2020(e)ko urriaren 09(a) 11:00

Erabiltzaileek 7,92ko puntuazioa eman diete Bizkaiko hondartzei, eta maiztasun berarekin bertaratu dira, COVID-19a gorabehera

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Aurtengo denboraldian, Bizkaiko Foru Aldundiak urtero egin ohi duen inkestari atal bat bat gehitu zaio, pandemiari aurre egiteko neurriak aztertzeko. Inkestatik ateratako ondorioen artean, hamar pertsonatik zazpi seguru sentitu dira hareatzan zein uretan gorde beharreko distantziei dagokienez. Aurten ere, segurtasuna izan da Bizkaiko hareatzetan ondoen baloratutako alderdia (8,78 puntu, 10 punturen gainean), eta, segurtasunaren barruan, istripuen prebentzio, sorospen eta laguntzarako zerbitzuak jaso du puntuaziorik onena, 9,81 puntu. Hondartzan emandako denbora laburtu da: iazko batezbestekoa 4,25 ordu eguneko; azken denboraldian, berriz, 3,67 ordu. Sorosleek 5.099 laguni eman diete arreta; gehienei (2.825) zuriengatik eta sabiroien ziztadengatik (750). Hondartzetara joandakoen kopuruak % 6,48 egin du behera; guztira, 2.708.560 lagun bertaratu dira, ohi baino 15 egun geroago hasi den denboraldi batean. Hondartzak 20 egunetan itxi dira: bat ekainean; 9 uztailean, 6 abuztuan, eta 4 irailean.

Bizkaiko hondartzen denboraldiko balantzea 2020

Erabiltzaileek aurten ere oso ongi bat eman diete (7,92) Bizkaiko hondartzei, COVID-19ak sortutako egoerak eragin nabarmena izan duen denboraldi batean. Hala ere, horrek ia ez du gutxitu hondartzetara joan diren erabiltzaileen kopurua; hala aitortu dute pertsona horiek, Bizkaiko Foru Aldundiak halako naturaguneekin lotutako alderdien berri izateko urtero egin ohi duen inkestaren bidez. Izan ere, inkestari erantzun diotenen % 58,9k adierazi du iaz beste bider joan dela hondartzara; beste % 12,9k, berriz, iazko udan baino gehiagotan. Bertaratutakoen kopuruari buruzko datuek berretsi egiten dute hori; izan ere, aurtengo denboraldia geroago hasi bazen ere, 2.708.560 lagun joan dira hondartzara, 2019an baino % 6,48 gutxiago.

Foru Erakundearen inkestari erantzun diotenek segurtasuna baloratu dute ondoen; hain zuzen, alderdi horri 8,78ko puntuazioa eman diote, 10 punturen gainean. Puntuazio hori garbi gainditzen du istripuen prebentzio, sorospen eta laguntzarako zerbitzuak (9,81 puntu), bai eta bainatzeko segurtasunak (9,46 puntu) ere. Seguruen jotako hondartzak Arriatera-Atxabiribil (9,30), Ea (9,22), Karraspio (9,21) eta Gorliz (9,19) dira, eta gainerakoetan, batek ere ez du jaso 7,19 puntutik (oso ongi) beherago kalifikaziorik. Bestalde, hondartzainen lanak 8,44 puntuko balorazioa izan du.

Hondartzetako garbitasuna oso ongira heldu da (7,83), eta hareatzako garbitasunak eta kontserbazioak puntuazio hobea lortu dute (8,13, kasu bietan). Paperontzien eskuragarritasunak behera egin du 7,24ra (2019an 8,19 puntu lortu zituen). Baina, aurtengo denboraldian, pandemiak eragina izan du garbitasunarekin lotutako alderdi honetan, haren ondorioz ezin izan baita paperontzirik jarri hareatzan (hondartzetako sarbideetan bakarrik). Garbitasunari dagokionez balorazio onena lortu duten hareatzak Ogella (8,65), Ea (8,56) eta Aritzatxu (8,21) dira.

