2021(e)ko urtarrilaren 07(a) 17:21

Aldundiak Gaztelugatxeko Donienerako sarbidea itxiko du, lur-jausi handi baten ondorioz

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Ingurumeneko Zuzendaritzako teknikariak gertakariaren tokian daude, eta lur-jausi lehen balioespena egiten ari dira. Lur-jausiak Urizarretako eta Ermuko sarbideen bidegurutzearen eta ermitara igotzeko eskaileren aurreko plataformaren arteko bidea erabat blokeatu du. Bidera erori den lur-buztanak 20 metro inguru ditu eta lur-jausiaren goiko aldean teknikariek 50 metro inguruko arrail sakona ikusi dute, eta inguruan beste erorketa batzuk gerta daitezkeela aurreikusi dute.

lur-jausi

Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko Donienerako sarbideak itxi ditu gaur, Urizarretako eta Ermuko sarbideen bidegurutzearen eta ermitara igotzeko eskaileren aurreko plataformaren artean lurra jausi delako.

Ingurumeneko Zuzendaritzako teknikariak gaur goizean joan dira gertakariaren tokira lur-jausiaren lehen balorazioa egitera. Lur-jausiak hogei metro zabal inguruko lur-buztana utzi du sarbidean, eta mendi-hegaletik behera joan da itsasora iritsi arte. Lehen azterketa horretan, teknikariek arrail sakon bat ikusi dute hegalaren goialdean, erorketa hasi den tokian hain zuzen ere. Arrailak 50 metro inguru ditu, eta, hori dela eta, teknikariek aurreikusi ditu lur-mugimendu berriak gertatuko direla.

Arriskuak saihesteko, eta eguraldiak txarrera egingo duela aurreikusten denez, Gaztelugatxeko Donienerako sarbidea moztea erabaki da, hegalaren egoeraren azterketa zehatza egin ahal izan arte, eta eremuko segurtasuna bermatzeko eta bidean eroritako lurra kentzeko beharrezkoak diren jarduerak zehaztu arte.

Sarbideak itxita mantenduko dira, mugarik gabe, harik eta teknikariek uste duten arte lurrek beharrezko bermeak dituztela pertsonen joan-etorrietarako.


Argazkiak


Bideoak