2020(e)ko urriaren 13(a) 12:14

Bizkaiak turismoaren sektoreko mikroETE eta enpresentzako dirulaguntzetarako bi lerro berri onetsi ditu

Ekonomia Sustatzeko Saila

Hamar langile arteko enpresek 15.000 euroko mikrokreditu bat eskatu dezakete. Gaur bertan onetsi da 4.000 eurora arteko turismoaren sektorearentzako dirulaguntza zuzenen dekretu bat

Ainara Basurko, Cristina Múgica eta Joseba Mariezkurrena

Ekonomia Sustatzeko Sailaren Bizkaia aurrera! planaren lehenengo neurriak lurraldeko mila enpresa ingururi heldu zaizkie jada

Ekonomia Sustatzeko diputatua den Ainara Basurkok gaur iragarri ditu enpresentzako dirulaguntzen lerro berriak, eta konfinamenduan premiazko suspertzerako Bizkaia aurrera! planaren esparruan diseinatutako lehenengo programen irismena ebaluatu du. «Lurraldeko ia 1.000 enpresa izan dira Ekonomia Sustatzeko Sail honek abiarazi dituen programen onuradun, eta babesa jaso dute. Hasierako konfinamenduaren ostean, programen helburua izan da jarduera ekonomikoak egokitzea eta berriz aktibatzea. Orain arte mila enpresa ingururi eman diegu laguntza foru-erakundeak egindako 14.3 milioi euroko inbertsioarekin», zehaztu du diputatuak.

Eragin garrantzitsua izan du, eta askotariko enpresen premietara eta tipologietara bideratutako hiru programa zehatzen bitartez lortu da: suspertze adimendunaren programa bat, industriari lotutako sektoreen merkataritza berraktibatzeko sortu dena; Seed Capital mikrokredituak, eta Elkargirekin egindako gabezien programa, zeinaren bitartez, 78 milioi euroko maileguen atzerapenak eman zaizkien 300 enpresari.

Joseba Mariezkurrena Enpresa Lehiakortasuna eta Ekintzailetza zuzendariarekin eta Cristina Múgica Lurralde Lehiakortasuneko eta Turismoko zuzendariarekin batera, diputatuak epe laburrerako bi laguntza berri iragarri ditu. Laguntza horiek aurretik iragarritakoekin egingo dute bat, besteak beste, hurbileko merkataritzan eta ostalaritzaren zein turismoaren sektorean kontsumitzea sustatzeko bonuen kanpainak. «Bizkaia aurrera! plan bizi bat da, eta hilabete hauetan enpresa-ehunean sortu diren premietara egokitzen joan da, betiere, beste erakundeetako beste laguntza batzuen osagarri izanda», adierazi du Basurkok.

Bizkaia aurrera! Mikrokredituak, 2. fasea

Mikrokredituen beste lerro bat da, eta Seed Capital sozietatearen bitartez egingo da, 7.500 euro eta 15.000 euro arteko gehieneko zenbatekoarekin. Interesik, gasturik eta komisiorik gabe. Dagoeneko ireki da 10 langile arteko mikroenpresnetzako eta oinarri teknologikoko 5 urteko antzinatasuna duten start-upentzako eskabideak aurkezteko epea . Gainera, bateragarriak dira ICO eta Elkargik abalatutako maileguekin. Baldintza bakarra da mailegua erabiltzea merkataritza, produkzio eta antolaketa suspertzearekin zerikusia duten gastuak ordaintzeko. Ezin izango da zorra berriz finantzatzeko edo pasiboa berriz egituratzeko erabili.

Informazio gehiago eta eskabideak: https://www.seedcapitalbizkaiamikro.org/?locale=eu

Joseba Mariezkurrenak azaldu du oso garrantzitsua dela merkatuan 8 milioi euroko zenbateko global bat duen beste kreditu-lerro bat ezartzea enpresa txikiei laguntza emateko. «Ziurgabetasun egoera global honekin jarraitzen dugu, baina enpresa bakoitzak bere premiak baloratu eta erabakiak hartu ahal izan ditu. Hori dela eta, garrantzitsua iruditzen zaigu une honetan bertan kreditu-lerro berri hau mikroETE-en esku uztea».

Turismoaren sektorearentzako laguntzen dekretua

1.150.000 euroko foru-inbertsioa egingo da Covid-19aren ondorioz kaltetutako turismo-sektoreko autonomo eta ETE-entzako dirulaguntza zuzenen programa berrian. Hain zuzen ere, likidazioa emateko, sektorearen jarduerari eusteko eta turismoaren sektoreko enpresei bultzada emateko egingo da. Laguntzak 4.000 euro artekoak izango dira, eta honako hauek eskatu ahal izango dituzte, besteak beste: turismo-ostatuak, gidari profesionalak, bidaia-agentzia hartzaileak eta turismo aktibo eta ekitaldietako enpresak. Eskaerak egiteko epea urriaren 16an hasiko da.

«Dirulaguntzetan sinpletasunari eta arintasunari eman diegu lehentasuna, sektoreko autonomoek eta enpresek funtsezko enpresa-betebehar batzuei aurre egiteko aukera izan dezaten. Horrela, jarduerari eta enpleguari eutsi ahal izango diete, bai eta Bilbao Bizkaian kalitate oneko turismo-zerbitzuen eskaintza ona emateari ere. Sektoreko 300 enpresa baino gehiagora heltzea da helburua», zehaztu du Cristina Múgicak.

Kontsumoa sustatzeko bonuakLurralde

Lehiakortasuneko eta Turismoko zuzendariak gogoratu du, halaber, urriaren 28tik aurrera merkataritza, ostalaritza eta turismorako 210.000 bonu egongo direla eskuragarri Bizkaian. Bi modalitate izango dituzte bonuek. Bono Denda Euskadi eta Bono Turismo Euskadi.

Bizkaiko Foru Aldundiak erakundeen arteko ekintza honetan parte hartuko du 1.840.000 euroko inbertsioarekin. Bonuek berezitasun zehatz batzuk izango dituzte lurraldean. Bono Dendaren kasuan, saltokiez gain, lurraldeko artisautza-erregistroan dauden artisauek eman ahal izango dute izena, eta artisautzako erosketetan aplikatuko diren beherapen-bonuek ez dute eraginik izango pertsona bakoitzaren bonuen mugan. Gauza bera gertatuko da Q profesionala araua betetzen duten eta irudi pertsonala lantzen duten establezimenduetan. Bono Denda Euskadi kanpaina abenduaren 30ean amaituko da. Bono Turismo Euskadi bonuaren kasuan, ordea, maiatzaren 31ra arte egongo da indarrean, kontuan hartuta turismo-jarduerentzako data egokiagoetan erabilita sektorearen eskariak gora egingo duela.

«Nabarmendu nahi dut programarekin bat egin nahi duten turismoko eta ostalaritzako saltoki, enpresa eta profesional guztiak garaiz dabiltzala, hilabete honetara arte egongo baita epea irekita, urriaren 27ra arte, zehazki", azaldu du Múgicak.


Argazkiak


Bideoak


Audioak