2020(e)ko abenduaren 01(a) 10:30

Bizkaiak COVIDaren krisiaren aurrean ahulenak diren pertsonei laguntzeko zerga-neurri sorta berria onartu du

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak ezohiko zerga-neurriei buruzko bi foru-dekretu berri onartu ditu, COVID-19aren pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko, krisiak kaltetutako pertsona ahulenei zuzenduta. Besteak beste, bi dekretuetan PFEZ ordaintzetik salbuetsita dauden errentak arautu, zerga-epeak malgutu eta zerga-kenkariak ezartzen dira.

Krisiak gehien kaltetutako zergadunen likidezia bultzatzeko zergen ordainketa geroratzeari dagokionez, bi neurri hartu dira: interesik eta bermerik gabeko aparteko geroratze berria eta zergak ordaintzeko geroratze arrunten erregulazio berri malguagoa.

Jarraian, hartutako neurri nagusiak zerrendatzen dira:

PFEZ

2020ko eta 2021eko ekitaldietan honako errenta hauek PFEZa ordaintzetik salbuetsita daudela deklaratzen da:

Erakunde publikoek emandako laguntzak, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz egoera ekonomiko eta sozial kalteberan dauden pertsonei etxebizitza izateko eskubidea bermatzearren.

COVID-19aren eragin ekonomikoari erantzun nahian, familiei babesa emateko Eusko Jaurlaritzaren laguntzak, bai eta familia eta lana bateragarri egiten laguntzeko emandakoak ere.

Turismoa, jatetxeak eta ostalaritza (Euskadi Turismo Bonua eta antzekoak), merkataritza (Euskadi Denda Bonua eta antzekoak) eta kultura (Bizkaia Aurrera Kultura Bonua) sustatzeko programetako bonuen bidez lortutako laguntzak.

Langile autonomoentzako aparteko laguntzak, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiak turismoaren sektoreari emandakoak, Eusko Jaurlaritzak ostalaritzaren sektoreari emandakoak edo alarma egoeraren deklarazioaren ondorioz jarduera etenda duten langile autonomoei Lanbidek emandakoak.

Covid-19aren ondoriozko gaixotasun- eta heriotza-kontingentziengatiko prestazioak, osasun-erakundeek osasun-langileentzat sinatutako doako aseguru kolektiboetatik eratorritakoak.

Pertsona gutxiago PFEZ aitortzera behartuta

PFEZ aitortzeko betebeharraren muga 12.000 izatetik 14.000 izatera igaro da. Halaber, ordaintzaile bat baino gehiago izanez gero, 20.000 euroko muga ezartzen da, baldin eta bigarren ordaintzailetik eta gainerako ordaintzaileetatik jasotako zenbatekoen baturak urtean 2.000 euro gainditzen ez baditu.

Ohiko etxebizitzaren eta berritze-lanen tratamendua

Ohiko etxebizitza erosteko, eraikitzen ari den ohiko etxebizitza erosteko, ohiko etxebizitza berrinbertitzeko edo ohiko etxebizitza benetan eta modu iraunkorrean okupatzeko etxebizitza-kontuetan gordailututako kopuruak gauzatzeko epeak luzatu dira.

2021era zabaltzen da PFEZren kuotan ohiko etxebizitza berritzeko obren zenbatekoaren % 10eko ezohiko kenkaria, 2020an aplikatu ez duten zergadunentzat.

Tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzeko kenkaria.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsonek beren merkaturatze- eta salmenta-prozesuetan tresna digitalak sartzeko erabiltzen dituzten zenbatekoen % 10 kendu ahal izango dute 2020ko eta 2021eko ekitaldiei dagozkien PFEZren kuotetatik.

Autonomoak zatikako ordainketatik salbuestea

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsonek 2020ko laugarren hiruhilekoari dagokion PFEZaren zatikako ordainketa egitetik salbuetsita daude, eta 2021eko urtarrilean ordainduko da.

BGAEen erreskatea

COVID-19aren ondorioz ABEEE edo EEE egoeran dauden pertsonek beren BGAEa hileko errenta gisa erreskatatzen badute, haien likidazio-oinarrian % 60 sartuko dute, betiere kobrantza ekitaldi batean egin denean, eta, % 75, 2020an eta 2021ean egin denean.