Zerbitzuek zein ekipamenduek 7,17 bat lortu dute aurtengo denboraldian, arlo horretan 2019an lortutako puntuazioa baino txikiagoa, dutxa-kopuruari buruzko balorazioan (aurten 6,36) izandako beherakadaren ondorioz. Aurten dutxa gutxiago jarri dira, halako ekipamenduen erabiltzaileen arteko distantziak mantentzea bermatzeko.

Erabiltzaileak nola joan diren hondartzetara

Hondartzetara joateko modua dela eta, esanguratsua da ezen, pandemia gorabehera, eutsi egin zaiola egunero edo astean bizpahiru egunetan joan diren pertsonen ehunekoari (2020an % 53,4, 2019an % 53,1). Orobat, ez dago alderik erabiltzaileak hondartzetan bainatzeko maiztasunean (% 83k egin ohi du), ez eta hondartza jakin bat aukeratzeko arrazoian; gehienetan (% 40,5) hurbiltasunagatik aukeratzen da.

Apur bat igo da hondartzara ume barik joan direnen kopurua: aurten, hamarretik zortzi izan dira; iaz, hamarretik zazpi. Ume gehien jaso dituzten hareatzak Isuntza, La Arena eta Laida izan dira, hurrenkera horretan.

Gainera, gutxiago izan dira hareatzeetara autoz joan direnak (aurten % 51,3, 2019an % 53,9), eta gehiago izan dira oinez bertaratu direnak (aurten % 31,2, 2019an % 24,6).

Hondartzen erabiltzaileen azturekin lotutako diferentziarik nabarmenena haietan emandako denboraren laburtzea da. Iazko batezbestekoa 4,25 ordu izan zen (aurreko urteetan bezalatsu); aurten, berriz, 3,67 ordu izan da.

Maiztasun bera, COVID-19a gorabehera

Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiak urtero egin ohi duen inkestari atal bat bat gehitu zaio, erabiltzaileen pertzepzioak eta COVID-19arekin eta hondartzak bisitatzearekin lotutako zenbait alderdi aztertzeko. Hareatzetara joan direnen erantzunetatik atera daitekeen ondorio nagusia da ezen, pandemia gorabehera, ez dela murriztu halako natura-espazioak erabiltzeko maiztasuna. Hain zuzen, % 58,9k baieztatu du maiztasun berarekin joan dela hondartzara; beste % 12,9k, berriz, iaz baino gehiagotan joan dela.

Gainera, segurtasun-sentsazio bat orokortu da, hareatzan zein urtetan gorde beharreko segurtasun-distantziei dagokienez. Hondartzan seguru sentitu diren pertsonen ehunekoa % 77,9 da, eta, uretan, seguru sentitu direnena % 7,9.

Gehienek ikusi dituzte COVID-19ari buruzko informazioa emateko jarritako seinaleak eta kartelak (% 83,6), eta modu positiboan baloratu dute gaiari buruzko informazioa emateko erabilitako megafoniaren erabilgarritasun eta argitasuna; arlo horri emandako puntuazioa 7,39 puntu da, 10en gainean.

Megafoniaz gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak beste bi kanal baliatu ditu hondartzei buruzko informazio guztia eskaintzeko: web-orria eta BizkaiUP aplikazioa. Inkestari erantzun dioten pertsonen % 23,6k lehenengoa erabili du, eta % 16,4k, bigarrena. Bestalde, tresna biek jaso dute puntuazio altua, argitasunaren eta erabilgarritasunaren arloan: 7,54, web-orriaren kasuan, eta 7,72 app-ean.

Okupazio altuko momentuak seinaleztatzeko jarritako anbar-koloreko bandera ere oso ongi batekin baloratu dute (7,27) haren berri izan duten pertsonek (inkestatutakoen % 76,5).

Hondartzetara joandako lagunen kopurua

Bertaratutakoen kopuruari buruzko datu errealek baieztatu dituzte inkestan jendeak hondartzara joan den maiztasunari buruz emandako erantzunetatik ateratako ondorioak. Ohi baino hamabost egun geroago hasi zen denboraldi batean (ekainaren 15ean, ekainaren 1ean barik), 2.708.560 pertsonak bisitatu dituzte Bizkaiko hondartzak; hau da, bakarrik % 6,48 gutxiago, 2019. urtearen aldean. Ohi denez, uztailean eta abuztuan kontabilizatu dira erabiltzaile gehien (1.055.914 eta 785.736, hurrenez hurren). Ekainean, denboraldia hamabost egun geroago hasita ere, bizkaitar gehiago bertaratu dira irailean baino (448.647 pertsona ekainean; 418.263 irailean). Baliteke iraileko azken bi asteetan egin duen eguraldi txarra erabakigarria izatea diferentzia horretan.

