2020(e)ko urriaren 11(a) 10:00

Ertibil Bizkaiaren 38. edizioan 18 artistaren lanak iritsiko dira Igorrera

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Erakusketa ibiltaria urriaren 14tik azaroaren 8ra bitartean egongo da ikusgai Igorreko Kultur Etxean eta ondoren Basaurin eta Ermuan izango da.

ERTIBIL BIZKAIA 2020

Ertibil Bizkaia 2020 erakusketak gorabidean dauden 18 artistaren lanak biltzen ditu eta Bizkaiko lau udalerritan egongo da ikusgai.

Igorreko Kultur Etxea da erakusketa ibiltari honen bigarren geltokia. Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, azaldu duenez, "ERTIBILI buruz hitz egitea talentuari buruz hitz egitea da, Bizkaiaz, Arteaz. Proiektu finkatua da eta bere helburua Bizkaian sormen lana garatzen ari diren artista berriei laguntzea eta artista horiek sustatzea da."

Ertibil Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Ikus-Arteen Erakusketa Ibiltaria da eta dagoeneko 38. edizioa du. Aurtengo edizioan, berriz ere, Bizkaian talentua badagoela frogatzen da, 113 artistaren eta espezialitate guztietako 160 lanen parte-hartzearekin. Horien artean hautatu dira aurtengo erakusketa osatzen duten 18 lanak.

Hauek dira ERTIBIL BIZKAIA 2020an saritutako artistak: lehen saria, Helena Goñi, "Dos retratos de Gabe en el tren" lanarekin; bigarren saria, Maite Leyun, "Kitty & Co" obrarekin, eta hirugarren saria, Daniel Llaria, "Be seen be safe" lanarekin.

ERTIBIL BIZKAIA Ikus-Arteen Erakusketa Ibiltaria abuztuan hasi zen Bilboko Rekalde Aretoan, eta urriaren 14an Igorreko Kultur Etxera iritsiko da eta bertan egongo da azaroaren 8ra arte.  Ondoren, erakusketa Basaurira (Ariz Dorrea) joango da, azaroaren 10etik 29ra bitartean, eta Ermuko Lobiano Kultur Gunean amaituko du bere  ibilaldia, abenduaren 1etik 29ra.

1. saria

HELENA GOÑI (Getxo, 1990)

Dos retratos de Gabe en el tren, 2019

Helena Goñik bi irudi horiek Kanadan zehar bakarrik egindako bidaia batean egin zituen;  artista hara joan zen haurtzaroan urte eta erdian bertan bizi ondoren han utzi zuen iraganarekin topo egitera. Toronto eta Edmonton arteko zenbait eguneko tren-ibilbide luze batean hainbat bidaiarirekin harremanetan jarri zen, eta horien artean zegoen Gabe, bere portaera lotsati eta izaera enigmatikoagatik liluratu zuen ile berdeko gaztea.

2. saria

MAITE LEYÚN ORRICO  (Iruñea, 1986)

Kitty&Co, 2019

Taiwanen egindako proiektu baten emaitza gisa, Kitty & Co-k gogoeta bat proposatzen du animazioko pertsonaiek Asiako herri-kulturan dituzten interpretazio-desberdintasunei buruz; izan ere, pertsona horiek eremu sozial eta politiko desberdinetan kokatu dira behin betiko. Ordea, mendebaldeko kulturan, pertsonaia horiek jolas- eta haurtzaro-munduari lotuta daude nahitaez.

3. saria

DANIEL LLARÍA (Logroño, 1985)

Be seen be safe, 2019

Stop-motion eta time-lapse tekniken konbinazioari esker (hargune eta plano anizkoitzak, irudi zatikatuak, kamera-mugimendu eta -errotazioak, esposizio-denbora luzeak eta argiztapen ezegonkorra oinarri hartuta), Daniel Llaríak ikertzeko aukera du, eskultura eta bideoaren arteko erdibidean, eta emaitza ikusizko jarraitutasun etena da, espazioaren eta denboraren arteko erlazioei eta mugimenduan duten irudikapenari buruzkoa.

