2020(e)ko azaroaren 21(a) 09:00

Bizkaiak bat egin du Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin, modaren kontsumo iraunkorraren aldeko ekimen batekin

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat jarduera antolatu ditu: erakusketa bat egingo du BEAZeko halleko beirateetan, jardunbide egokien gida digital bat argitaratu du, lurraldeko udalerriak zeharkatuko dituen erakusketa ibiltari bat prestatu du, eta modako iraunkortasunari buruzko kontzientziazio-jardunaldi bat egingo du, ‘Etorkizuna janzten. Vistiendo el futuro’.

Gaurtik hasi eta igandera arte (azaroak 21-29), Hondakinen Prebentziorako Europako Astea ospatzen da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak bat egiten du ekimen horrekin. Foru-erakundeak modaren kontsumo jasangarria sustatuko du hainbat jardueraren bidez, moda baita munduko bigarren industriarik kutsatzaileena.

Horretarako, erakusketa bat instalatu da BEAZ foru-sozietatearen eraikineko halleko beirateetan. Erakusketa horretan, besteak beste, modaren eta ehungintzaren egungo testuinguruari buruzko informazioa eskaintzen da, bai eta Bizkaian eremu horretan iraunkortasuna sustatzeko garatzen ari diren ekimenei buruzko informazioa eta jantzien bizitza luzatzeko nahiz arropari bigarren erabilera bat emateko aholkuak ere. Erakusketa horren osagarri, erakusketa ibiltari bat ere antolatu da, eduki berberekin, udalerriz udalerri ibiliko dena Bizkaian zehar hilaren 30etik aurrera, horrela Hondakinen Prebentzioari buruzko Europako Astearen mezua denboran luzatzeko eta ahalik eta jende gehienarengana helarazteko.

Erakusketa horrek, bestetik, jardunbide egokien gida digital bat zabaltzeko balioko du, erakusketaren biniloetan eta totemetan agertzen den QR kodea eskaneaturik eskuratu ahalko baita gida.

Jardueron osagarri gisa, gainera, ‘Etorkizuna janzten. Vistiendo el futuro’ jardunaldia egingo da hilaren 26an (osteguna), eta Eventbrite plataformaren bidez jarraitu ahal izango da. Honako hauek parte hartuko dute jardunaldian: Enrique Osorio, Kooperako Komunikazio eta Marketin arduraduna, Bizkaian modaren iraunkortasunaren alde garatzen diren ekimenez mintzatuko da; Ane Olabarrieta Ethical Time-koak gaur egungo marka iraunkorren inguruan jardungo du, eta Mondragon Team Academyko Lander Jiménezek aztarna ekologikoari eta ingurumenari buruz hitz egingo du.