10etik aurrera ekin zion berriz ere jarduerari, eta, hori horrela, 2020. urtea izan da hirian eta lurraldean filmazio-egun gehien izan dituen urtea

Bilbao Bizkaia Film Commission

Iaz, 2020. urtean, zinematografia eta ikus-entzunezko industria ere COVID-19ak eragindako pandemiaren testuingurura egokitu behar izan da. Arreta jaso zuten 202 ekoizpenetatik, guztira, 122 ekoizpenek hautatu zituzten Bilbo eta Bizkaia grabaketa-lanak gauzatzeko agertoki seguru gisa. Bestalde, Bilbon eta Bizkaian egindako ekoizpen guztien artean, guztira, 540 egunetan egin ziren grabaketa-lanak.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2015. urtean sortu zuten Bilbao Bizkaia Film Commision. Doako zerbitzu publiko bat da, eta grabaketak erakartzea, kudeatzea eta laguntza ematea du xede. Guztira, 1.062 grabaketari eman diete arreta, eta ikus-entzunezko 688 proiektu egikaritu dira.

Bilbao Bizkaia Film Commission-en jarduera-balantzearen balorazioari dagokionez, oso positiboa izan da 2020. urtean, bai hiriak eta lurraldeak salbuespenezko egoera honetan ikus-entzunezko ekoizpenen sektorean lortutako garrantzi eta ospeagatik, bai film luze batzuen kalitate onagatik eta nazioartean izan duten oihartzunagatik: El Hoyo, Una ventana al mar, Akelarre…

COVID-19 birusa gorabehera, ekoizpen-kopuru handi batekin amaitu da 2020ko ekitaldia, eta grabaketa-egun gehien izan dituen urtea izan da.

Pandemiak markatutako urtea

Bilbao Bizkaia Film Commission-ek egindako lanaren bilakaerari zifretan begiratzen badiogu, ikusiko dugu 2018. urtean 201 ekoizpeni eman zitzaiela arreta, 2019. urtean 229ri eta iaz 202ri. Azkenean burutu diren ikus-entzunezko proiektuei dagokionez, 2018. urtean 128 izan ziren, 2019. urtean 152 eta iaz 122. COVID-19ak 2020. urtea bereziki kolpatu duelako lortu dira datu horiek; izan ere, bi hilabete baino gehiagoz eten behar izan zen jarduera, eta, horren ondorioz, 25 ekoizpen bertan behera geratu ziren eta 14 atzeratu behar izan ziren.

Hala eta guztiz ere, ikus-entzunezko edukien eskariak globalki gora egitea eragin du inguruabar horrek, plataforma digitalek arrakasta handia izan baitute, ikus-entzunezko kontsumoak markak hautsi dituen urte honetan, zeinetan ikusle berriek gora egin duten. Testuinguru horretan, zinematografia eta ikus-entzunezko sektorea arin suspertzea aurreikusi da.

Zenbakietan

Bilbao Bizkaia Film Commission-ek, iaz, 2020. urtean, 202 ekoizpeni eman zien arreta, eta horietatik 122 proiektu zehatzak izatera iritsi ziren. Horietatik, 32 publizitate-iragarkiak izan ziren, 23 telebista-programak, 19 film laburrak, 12 bideoklipak, 15 dokumentalak, 4 sailak, 6 film luzeak eta 4 websailak.

Jatorriari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu 72 Euskadikoak zirela, 36 estatuko beste leku batzuetakoak eta 14 nazioartekoak.

Arreta jaso duten ikus-entzunezko ekoizpenak: 202*

Euskadi: 90         Estatua: 76         Nazioartea: 36

Publizitate-iragarkiak: 55

Telebista-programak:                     33

Film luzeak:                                           20

Film laburrak:                                      31

Bideoklipak:                                          20

Dokumentalak:                                   17

Websailak:                                             4

Argazki-saioak:                                   10

Telesailak:                                              12

Grabatu diren ikus-entzunezko ekoizpenak: 122*

Euskadi: 72         Estatua: 36         Nazioartea: 14

Publizitate-iragarkiak: 32

Telebista-programak:   23

Film laburrak:                                       19

Bideoklipak:                                          12

Dokumentalak:                                   15

Film luzeak:                                           6

Websailak:                                             4

Argazki-saioak:                                   7

Telesailak:                                               4

El hoyo, nazioarteko arrakasta

Filmak nazioartean izandako ospea nabarmendu behar da. Bilboko Zorrotza auzoan grabatu zen, eta Galder Gaztelu-Urrutiak zuzen du, Basque Films-en ekoizpenarekin: El Hoyo.

Film luze horri esker, gure ikus-entzunezko industriaren gaitasun profesionala nabarmendu da mundu osoan, tokian-tokian garatzen den talentua, zeinak istorio unibertsalak sortzeko gaitasuna duen, bai eta Bilbon eta Bizkaian sektore publiko eta pribatuaren arteko tokiko lankidetzaren sendotasuna ere.

El Hoyo 2020. urtean eskaini zen Netflix plataformaren bitartez, eta plataforman bistaratzeen lehenengo lekua lortu zuen Ameriketako Estatu Batuetan, Txinan, Frantzian, Mexikon, Ekuadorren, Israelen, Brasilen, Saudi Arabian, Hondurasen, Perun, Venezuelan, Kolonbian eta Espainian. Munduan, Netflixen gehien ikusitako 10 film luzeen sailkapenean sartu zen.

2020. urtean, halaber, Bilbo eta Bizkaian grabatutako film luzeak estreinatu ziren zinemetan, eta oso entzutetsuak izan ziren. Besteak beste, honako hauek: El doble más quince, Una ventana al mar, Akelarre eta Baby. Gainera, ikus-entzunezko plataformetako estreinaldiak egon ziren: La línea invisible eta Caminantes.

