2020(e)ko azaroaren 24(a) 17:00

Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako Aldundiaren LEP espezifikoa, finalista Innovation in Politics Awards 2020 sarietan

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Prozesu berritzaile honen bidez, foru erakundea 2017an kolektibo horretako pertsonei berariaz zuzendutako plazen deialdia egin zuen lehenengo euskal administrazio bihurtu zen, eta 10 onenen artean hautatu dute Komunitatea izeneko kategorian. Vienan egoitza duen The Innovation in Politics Institute erakundeak ematen dituen sari hauek Europako tokiko eta eskualdeko gobernuen lan berritzaile eta sortzaileenak aitortzen dituzte. Sari honen laugarren edizioan (epaia abenduaren 3an jakinaraziko da Austriako hiriburuan), Europa osoko 398 politika berritzaile aurkeztu dira, eta Europako 1.000 herritar baino gehiagok osatutako epaimahai batek ebaluatzen ditu.

Euskalduna jauregian 2018ko ekainean egindako lehen azterketaren irudia

Bizkaiko Foru Aldundiak desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako berariazko lan-eskaintza publikoa egiteko duela hiru urte abian jarritako hautaketa-prozesu berritzailea finalista da Innovation in Politics Awards 2020 sarietan. Sari horiek urtero banatzen ditu The Innovation in Politics Institute erakundeak Vienan duen egoitzan. Horien bidez, erakunde honek Europa osoko tokiko eta eskualdeko administrazio publikoek abian jarritako lanik berritzaileenak eta sortzaileenak saritzen ditu, beste batzuen inspirazio-iturri izan daitezkeenak. Aurtengo edizioan (laugarrena), Europako 398 erakundek parte hartu dute.

Bizkaiko Foru Aldundia hamar ekimen onenen artean hautatu dute, Komunitatea kategorian. Sari horien epaimahaia Europar Batasuneko 47 herrialdetako 1.000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute. Pertsona horiek Europako biztanleen ordezkari dira nazionalitateari, sexuari eta adinari dagokienez, eta ausaz hautatu dira jasotako eskaera guztien artetik. Politika arloko berrikuntzari buruzko Europako sarien aurtengo irabazleak abenduaren 3an jakinaraziko dira Austriako hiriburuan.

Ad hoc prozesu berritzailea

Bizkaiko Foru Aldundia desgaitasun intelektuala duten pertsonei berariaz zuzendutako plazetarako deialdia egin zuen lehen euskal administrazioa izan zen 2017an. Urte horretako azaroan, foru erakundeak oposizio bat deitu zuen, zerbitzuetako langileen kategoriako bost plaza betetzeko (urgazle lanpostua), kolektibo horretako pertsonei soilik zuzenduta eta % 33ko edo hortik gorako maila aitortuta zutenak. Bertan, 216 hautagaik eman zuten izena, eta hautaketa-prozesu berritzaile bat gainditu behar izan zuten (ad hoc). Hori gauzatzeko, Foru Erakundeak ezaugarri horien hautaketa-prozesu bati egokitutako berariazko materialak eta testuak prestatu zituen. Prozesu horrek, une oro, pertsonen kolektibo horrekin lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeen laguntza jaso zuen. Erakunde horiek (APNABI-Autismo Bizkaia, Gaude, EAEko Down-en Sindromea Fundazioa eta Lantegi Batuak) pertsona horiei laguntzen jarraitu dute, haiekin elkarlanean, lan eskaintza publikoa gainditu ostean lanpostu berrietara behar bezala egokitu zitezen.

Aldundiaren hautaketa-prozesu berritzailea aurtengo otsailean saritu zuten, Toledon, Plena Inclusión erakundeak banatzen dituen sarietan (Enplegu Publikoaren eta Desgaitasun Intelektualaren Sariak´), zehazki, Hirugarren Sektorearekin Lankidetza kategorian.


Argazkiak