2020(e)ko azaroaren 04(a) 12:00

Aldundiak 33 proposamen jaso ditu EtxeTIC erronkan planteatutako beharrizanetarako konponbideak dituzten 30 erakunderen eskutik

Gizarte Ekintzako Saila

Foru erakundeak merkatuari aurretiko kontsulta bat eginda berrikuntzako erosketa publikoko prozesuaren ondorioen txostena argitaratu du. Prozesua otsailean hasi zen eta maila guztietako eragile pribatuek hartu dute parte, bai multinazional handiek, bai ETEek eta mikroETEek. Txostenak erantzun zabala, erronkaren konplexutasun teknikoa kontuan hartuta jasotako proposamenen kalitatea eta sakontasuna, horiei erantzuteko emandako epea eta zer alditan gertatu den nabarmentzen ditu. Hilabete honetan Aldundiak Azpiegituraki enkargua egitea aurreikusi du Bilboko Etxaniz Zentroan eguneko arretarako zerbitzu bat eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak etxean mantentzeko laguntza- eta prebentzio-teknologiekin zerbitzua emateko.

Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu berri du aldez aurretik merkatuari kontsulta eginda berrikuntzako erosketa publikoaren prozesuaren ondorioak zehazten eta jasotzen dituen txostena. Joan den otsailean hasi zen prozesua eta EtxeTIC abian jartzea ekarri zuen; proiektu horrekin foru erakundeak etxean irautea bideratzeko formula aitzindariak sustatzen ditu.

Ereduak konbinatu egiten du mendetasun-egoeran dauden pertsonei eguneko zentro batean ematen zaien arreta, alde batetik mendetasun-egoeran dauden eta etxean monitorizatuta dauden pertsonen bolumen zabalago bati laguntza- eta prebentzio-teknologien bidez ematen zaion arretarekin eta, bestetik, zentrora unean-unean bertaratzearekin. Laguntza-zerbitzu pertsonalizatuak eta prebentzio- eta komunitate-osagai garrantzitsua duten zerbitzuak emateko ikuspegi berritzaile horrek, lizitazioari ekin aurretik, merkatuak dituen ideia berritzaileak jasotzea eskatu du gaur egun Bizkaian ez dagoen kudeaketa- eta arreta-eredu espezifiko bat definitzeko.

Ildo horretatik, Bizkaiko Foru Aldundiak 30 erakunderen 33 proposamen jaso ditu kontsulta-prozesuan zehar; erakunde horiekin elkarrizketak egin ziren ekainean. Erakunde horien artean eremu pribatuko enpresak daude, hala ETEak nola mikroETEak, baita enpresa handiagoak ere, erronkari aplika dakizkiokeen hainbat negozio-arlotako multinazional lider globalak eta nazioarteko erreferentziazko zentro teknologikoak.

Proposamenak aurkeztu dituzten erakundeen %33 Informazioaren Teknologien (IKT) sektoretik datoz, laurden bat baino gehiago Zerbitzuen sektorekoak dira, eta gainerakoak beste sektore batzuetan aritzen dira, hala nola gailu medikoen garapenean, aholkularitzako eta ITko zerbitzuetan, egoitza-zerbitzuetan edo I+G garapenean.

Txostena merkatuari aurretiazko kontsulta-prozesua egin ondoren burutu da, eta honako hauek nabarmentzen ditu: merkatuan izan duen erantzun zabala eta merkatuak irtenbideak emateko erakutsi duen interesa; maila guztietako parte-hartzaileen askotarikotasuna; eta jasotako proposamenen kalitatea eta sakontasuna, kontuan hartuta erronkaren konplexutasun teknikoa, erantzuteko emandako epea eta erantzuna zein egoera eta baldintzatan eman behar izan den. Horregatik guztiagatik proposamen guzti-guztiek EtxeTIC erronkan planteatutako beharrei irtenbideak ematen dizkietela uste da eta, horrela, antolaketa-eredu berriak eta ikuspegi sozialeko bide berriak garatzen laguntzen dutela, betiere teknologia berriak erabiliz.

Bizkaiko Foru Aldundiak azaroan enkargua egingo dio Azpiegituraki Bilboko Etxaniz Zentroan bi zerbitzu eman ditzan, alde batetik eguneko arreta-zerbitzu bat eta, bestetik, zerbitzu bat mendekotasun-egoeran dauden pertsonak etxean mantentzeko laguntza- eta prebentzio-teknologiekin.