Bisita gehien jaso dituzten hondartzak hauek dira: Ereaga (327.206 pertsona), La Arena (306.632), Gorliz (263.275), Arriatera-Atxabiribil (226.651) eta Plentzia (221.040). Eta bisita gehien egin diren denboraldiko egunak: uztailaren 19a (86.202 erabiltzaile), abuztuaren 6a (76.362) eta irailaren 13a (75.416).

Denboraldian zehar, anbar-koloreko bandera —istripuen prebentzio, sorospen eta laguntzarako zerbitzuak hondartzetako okupazio altua seinaleztatzeko erabilitakoa— 300 bat aldiz igo da; hori, batzuetan, behin baino gehiagotan gertatu da hondartza berean eta egun berean. Oro har, egun eguzkitsuetan jazo da, eta egun horietan itsasgora zegoenean.

Hondartzak dauden udalerrietako udalekin batera okupazioa kontrolatzeko ezarritako dinamikarekin bat, 20 hareatza itxi dira 20 egunetan: hondartza bat ekinean (ekainaren 30ean); bederatzi uztailean (4, 5, 13, 18, 19, 20, 25, 30 eta 31n); sei abuztuan (5, 6, 16, 19, 20 eta 27an), eta lau irailean (2, 3, 4 eta 13an). Bi momentutan itxi dira 9 hondartza aldi berean: abuztuaren 19an, (La Arena, Las Arenas, Muriola, Gorliz, Bakio, Aritzatxu, Laga, Isuntza eta Karraspio) koefiziente altuko (99) itsasgora batean; eta irailaren 13an (La Arena, Barinatxe, Arriatera-Atxabiribil, Muriola, Plentzia, Gorliz, Aritzatxu, Toña etaLaga), kasu horretan ere itsasgora zegoela.

Istripuen prebentzioa, sorospena eta laguntzarako zerbitzua

Hondartzak erabili dituzten pertsonei buruzko zifrak sorosleek eman dituzten laguntza-zerbitzuen kopuruan ere islatu dira. Istripuen prebentzioa, sorospena eta laguntzarako zerbitzuak —Gurutze Gorriak Bizkaiko Foru Aldundiari ematen dion zerbitzua— 5.099 pertsona artatu ditu denboraldian zehar (iaz, 6.205); haietatik gehienek (5.001) hareatzan bertan jaso zuten arreta, eta 98 lagun bakarrik eraman behar izan zituzten osasun-zentro batera.

Sorosleen jarduketen erdiak baino gehiago (2.825) zauriak zaintzeko izan dira; sabiroien ziztadak direla-eta egindakoak ere ugari izan dira (750). Gainera 118 erreskate egin dituzte itsasoan.

Bestalde, hondartzainek iaz baino erreklamazio gutxiago jaso dituzte, eta iaz baino gertaera gutxiago erregistratu. Lehenengoak 940 izan dira (2019an, 1.084); bigarrenak, berriz, 104 (aurreko denboraldian, 194).

442.730 kilo hondakin bildu dira

Aurtengo denboraldian zehar, 442.730 kilo hondakin batu dira Bizkaiko hareatzetan; haietako gehienak, hain zuzen, 384.347 kilo erabiltzaileek sortu eta hondartzetako sarbideetako paperontzi eta edukiontzietan botatakoak dira. Gainerakoak itsasaldiek kostara ekarritakoak dira.

Aurten, hondakinen guztizko kopurua txikiagoa izan da (% 6,4 gutxiago), batez ere marea eta euri gogorrik ezak % 50,27n murriztu duelako itsasaldiek ekarritako hondakinen kopurua. Jaitsiera hori gorabehera, paperontzi berdeetan (gainerakoa) jasotako hondakinen kopuruak gora egin du % 10,35.


Argazkiak


Bideoak