Bilbon eta Bizkaian grabatutako film luzeak

Bilbo eta Bizkaia, iaz, film luze garrantzitsuak grabatzeko agertokiak izan ziren, besteak beste:

Interrail, Fernando García Ruizek zuzendua eta Bilbo, Getxo, Gorliz, Plentzia, Bermeo, Etxebarria eta Lekeition filmatua. Aktoreen zerrendan ospe handiko aktoreak daude, hala nola Arturo Valls, Ernesto Sevilla, Julián López, Dafne Fernandez eta Ana Millán.

García y García, Ana Murugarrenen zuzendaritzapean. Agertoki hauetan grabatu zen: Irala auzoa, Indautxu, Bilboko itsasadarra, Iberdrola Dorrea eta Bilboko aireportua. José Mota eta Pepe Viyuela aktoreek hartu dute parte, besteak beste.

Ilargi guztiak. Igor Legarretak zuzendutako filma da, eta Orozko (Gorbeiako Parke Naturala), Galdames eta Erandion filmatu da. Besteak beste, hauexek daude aktoreen zerrendan: Itziar Ituño, Haizea Carneros, Josean Bengoetxea, Lier Quesada, Zorion Eguileor eta Elena Uriz.

Bilbo eta Bizkaian grabatutako telesailak

Telesailak dira jarraitzaile gehien dituen ikus-entzunezko produktuetako bat, eta sektore horrentzat ere hiria eta lurraldea egokia da grabaketak egiteko. Iaz, lau sail grabatu ziren oso-osorik Bilbon eta Bizkaian:

El Internado, Amazon Prime-na; ekoiztetxea: Atresmedia / Globomedia / Amazon Prime Video, Bilbaina Sozietatean grabatua.

Alardea. ETBren saila bat da, lau kapitulukoa. David P. Sañudo da zuzendaria, eta Urduña, Bilbo eta Gueñesen grabatu da. Itziar Ituño, Carmen Climent, Klara Badiola eta Kandido Urangak parte hartu dute, besteak beste.

Ondar ahoak. ETBk ekoitzitako lau kapituluko beste sail bat. Koldo Almandoz da zuzendaria, eta Ondarroa, Lekeitio eta Bilbon grabatu da. Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy dira protagonistak.

Bestalde, Etxekoak lana dugu, Jabi Elortegik zuzendua eta Pausokak eta ETBk ekoitzia. Urdaibaiko agertokietan grabatu zen.

Publitzitate-iragarkiak eta bideoklipak

Mundu osoan arrakasta duten merkataritza-marka handiek ere Bilbao-Bizkaiaren aldeko apustua egin dute iragarkiak grabatzeko. Horri esker, hiriaren eta lurraldearen irudiak nazioartean proiektatuko dira, eta aurkezpen-gutun paregabea izango da mundu osoko ikus-entzunezko ekoiztetxeentzat.

Aurreko ekitaldian, BANKIA, SUBARU, SEAT eta ORBEA merkataritza-marka garrantzitsuek iragarkiak filmatu zituzten Bilbon eta Bizkaian, bai eta TYSKIE, EROSKI, SAUNIER DUVAL, WALLAPOP edo DÉCIMAS markek ere.

Musika-bideoklipei dagokienez, Bilbon eta Bizkaian grabatutako honako talde hauenak azpimarratu behar dira: La Oreja de Van Gogh (Youtube-n 4.600.000 bisita hiru hilabetean), Chris Viz (Yotuben 660.000 bisita hilabete bakarrean), Omago eta Iker Lauroba.

Webgunea, erakartzeko eta kokatzeko tresna

Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuaren webgunea grabaketak erakartzeko eta euskal merkatuan, estatukoan eta nazioartean kokatzeko tresnarik garrantzitsuenetako bat izaten ari da. Profesionalei zuzenduta dago, eta iaz 7.196 saio baino gehiagotan erabili zuten 5.287 erabiltzailek. Bisita bakoitzak, batez beste, sei minutu eta berrogeita zazpi segundo iraun zuen. Mila saio ingurutan ingelesezko bertsioa erabili zuten; hortaz, ondoriozta dezakegu mundu osoko profesionalek izan dutela sareko zerbitzuak kontsultatzeko interesa.

Bilbao Bizkaia Film Commission, zerbitzu publiko bat

2020. urtean Bilbo eta Bizkaia grabaketa-lanak egiteko agertoki seguru gisa finkatu dira Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuaren bitartez. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duten doako zerbitzu publikoa da, eta grabaketa berriak erakartzea, kudeatzea eta laguntza ematea du xede.

Bilbao Bizkaia Film Commission 2015. urtean sortu zen, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta. Zerbitzuaren xedea da laguntza egonkor eta pertsonalizatua eskaintzea esparru guzti hauetan: ekoizpen-faseak, lokalizazioa, zerbitzu profesionalak, administrazio-kudeaketak, ekoizpen-espazioak, ostatuak eta logistika, bai eta erakundeen laguntza eta konfiantza, segurtasun juridikoa eta zerga-pizgarriak ere.

Bilbao Bizkaia Film Commission-en lankidetza publiko-pribatuari esker gauza daiteke; izan ere, bitartekari-lanak egiten ditu ekoiztetxeen eta eragile pribatu zein erakunde publikoen artean. Lankidetza ezinbestekoa da Bilbon eta Bizkaian grabaketen industria sortzeko prozesuan aurrera egiteko.

Bilbao-Bizkaia European Film Commission Network sareko kide da 2017. urtetik. Guztira, 90 film commission baino gehiago ordezkatzen ditu, eta Europako Batzordearen laguntza dauka. Gainera, Association of Film Commissioners International (AFCI) elkarteko kidea da.


Argazkiak