Mikroenpresetan eta ETEetan inbertitzeagatiko aparteko kenkaria

2021era hedatzen da mikroenpresetan, enpresa txikietan edo ertainetan inbertitzeagatiko ezohiko kenkaria.

Zerga-zorrak geroratzea

Ezohiko atzerapen bat ezartzen da zerga-zorrak ordaintzeko, baldin eta horiek borondatez aurkezteko epea 2021eko apirilaren 30a baino lehen amaitzen bada. Zorra hiru hilabeteko gabealdiarekin ordainduko da, zenbateko bereko hileko sei epetan.

Bestalde, Aldundiak gaurtik aurrera jendaurrean jarriko du Zerga-bilketako Araudian ohiko geroratzeen baldintzak aldatzeko proposamena. Proposamen hori onartuz gero, 2021eko urtarriletik aurrera zergadunek eskatutako geroratzeak automatikoki eta bermerik gabe emango dira, honako epe hauetan:

  • 50.000 eurorainoko zorrak, hileko 48 epetan.
  • 100.000 eurorainoko zorrak, hileko 36 epetan.
  • 500.000 eurorainoko zorrak, hileko 24 epetan.

Lehentasunezko jarduerak

Mezenasgo bidezko zerga-onurak aplikatzeari dagokionez, 2021era arte luzatuko da ikerketa zientifikoaren esparruan Covid-19aren aurka borrokatzera bideratutako jarduerak lehentasunezkotzat jotzea, bereziki CIC-Biogunek garatutakoak. Era berean, luzatu egiten da zenbait kultura-elkarte lehentasunezko jardueratzat hartzea.

Eskola-kirolaren eta kirol federatu ez-profesionalaren esparruan, 2021. urtean kirol-federazioei ordaintzen zaizkien federazio-lizentzien edo eskola-kuoten % 25i dagozkion zenbatekoak baliatu ahal izango dira mezenasgoaren zerga-onurez.

Sozietateen gaineko zerga

Enplegua sortzeagatiko kenkaria handitzea

2021ean, kontratu bakoitzeko kenkariaren zenbatekoa langilearen soldataren % 25ean mantenduko da, baina egindako kontratu bakoitzeko kenkariaren gehieneko zenbatekoa 5.000 eurotik 7.500 eurora igoko da. Urteko gutxieneko soldataren baldintzak LGSren % 150 baino handiagoa izan behar du, hau da, 19.950 eurotik gorakoa.

Epeak luzatzea

2021era luzatzen dira sozietateen gaineko zergan tributu-tratamendu jakin batzuetarako ohiz kanpo ezarritako neurriak, ibilgetuaren elementuetarako amortizazio-askatasunaren eta amortizazio azeleratuaren epeak luzatzekoak; aparteko mozkinak berrinbertitzekoak; ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen-jarduera indartzeko erreserba berezikoak; ikerketa- eta garapen-proiektuetan edo berrikuntza teknologikoko proiektuetan parte hartzekoak; eta aktibo ez-korronteak birjartzekoak, kenkari jakin batzuk aplikatzearen ondorioetarako.

Mikroenpresetan, enpresa txikietan eta ertainetan inbertitzeagatiko kenkaria

2021era hedatzen da mikroenpresetan, enpresa txikietan edo ertainetan inbertitzeagatiko ezohiko kenkaria.

Finantza-errentamenduko kontratuak

2021ean berriro negoziatu edo izenpetzen diren finantza-errentamenduko kontratuei dagozkien gastuak kentzeko baldintzak malgutu egingo dira.

Europako funtsak

2021era zabaldu da berrikuntza bultzatzeko Europako funtsek, jarduera ekonomikoaren finantzaketa bultzatzeko Europako funtsek eta kapitalizazio produktiboa bultzatzeko Europako funtsek emandako maileguen gabealdia.

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga

Sei hilabetez luzatuko dira 2020an edo 2021ean amaitzen diren epeak, etxebizitzak ohiko etxebizitzaren baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko.