2020(e)ko urriaren 19(a) 11:53

Aldundiak Durangoko egoitza-zentroetako bisitariei ere egingo dizkie prebentzio-baheketak

Gizarte Ekintzako Saila

Neurria egoiliarren bisitak bertan behera geratzea saihesteko hartu da, eta transmisio komunitariorako arriskua dagoen guztietan aplikatuko da. Aldundiaren erantzun azkarreko taldeek astearte honetarako hitzordua eman diete Durangaldeko egoitza-zentro eta eguneko zentroetako 511 profesionali, eta, asteazkenerako, eskualdeko zentroetako egoiliarren bisitariei eta Bizkaiko beste egoitza batzuetan bisita egiten duten eskualdeko pertsonei, guztira, 311 laguni. Aurreko sei eskualde-baliabideetan, PCR proba egin zitzaien 2.780 profesionalen artean, 14k baino ez dute positibo eman; beraz, kasu horretan, geldiarazi egin da zentroetako birusaren hedapena.

Aldundiaren erantzun azkarreko taldeak egunero ari dira PCR probak egiten, positibo izan daitezkeen kasuen bila; aste honetan, berriz, prebentziozko beste baheketa bat egingo dute, Durangaldeko eskualdean. Bihar, asteartean, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen zentro soziosanitarioetan (10 egoitza, eguneko arretako 6 zentro) diharduten profesionalei egingo zaizkie PCR probak, eta, asteazkenean, lehenengo aldiz, bisitariei egingo zaizkie, bai Durangaldeko egoitza batean senideak bisitatu dituztenei, bai Bizkaiko beste zentro batzuetako egoiliarrak bisitatu dituzten eskualdeko pertsonei. Neurria egoiliarren bisitak bertan behera geratzea saihesteko hartu da, eta transmisio komunitariorako arriskua dagoen guztietan aplikatuko da.

Foru Erakundeak astearte honetarako hitzordua eman die Durangaldeko egoitza-zentro eta eguneko zentroetako 511 profesionali, eta, asteburuan zehar, asteazkenerako eman die eskualdeko zentroetako egoiliarren bisitariei eta Bizkaiko beste egoitza batzuetan bisita egiten duten eskualdeko pertsonei, guztira, 311 laguni. Probak Durangoko Elkartegian egingo dira.

Durangaldekoarekin, zazpi dira positibo izan daitezkeen pertsonak bilatzeko Aldundiak abuztuaren amaieratik abiarazi dituen eskualde-baliabideak. Aurrekoak toki hauetan egin dira: Gernikan (Busturialdea), Amorebietan (Durangaldea eta Arratia) Mungia (Mungialdea etaTxorierri), Zalla (Goi Enkarterri), Markina (Lea Artibai) eta Abanto-Zierbena (Meatzaldea). Emaitzetan oinarriturik, PCR proba egin zaien 2.780 profesionalen artean, 14k baino ez dute positibo eman; beraz, kasu horretan, geldiarazi egin da zentroetako birusaren hedapena.

Ekainetik, erantzun azkarreko foru-taldeek 17.000 PCR baino gehiago egin dizkiete adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen Bizkaiko egoitza-zentroetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileei eta profesionalei. Egindako proben % 94,68k emaitza negatiboa izan dute.