Asier Aguayo Cintora (Bilbo, 1997)

Figura en un espacio limitado

Lehen ikusmen plastiko hutsaren kolpearen ondoren, gaur egungo gizabanakoaren izaera tragikoaren kontzientzia erradikala agertzen da dekoratu limurtzaile eta estetizatuan, gizarte garaikidearen ezaugarri dena alegia; XX. mendearen bigarren erdian Francis Baconek definitutako unibertsoa gogorarazten duen estanpa iradokitzailea.

Raquel Asensi (Barakaldo, 1989)

Sacculus Plasticus, 2019

Zeramika beiraztatuzko piezek, kontrakonposizio duromaleagarriaren bidez, plastikotasuna (erreala eta pertzepziozkoa) eta izaera findua adierazten dituzte, eta izenburuak erreferentzia moduan hartzen ditu  kontsumo-kulturaren bereizgarri diren plastikozko poltsak, destino bakartzat delektazio plastikorako objektu bihurtzeko funtzio praktikoa galtzen duten eguneroko artefaktu gisa duten berezitasuna.

Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989)

F.O.F.

Srecko Horvat edo Slavok Zizek bezalako pentsalariek garatutako There is no love without a fall ideiatik abiatuta, Nora Aurrekoetxeak maitasunaren esperientziaren pertzepzioan hizkuntzak duen garrantziari buruzko hausnarketa egiten du; ingelesezko eta frantsesezko formak fall in love/tomber amoreux kontzeptua barne hartzen du.

Detrito (Bogotá, 1989)

La muela, 2020

Hortz-klinika batean emakume bati hagin bat ateratzen diote. Ondoren, pieza hori ebakuntza-gela batean gizon baten begian aplikatzen da. Estetika alai baten bidez eta collagetik -irudiak gainjartzea, pertsonaien mugimendu arinak eta dinamikoak, naturaren aurkako eskalak- hurbil dagoen tratamendu pertsonal eta arduragabearen bidez La muela animaziozko film laburrak osteo-odonto-keratoprotesis izenez ezagutzen den teknika kirurgiko aparta interpretatzen eta ilustratzen du maila bisualean.

Guido Di Marzio (Pescara, 1990)

Crash, 2019

Crash Antzinako izeneko serie baten zati da, aurkitutako mihiseak, markoak eta material piktorikoak birziklatuz osatua, artistaren esku-hartzetik aurrera bizitza berria lortzen dutenak.

Jone Elorriaga Soto (Durango, 1993)

Meta Meta 2.0, 2020

Hutsean ontziratzeko plastiko gardenezko poltsa handi bat puzten da, barruan kristalezko plakez osatutako armazoi bat hartzeko; aldi berean, horren antzeko konposizio bat, burdin eta kristalez osatua, poltsatik kanpo dago, lehengoaren gainean eta, beraz, barruko aire-presioak kanpoko pieza mutur batean eta oreka iraunkorrean kokatzen du, nolabaiteko inklinazioarekin.

Nerea Garro (Bilbao, 1993)

Sin título, 2019

Itsaspeko unibertsoan murgiltzea, tradizioz historian zehar zibilizazio guztietan misterioak eta elezaharrak sortu izan dituena, kasu honetan zentzumenen gozamena da eta emakumeen gorputzaren inguruko aurreiritzirik gabeko birsortzea.

Gómez Selva  (San Pedro del Pinatar, Murcia, 1994)

Arras, 2020

Arras lurraldearen ideiaren eta bere irudikapen subjektiboaren inguruan garatutako Tora Tora Tora proiektuaren zati da, eta artistak bere jatorriarekin dituen loturetara igortzen du. Murtzian duen ama-etxeko brontzezko objektuak, zeinekiko hurbiltasun sentimentala erakusten duen, bere estudioko elementuekin erlazionatzen dira distantzia geografiko, denborazko eta emozionalaren arteko bidegurutze baten bere egungo identitatea zehazteko.

