2021(e)ko urtarrilaren 12(a) 12:49

Bizkaian Eskola Kirolaren entrenamenduei ekingo zaie berriro urtarrilaren 13tik aurrera, 6ko taldetan

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Eskola kirola berriz ezartzea baimenduko da, baina gehienez ere sei pertsonako taldetan antolatzen diren entrenamenduetan. Gainera, ezingo da aldatu talde horien osaera eta ezingo dira aldagelak erabili. 100.000 biztanleko 500 positibotik gorako tasa duten udalerrietan, Eskola Kirola bertan behera izango da.

LABIk urtarrilaren 11ko bileran hartu dituen eta urtarrilaren 12ko 1/2021eko dekretuan jasota geratu diren erabakiei jarraikiz, Eskola-kiroleko entrenamenduei berrekin ahal izango zaie, eta gehienez ere sei laguneko taldetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili. Horretarako behar diren udal-instalazioak prest daudenean berrekingo zaie, betiere Bizkaiko Foru Aldundiak Eskola Kirola programako entrenamenduak berriro martxan jartzea erabaki du. Ez da baimenduko Eskola Kirola 100.000 biztanleko 500 positibotik gorako tasa duten udalerrietan.

Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazi du Eskola Kiroleko entrenamendu-jarduera guztiek honako baldintza hauek bete beharko dituztela:

  • Aire zabaleko entrenamendu fisikoak lehenestea.
  • Une bakoitzean ezarritako gehieneko edukiera eta talde-kopurua errespetatzea. Une honetan, 6 pertsona, eta beti berdinak.
  • Gune eta materialak garbitu eta desinfektatzea entrenamendu-txanden artean.
  • Jarduera banakako entrenamendu batekin hastea, nagusiki, prestakuntza fisikora eta lesioen prebentziora bideratuta —horrela, poliki-poliki, aurrera egiteko talde txikiekin edo postu jakin batzuekin—, eta amaitzeko, talde guztia txertatzea horretara (taldeko kirolen kasuan).
  • Ahal den heinean, kirol-jardueran zehar gutxieneko segurtasun-distantzia mantentzea.
  • Pertsonen arteko 1,5 m-ko distantzia mantentzea entrenamenduen sarrera eta irteeretan.
  • Entrenamenduak ateak itxita egitea, ikuslerik gabe.
  • Materiala partekatzen bada, gomendaturiko higiene- eta garbiketa-neurriak ezartzea.
  • Ez dira aldagelak erabiliko.
  • Maskara erabiltzea (derrigorrezkoa da) uneoro, kirol-jarduera intentsiboa gauzatzen ari den bitartean izan ezik.

Bizkaiko Foru Aldundiak eskerrak eman dizkie kirol-sistema osatzen duten eragile guztiei, egindako ahaleginarengatik, egoera desberdinetara egokitzeko gaitasunagatik eta indarrean dauden arauk oso ondo betetzeagatik. Era berean, ikasleen alde egiten ari diren lan garrantzitsua azpimarratu nahi izan du foru erakundeak.