2020(e)ko urriaren 15(a) 11:42

Diru-bilketaren jaitsiera dela-eta, Bizkaia bakarrik proiektu eraldatzaileak sustatzeko zorpetuko da

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Bizkaiko Foru Aldundiak Finantzen Euskal Kontseiluan 2020rako eta 2021erako diru-bilketa aurreikuspenak aurkeztu ditu, hurrenez hurren, 6.904,7 eta 7.341,6 milioi eurokoak. Horrez gain, aldundia 300 milioi eurora arte zorpetu ahal izango da proiektu garrantzitsuak egikaritzeko, izan ere, Rementeriak esan du, etorkizunean ez garela zorrean itoko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, 2020ko ekitaldia 6.904,7 milioi euroko diru-bilketarekin itxiko da. Horrek esan nahi du, 2019ko diru-bilketarekin alderatuz, % 13,6ko jaitsiera egongo dela. Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, pandemiaren diru-bilketa deitu duena igaro ondoren, 2022rako aurreikuspena % 6,3koa izatea espero da, hain zuzen ere, 7.341,6 milioi euroko diru-bilketa. 

Ahaldun Nagusiak gaur aurkeztu ditu zifra horiek Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan, eta, azpimarratu du pandemiaren ondorengo egoera oso zaila dela, baliabideak eta diru-sarrerak gutxitu baitira. Era berean, Rementeriak azpimarratu du pandemia egoeran jarraitzen dugula, eta nahiz eta 2021eko aurreikuspenen arabera egoera pixka bat hobetuko den, arriskua dago diru-sarrerak berriz ere jaisteko. Ziurgabetasun egoera horren aurrean, esan du une hau ahalik eta hobekien igarotzen saiatu behar dugula.

Horretarako, Bizkaia, aurten eta 2021ean baita ere, 300 milioi eurora arte zorpetu ahal izango da. Irtenbide puntuala da Rementeriak aipatu duenez, izan ere, defizit hori, interesekin ordaindu beharko da etorkizunean. Horregatik, esan du defizita jarduera, enplegua eta ongizatea sortzeko proiektu eraldatzaileak sustatzeko erabili behar dela; proiektu horiek egikaritu egin behar direla aipatu du, albo batera utzita Europako edo bestelako funtsak iristen diren edo ez.

Hona hemen Finantzen Euskal Kontseiluan aurkeztutako eta/edo erabakitako zifra nagusiak. Bertan parte hartzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eudelek.

2020ko diru-bilketaren aurreikuspena

Bizkaiko Foru Aldundiak 2020ko ekitaldia 6.904,7 milioi euroko diru-bilketarekin ixtea aurreikusi du.

Hala, 2019ko diru-bilketarekin alderatuz, jaitsiera % 13,6koa izango da (-1.090,4 milioi eurokoa), izan ere, 2019an, 7.995,1 milioi euro bildu ziren.

Horrez gain, orain dela urtebete, 2020ko ekitaldirako ezarri zen diru-bilketaren aurrekontuaren (8.141,1 milioi euro) % 84,8 da (-1.236,4 milioi euro, hain zuzen ere).

2021eko diru-bilketa aurreikuspena

Bizkaiko Foru Aldundiak kalkulatu du 2021eko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean 7.341,6 milioi euro bilduko direla.

Zifra hori 2020ko ekitaldi bukaerako aurreikuspenarekin alderatuz, % 6,3ko gehikuntza sortuko da (+436,9 milioi euro).

2021eko ekarpen koefizientea

Finantzen Euskal Kontseiluan Bizkaiarentzat ezarritako ekarpen koefizientea % 50,29koa da. Zenbateko horrekin erakunde komunetara egiten diren ekarpenak banatzen dira, eta aurtengoarekin alderatuz (% 50,39), hamarren bat baxuagoa da. Arabako 2021erako koefizientea % 16,22koa da, eta Gipuzkoakoa, % 33,49koa.

2021erako ekarpenak

Finantzen Euskal Kontseiluak erabaki du 2021ean, hiru foru aldundiek 9.619,1 milioi euroko ekarpena egingo dutela Eusko Jaurlaritza finantzatzeko. Ekarpen koefizienteetan oinarrituz, Bizkaiak 4.837,5 milioi euroko ekarpena egingo du.

2021eko doikuntzarako funts orokorra

Finantzen Euskal Kontseiluak 2021erako aurreikusitako doikuntzarako funts orokorra 122,7 milioi eurokoa da, eta, Bizkaiak, 18,5 milioi emango ditu. Funts hori Arabako eta Bizkaiko lurralde historikoetan banatuko da.

2021eko gizarte zerbitzuen funtsa

Prestazioen eta Gizarte Zerbitzuen Zorroaren erakunde arteko funtsak, 2021eko ekitaldian, berriz ere, 20 milioi euro izango ditu, Bizkaiak, hiru milioi euro emango dituelarik.

Defizit gaitasunaren banaketa

Finantzen Euskal Kontseiluan banatu egin da Itun Ekonomikoko Batzorde Mistoan erabakitako foru aldundien defizit gaitasuna, eta, 2020an, BPGd-aren % 0,9 da, eta 2021ean, % 0,8.

Ekarpen koefizienteak aplikatuz, banaketak, Bizkaiari, 2020rako 298,55 milioi euroko defizit gaitasuna ematen dio, eta, 2021eko ekitaldirako, 294,34 milioi eurokoa.