Ibon Landa Amutxategi (Gasteiz, 1994)

Iltzatu gabea, 2020

Ibon Landaren lan-metodoa aurretik hasitako piezetatik soberan dauden elementuak gehitu eta kentzea da, lan-ildo berriak sortzen dituzten formen eta materialen arteko etengabeko elkarrizketan. Iltzatu gabea lanean irudiak eta gardenkiak taula gainean konbinatzen dira, aldi berean polikarbonatozko xaflez estalita daudenak.

Ibai Madariaga Sagastizabal & Miel Oyarzabal (Mallabia & Durango, 1994)

Todas las parejas, 2020

Site-specific piezatzat hartu ez arren, Ibai Madariaga eta Miel Oyarzabalen esku hartzeak, keinu sinple eta gutxieneko baliabide batetik abiatuta, arrozte nabarmena sortzen du. Izan ere, muntatuta dagoen lekuaren arabera -eta zentzu horretan izugarri egokitzen da lehiaketaren ibiltaritzara-, eskultura -adierazpena baimentzen bada- bere horretan eraldatzen da eta, aldi berean, inguruko espazioa aldatzen du, espazio-, kontzeptu- eta arte-inplikazio ugari dituzten eszenografia desberdinak sortzeko, eta espezifikoaren eta generikoaren arteko uztarketa berezia lortzeko.

Amaia Molinet (Lodosa, 1988)

Éxtasis y conflicto

Gizateriaren ekintzak planetan duen eraginagatiko eta gure gorputzaren eraldaketa eta degradazio prozesuagatiko kezka da artistak azken bi urteetan egindako ikerketaren leitmotiv nagusia.

Rubén Pino (Bilbo, 1986)

Re-des-estructura, 2019

Bi argazki txiki daude Ruben Pinok Lisboako etxe batean egindako esku hartze baten lekuko gisa. Portugalgo hiriburuan egin zuen egonaldi luze baten fatxada egunero ikusi ondoren, artistak, aurrerago toki berera itzuli eta azuleju batzuk falta ziren gunean egindako patroia osatu zuen.

Nahia (Ermua, 1997)

Zauriak, 2020

Lehen mailako objektuen segida eta antolamendu batek, egitura kubikokoak eta akabera industrialaren eta manufakturaren arteko faktura eskasekoak, bere egiten dute lurzorua, nolabaiteko minimalismo humanizatu batean.

Alberto Eguiluz & Ander Sagastiberri Fernández (Bilbo, 1992 & 1988)

siete siete siete

Alberto Eguiluzek, mono zuri batekin jantzita, behin baino gehiagotan jotzen du baxu elektrikoa lurraren kontra eta anplifikadoreen kontra igurzten du. Inprobisazioaren emaitza den punteatze luzearen helburua energia askatzeko prozesu batera iristea da, edozein araugintza arrazional eta musikali ihes egiten diona. Beste alde batetik, Ander Sagastiberrik hainbat hartualditan erregistratzen du ekintza performatibo hori.

Ane Seijas Garzón (Amurrio, 1996)

El traidor, 2020

Metalezko eta hormigoizko egitura batez osatutako instalazio handi batek zuri-beltzeko bi argazki eusten ditu -publizitate-olanak balira bezala-, aulki baten gainean jarritako jaka bana erreproduzitzen dutenak. Janzteko jantziaren azpian dagoen karga sinboliko garrantzitsua abiapuntutzat hartuta, artistaren proposamenak gerturatzeko estratu desberdinak ahalbidetzen ditu, nahiz eta jaka aldaketa, herri mailan, traidorearen metafora bezala hartzen den.


Argazkiak