2020(e)ko urriaren 18(a) 10:00

61.006 pertsonak bisitatu dute uda honetan Gaztelugatxeko Doniene

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Babestutako kokagune horretara %80 murriztu da joan-etorria, batez ere Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako edukiera-mugengatik, osasun-agintariek ezarritako segurtasun-baldintzak betetzen direla bermatzeko, betiere COVID-19aren hedapena geldiarazte aldera. Abuztuan izan dira bisita gehien (22.729), baina bisitari gehien uztailean izan dira, zehazki, 24an eta 17an. Atzerriko turismoa % 4,4ra jaitsi da, iaz % 29,31 izan zen.

Aurtengo uztailean, abuztuan eta irailean nabarmen murriztu da Gaztelugatxeko Donieneko joan-etorria, batez ere Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako edukiera-mugengatik, osasun-agintariek COVID-19ren hedapena geldiarazteko ezarritako segurtasun-baldintzak betetzen direla bermatzeko, baina baita planeta osoko turismo-fluxuen aldaketa garrantzitsuengatik ere.  Hala, aurtengo uda ezohikoan, biotopo babestuak 61.006 bisita izan ditu; iaz, aldiz, 322.813 bisita izan zituen, hau da, % 80ko beherakada.

Abuztuan izan da jende gehien, 22.729 pertsona hurbildu baitira bertara.  Uztailean 21.528 bisita izan ziren eta irailean 16.749.  Uztailaren 24an (845 pertsona), uztailaren 17an (842), abuztuaren 10ean (840) eta irailaren 9an (837) jaso zituen turista gehien Gaztelugatxek. Jende gutxien bildu den egunak uztailaren 31 (521 bisitari), irailaren 26a (578), irailaren 27a (613) eta abuztuaren 30a (640) izan dira.

Udako egoera bereziak direla eta, jende gutxiago hurbildu da leku horretara, eta aldaketa handiak eragin ditu bertara hurbildu diren pertsonen jatorriari dagokionez.  Izan ere, atzerriko turismoa % 29,31koa zen iaz, eta % 4,4ra jaitsi da.  Estatuko turismoa % 95,60koa da aurten, iaz % 70ekoa baitzen.

Frantzia eta Belgika dira atzerriko turista gehien biltzen dituzten herrialdeak, eta, Estatuko hainbat lekutatik Gaztelugatxera hurbildu zirenen artean, gehiengoa dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetatik etorritakoak ( % 22,39), eta ondoren Madriletik etorritakoak ( % 21,89) eta Bartzelonatik etorritakoak ( % 11,15).


Bideoak