2020(e)ko azaroaren 24(a) 10:00

Foru aldundiek enpresa txikiei, autonomoei eta ABEEEk eragindako langileei laguntzeko zerga neurri berriak onartu dituzte

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek 2021 urtera luzatu dituzte Covid-19 pandemiak gehien eragin dien zergadunei laguntzeko hartutako zerga alorreko neurriak. Horretarako, bakoitzak bere gobernu organoan onartuko du martxotik hona martxan jarri diren neurri gehie nak datorren urtera luzatzea. Erabaki hauek, batez ere, autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak babestea dute helburu. Gainera, Pertsona Fisikoen Errentaren Zergan (PFEZ) neurri berri hauek hartzea adostu dute:

  • 2020 eta 2021 urteetan PFEZaren aitorpena aurkezteari dagokionez, hiru lurralde historikoetan 12.000 eurotatik 14.000 eurotara igo da aitorpena derrigorrean aurkezteko muga. Aldi berean, 20.000 euroko muga ezartzen da, ordaintzaile bat baino gehiago dauden kasuetarako, eta betiere bigarren eta gainerako ordaintzaileen partetik jaso diren kantitateak urteko 2.000 euroak gainditzen ez dituzten bitartean.
  • 2020 eta 2021 urteetarako baita ere, PFEZan salbuetsita geratzen dira administrazio publikoek langile autonomoei eman dizkieten ezohizko dirulaguntzak, Covid-19 gaitza dela eta beraien jarduera bertan behera utzi, paralizatu edota larriki kaltetu izanaren ondorioz. Honela, hiru euskal aldundiek azken asteetan beraien jarduera etetera behartuak izan diren sektoreei zuzendutako laguntzak osatzen dituzte.
  • Covid-19 gaitza dela eta aldi baterako edo ohiko erregulazio espediente (ABEEE/EEE) egoeran dauden eta 2020 eta 2021 urteetan beraien BGAE hilabetekako modalitatean erreskatatzen duten pertsonek, berreskuratu duten kantitatea %75ean integratuko dute beraien oinarri likidagarrian.
  • Langile autonomoak salbuetsita egongo dira 2020ko urteko laugarren hiruhilekoko PFEZko ordainketa zatikatua ordaintzeaz, normalean urtarrilean egiten dena. Honela, jarraipena ematen zaio urteko lehen hiruhilekotan ezarritako salbuespenari.

Bestalde, hiru foru aldundiek ezohizko gerorapenen erregimen, bermerik eta interesik gabea, zerga zorrak ordaintzeko. Ezohizko gerorapen hau eskatu ahal izango dute jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsonak, mikroenpresak eta enpresa txikiak. Zorraren ordainketa bertan behera utziko da hiru hilabetez, eta zenbateko berdina izango duten hileroko sei kuotatan zatikatuta itzuli beharko da.

Luzatzen diren beste zenbait neurri

Gainera, hainbat dira luzatuko diren bestelako neurriak, beharrezko ikusten baitira krisiak gogorren kolpatu dituen sektore eta kolektiboei babes ekonomikoa eta bultzada emateko. Esaterako, PFEZaren kasuan, luzatu egiten dira zerga hobariak jasotzeko epeak honako kasu hauetan: ohiko etxebizitzaren erosketa, Etxebizitza Kontuan aurreztutako kantitateak gauzatzea, edota berrinbertsioa ohiko etxebizitzaren transmisioagatik.

Hauekin batera, 2021 urtera luzatuko da amortizazio azeleratua eta ezohizko irabazien berrinbertsioa, Sozietateen gaineko Zergan. Zerga honetan, datorren urtean ere mantendu egingo da enplegua sortzeagatik martxan jarritako kenkaria. Neurri honek hobariaren gehienezko muga 7.500 eurora arte igotzen du.

Hiru foru aldundiek ostegun honetan egingo den Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren hurrengo bilerara eramango dituzten neurri hauek eta, ondoren, datorren abenduaren 1ean erakunde bakoitzak egingo duen diputatuen kontseiluetan onartzea aurreikusten dituzte.