2020(e)ko urriaren 30(a) 16:00

Aldundiak naturguneetara egiten diren bisitetan osasun-agintariek eta inguruneak ezarritako jarraibideak errespetatzea eskatzen du

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Aldundiak herritarrei gogorarazten die nahitaez bete behar dituztela Eusko Jaurlaritzak alarma-egoeraren dekretuan aire libreko jarduerak egiteko ezarri dituen arauak. Horrez gainera, naturguneak bisitatzean jaramon egin beharreko gomendioak ere aipatzen ditu.

Alarma-egoera adierazi ondoren mugimenduak murriztuta daude. Hori dela eta, asteburu honetarako eguraldi ona iragarri denez gero, Bizkaiko Foru Aldundiak herritarrei eskatzen die egin diezaietela kasu osasun-agintaritzen jarraibideei eta, aldi berean, zaindu ditzatela Bizkaiko naturguneak (mendiak, hondartzak...).

Hain zuzen ere, Foru Aldundiak gogorarazten du nahitaez bete behar direla Eusko Jaurlaritzaren 36/2020 Dekretuak alarma-egoera indarrean dagoen artean aire libreko jardueretarako ezartzen dituen arauak. Horrez gainera, naturguneetara doazenei eman ohi zaizkien gomendioak aipatzen ditu:

  • Ahal dela, naturguneetara oinez joan behar da. Norberaren ibilgailuan baino ezin bada joan, berariaz ezarritako aparkalekuetan utzi behar da.
  • Jaramon egin behar zaie seinale eta jarraibide guztiei.
  • Ez da utzi behar inolako hondakinik. Inguruan zakarrontzirik edo edukiontzirik badago, haietara bota behar da zaborra; halakorik ez badago, hondakinak naturgunetik atera behar dira eta kanpoko edukiontzietara bota.
  • Ataka edo langa batetik pasatzen den bakoitzean itxi egin behar da.
  • Ezin da uxatu ganadua, ez eta hurbildu ere.
  • Txakurra eramanez gero, lotuta edo kontrolpean eduki behar da beti.
  • Adierazitako ibilbideetatik ibili behar da, eta ezin da sartu inoren lurretan.
  • Bisitatzen den aldea babestuta badago, joan aurretik arautegiaren berri jakin behar da.
  • Bizikletan joanez gero, abiadura geldotu behar da bidean inor topatzen denean eta baserrien edo etxeen ondotik pasatzen denean.
  • Urritik apirilera bitartean, kontu handiarekin ibili behar da Bizkaiko mendietatik, basurde-ehizako denboraldia baita; izan ere, ehiztariek basurdetan egin dezakete alarma-egoeran. Hori dela eta, hoberena mendiko bideetatik eta zidorretatik ibiltzea da, horrelakoetan ipintzen baitira ehiza-uxaldien berri ematen duten seinaleak.
  • Itsasoan ez da bainatu behar denboralditik kanpo, hau da, soroslerik ez dagoenean.
  • Atsedenlekuetara joanez gero, osasun-agintaritzek pertsona-taldeen kopuruaz, pertsonen arteko distantziaz eta maskaren erabileraz ezarritakoa bete behar da. Gainera, ez da zaratarik egin behar, ez gainerako pertsonei eragozpenak sortu, eta hondakinak bildu eta atsedenlekuetan dauden zakarrontzietara bota behar dira.