2020(e)ko azaroaren 10(a) 11:37

Foru Aldundiak bere 2020-2023 Herritarren Partaidetza Plana onartu du, 600 pertsona eta eragileren iritzi eta proposamenekin egina

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Dokumentu honek, foru erakundeak ezaugarri hauekin onartzen duen bigarrenak, Bizkaiko garapen iraunkorrean aurrera egiteko konponbide, adostasun eta lankidetza berriak ekarriko dituen tresna dinamizatzailea izatea nahi du. Planak lau jarduera-ildo zehazten ditu, eta horien inguruan 14 ekintza antolatzen dira, hala nola deliberazio-demokraziako elementu berriak pixkanaka sartzea; udalen eta mankomunitateen eskura tresna teknologiko berriak jartzea, toki-eremuan parte-hartzea eta gobernu irekia bultzatze aldera, edo Bizkaiko Foru Aldundiaren Partaidetza Ataria eguneratzea eta hobetzea, besteak beste.

Bizkaiko Foru Aldundiak Herritarren Partaidetzarako 2020-2023 Foru Plana onartu du gaur egindako gobernu kontseiluan. Plan hori ia 600 pertsona eta eragileren iritzi eta proposamenekin egin da, eta azken helburua da parte-hartzea tresna dinamizatzaile bat izatea, gure lurraldearen garapen iraunkorrean aurrera egiteko konponbide, adostasun eta lankidetza berriak ekartze aldera.

Plan honek bi elementu bereziki garrantzitsu ditu:

  • parte-hartzearen arloko jardunbide egokiak identifikatzea eta aztertzea, behar bezala egokituta gure lurraldean aplika daitezkeen lan-ildoak eta interes handiko proiektuak zehazteko;
  • eta prozesuan parte hartzea, batez ere diagnostiko-fasean, barneko eragile berriek (Bizkaiko Foru Aldundiko plantilla bera) eta kanpokoek, foru sailez gain.

Aurreko planari dagokionez, pandemiak sortutako egoera dela eta, plan hau egiteko prozesuan bide telematikoak erabili dira, baina horrek ez du eragotzi ia 600 pertsonaren eta eragileren iritziak eta proposamenak jasotzea. Bizkaiko Foru Aldundiko langileen kasuan, ekarpen horiek erakunde horretako Langilearen Ataria erabiliz jaso dira. Foru sailek, beste alde batetik, hasierako galdetegi baten bidez parte hartu dute, ondorengo sakontze-bilerekin osaturik; Aldundiko partaidetza-organoetan parte hartu duten eragileek online galdetegi bati erantzun diote hasieran, eta, ondorik, haien talde heterogeneo batek focus group batean parte hartu du, online galdetegiaren bitartez lortutako ondorioetan sakontze aldera. Azkenik, herritarrek www.bizkaia.eus webgunean modu irekian argitaratutako online inkesta baten bidez parte hartzeko aukera ere izan dute, baita arlo estatistikoan adierazgarria den lurraldeko biztanleriaren lagin bati telefonoz egindako inkesten bidez ere.

Prozesu horren ondorioz, lau helburu estrategiko nagusi zehaztu dira: herritarrak partaidetzara hurbiltzea eta azken hori sustatzea, parte-hartzearen foru ereduan sakontzen jarraitzea, Aldundiko langileen prestakuntza areagotzea, partaidetza bultzatzeko elementu izan dadin, eta lurraldeko toki erakundeek bultzatutako herritarren partaidetzarako jardueretarako foru laguntza indartzea.

Helburu estrategiko horiek lau jarduera-ildo nagusiren bidez hedaraziko dira, eta, aldi berean, 14 jarduketa zehatzen bitartez gauzatuko dira. Lehenik eta behin, Bizkaiko Foru Aldundiaren politiken, programen eta zerbitzuen prestaketan, jarraipenean eta ebaluazioan parte hartzearen aldeko apustua areagotzea, foru partaidetzaren ereduaren egungo indarguneak sendotu eta plana egiteko prozesuan parte hartu duten eragileek identifikatu dituzten hobekuntza-beharrei eta -aukerei erantzute aldera. Hori erdiesteko, sei jarduera zehatz ezarri dira: foru estrategiak eta planak eta foru araudia egiten parte hartzea bultzatzea eta balioestea; parte hartzeko organo eta espazio egonkorren funtzionamendua optimizatzea, beharrezkoa denean egun badauden organoak eguneratuz; Foru Aldundiak egiten duen kontu-ematearen partaidetza-dimentsioa indartzea; deliberazio-demokraziari dagozkion elementu berriak pixkanaka txertatzea eta erakunde horretako langileei beharrezko prestakuntza eta tresna metodologikoak eskaintzea, sailek eta foru erakundeek partaidetzaren txertaketa arloan sakontzen jarraitu ahal izan dezaten beren eguneroko kudeaketan.

Bigarren jarduera-ildoa da Bizkaiko udal eta mankomunitateen parte-hartzea bultzatzeko laguntza-tresnak indartzea, batez ere udalerririk txikienetan. Eta bertan aurreikusitako ekintzak hiru dira: udal eta mankomunitateen esku jartzea tresna teknologiko berriak, BiscayTIKen laguntzaren bidez toki eremuan parte-hartzea eta gobernu irekia bultzatze aldera; lankidetza-ildo bat ezartzea Bizkaiko udal eta mankomunitateek sustatzen duten parte-hartzea laguntzeko, eta partaidetzari eta gobernu irekiari buruzko lankidetzako prestakuntza- eta ikaskuntza-jarduerak antolatzea Bizkaiko toki erakundeei zuzenduta.

Hirugarrenik, hedapenera bideratutako ekintzak garatuko dira, herritarrek eta lurraldeko eragileek Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen dituen partaidetza-gune, -kanal eta -prozesuak eskura ditzaten. Ildo horri jarraikiz, lau jarduera zehatz biltzen dira: Foru erakundearen Partaidetza Ataria eguneratzea eta hobetzea; partaidetzaren mapa bat egitea eta etengabe eguneratzea, egun badauden partaidetza-kanalak jasoko dituena, eta urtero memoria bat egin eta argitaratzea, garatzen diren partaidetza-jarduera nagusiak eta horiekin erdiesten den inpaktua biltzeko; foru araudia egiteari lotutako partaidetza-prozesuen egutegia sortzea eta zabaltzea, eta Bizkaitarren Sarea indartzea, partaidetzari eta gobernu irekiari buruzko informazioa Bizkaiko herritarrei hurbiltzeko tresna gisa.

Azken jarduera-ildoaren oinarria da ezagutza-proiektu, -sare eta -espazioetan sustapen eta inplikazio aktiboa izatea, partaidetza sustatze aldera, Bizkaiko garapen iraunkorrerako funtsezko tresna den aldetik. Xede hori erdiesteko, parte-hartzearen eta gobernu irekiaren erakunde arteko estrategia, plan eta sareetan inplikatzea bultzatuko da, parte-hartzearen foru ereduan sakontzen jarraitzeko eta gure lurraldea parte-hartzearen arloko erreferente gisa kokatzeko.