2020(e)ko azaroaren 19(a) 14:59

Bizkaiak jauzi teknologikoa egin du errepideen foru sarearen kudeaketa eta monitorizazioa bateratze aldera

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Trafikoa sistema berria ezinbesteko tresna da egungo pandemiaren moduko egoeretan, bide-sare osorako kudeaketa-sistema bakar eta homogeneo bat eskaintzen baitu.

Trafikoa aurkezpena

Trafikoarekin etorkizunerako urrats erabakigarria eman dugu: gurdi adimendunen definizioa eta eraikuntza Bizkaian

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 'Trafikoa' aurkeztu du, Bizkaiko errepideen foru sare osoaren kudeaketa eta monitorizazioa bateratzen dituen sistema berria. "Trafikoa aurrerapen teknologiko garrantzitsua da, bide-sare osoaren elkarreragingarritasuna bermatzen duena edozein gorabeheraren aurrean, eta, gainera, lurraldean errepide adimendunak garatzeko urrats garrantzitsua da", esan du Imanol Pradales diputatuak Peñaskaleko kontrol-zentrora, bide-sarea monitorizatzen duen zentroetako batera, egindako bisitan

Diputatuak azaldu duenez, sistema berriak hobekuntza handiak ekarri ditu segurtasunean eta eragiketetan. Sistema bateratu aurretik, kontrol-zentroetako bakoitzak kudeatzaile desberdin bat zuen, teknologia eta metodologia desberdinak erabiltzen zituena. Horren ondorioz, beste kudeaketa bat egiten zen gorabeheren aurrean jarduteko moduari, jarduera-protokoloei, informazio-faltari eta kontrol-zentroen arteko loturari eta mantentze-kostu handienei dagokienez.

Proiektua hainbat fasetan egin da, analisia 2015ean egin zen lehenengo etapatik 2020an interkonexioa eta funtzionalitate aurreratuak ezarri ziren arte. Eta 3.750.000 euroko inbertsioa egin da. Trafikoari esker, monitorizazio-sistema homogeneizatzea, kamera-sare osoa erabat digitalizatzea eta eragiketa-irizpideak eta mantentze-irizpideak bateratzea erdietsi da. Guztira, 1.365 kamera integratu daude, 39 tuneletan arreta berezia jarriz. "Orain interkonexio segurua dago kontrol zentroen artean. Horrek esan nahi du, gaur egungo pandemia-egoeran edo gorabehera baten aurrean, kontrol-zentro batek beste baten agintea har dezakeela. Hau da, Peñaskalgo zentro honek Iurretako kontrola har dezake, beharrezkoa bada", azaldu du diputatuak. Horrezaz gainera, elkarreragingarritasun hori bermatze aldera, komunikazio-sareak eta azpiegiturak sortu dira. Horrez gain, Artxanda Peñaskalera gehituta, 5 kontrol-zentro izatetik 4 izatera igaro da sistema (gaur egun, honako kontrol-zentro hauek daude: Peñaskal, MKZ, Iurreta eta Gerediaga).

Pradalesek Trafikoak dakartzan hobekuntzei ez ezik, etorkizunera begira egin daitezkeen hobekuntzei ere erreparatu die: "Etorkizuneko errepideen, errepide adimendunen eta lotuen diseinuan aurrera egiteko ezinbesteko urratsa da. Trafikoa datuak jaso eta igortzeko gai den sare baten gune neuralgikoa da, eta Bizkaiko errepideak eta horiek erabiltzen dituzten ibilgailuak lotzen ditu. Helburua informazioa denbora errealean izatea da, segurtasuna eta bide-sarearen kudeaketa hobetze aldera."


Argazkiak


Bideoak


Audioak