2020(e)ko urriaren 09(a) 11:30

Bizkaibusek Leioako Campusera joateko irailean izan duen eskaria % 60,63koa izan da, 2019. urteko hilabete berarekin alderatuta

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila

Aldi horretan bertan, aireportuaren linearena % 25,74koa izan da. Gómez Viarrek esan du EHUn eskoletara itzultzeko prozesua normaltasun osoz egin dela, aurreko urteetan baino hobeto. Bizkaibus manparak instalatzen ari da gidarien lekuetan.

JJGG_bizkaia

EHUko Campusa Bizkaiko eskualde guztiekin konektatzen duten Bizkaibusen 23 lineen eskaria % 60,63koa izan da irailean, 2019. urteko aldi berean erregistratutakoarekin alderatuta. Hau da, iazko irailean 276.209 bidaia egin ziren 23 lineetan, eta aurten, berriz, 167.460 egin dira.

Aireportuaren linearen eskaria % 25,74koa izan da urteko aldi berean. Hain zuzen ere, 27.272 bidaia egin ziren irailean, 2019. urtean egindako 105.947 bidaiekin eta 2018. urtean egindako 90.802 bidaiekin alderatuta.

Hori azaldu du gaur goizean Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak, Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek eskatuta, Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio Batzordean parte hartu duenean.

Foru-arduradunak hauxe azaldu du Elkarrekin Bizkaiak egindako galderari erantzuteko: EHUko zerbitzua ez da iazko ikasturteko «baldintza berberekin» abiarazi; izan ere, garraio-eskaintzaren eta benetako eskariaren arteko "ratioak" 2019. urtean aplikatutakoen gainetik daude.

Gómez Viar diputatuak azaldu du etengabe daudela harremanetan unibertsitatearekin, eta jakin arren hezkuntza-agintariek aurrez aurreko zein lineako eskolak uztartzeko erabakiaren ondorioz ikasle gutxiago mugiaraziko zirela, pasa den ikasturteko Bizkaibusen zerbitzu bera eskaintzea erabaki zuten, osasun-krisiaren egoera kontuan hartuta.  «2019an 276.209 erabiltzaile eraman bagenituen, eta aurten 167.460, argi dago zerbitzua ezin izan dela berdina izan».

Bere iritziz, «ondo funtzionatu du»; izan ere, «normaltasun osoz» hasi dira eskolak, baita aurreko urteetan baino hobeto hasi ere. «Zuhurtasunez eta arduraz jokatu dugu», nabarmendu du.

Irailaren 11n, ikasturtea hasi zenean, 23 linea horiek —hiriarteko linea guztien % 21— martxan jarri ziren berriz ere, guztiz, pandemiak eragindako etenaldiaren ostean.

Aireportua

Gómez Viarrek, halaber, A3247 BILBO-Aireportua linearen egoeraren berri eman du, EH Bilduk agerraldia egiteko egindako eskaerari erantzuteko.

Hauxe zehaztu du: gutxi gorabehera, % 25eko benetako eskaria badago ere, Bizkaibusek % 50eko zerbitzua eskaintzen du 2019. urtean eskaini zuenarekin alderatuta. Pandemiaren aurretik lineak 15 minuturo funtzionatzen zuen astelehenetik ostiralera, eta orain 30 minuturo egiten du astelehenetik ostiralera. Aireportuko linea, pandemia hasi zenera arte, eskaririk altuena izan duen Bizkaibusen lineetako bat izan da. 2019. urtean, 154.020 bidaiako hazkunde garbia izan zuen 2018. urtearekin alderatuta. Hain zuzen ere, 2018. urteko 915.070 bidaietatik 2019. urteko 1.069.080 bidaietara igaro zen.

COVID-19aren aurkako protokoloa

Bestalde, Gómez Viar diputatuak sailaren «segurtasun-neurriak» aipatu ditu, zeinak helburu zehatz batekin hartu diren: bizkaibusetan COVID-19a transmititzea prebenitzea. Hiru alorretan eragina duten operazioak dira: tailerra eta mantentze-lanak, aire girotua erabiltzeko protokoloak eta egunero garbitzeko zein desinfektatzeko operazioak.

Ibilgailuak garbitzeko orduan, Osasun Ministerioak baimendutako produktu biruzida bat gehitzen zaio garbitzeko soluzioari; aire girotuaren hodiak eta iragazkiak garbitzeko, halaber, Osasun Ministerioak baimendutako soluzio biruzida erabiltzen da; iragazteko gaitasun handiko (% 99) karbono bioaktiboko iragazkiak erabiltzen dira biruzida batekin, COVID-19arekin amaitzeko eraginkortasunaren baliokidetasun-maila bermatzeko, eta hilero aldatzen dira aire girotuaren iragazkiak.

Autobusetan aire girotua erabiltzeari dagokionez, geraleku guztietan irekitzen dira ateak, airea kanpokoarekin trukatzea errazteko, eta, horrela, aireztapen naturala hobetzeko. Gainera, aire-gortinak deskonektatzen dira ateak geralekuetan irekitzeko unean, aukera hori duten modeloetan, eta ez da barruko airea zirkulatzeko botoia erabiliko, aukera hori duten ibilgailuetan. Horrez gain, ahal den guztietan irekiko dira leihatilak eta tranpolak, autobusaren barruko airea berritzen laguntzeko.

Manparak gidarien lekuetan

Foru-arduradunak iragarri du Bizkaibus dagoeneko hasi dela gidarien lekuetan segurtasun-manparak instalatzen. Betiko neurri bat izango dela azaldu du, eta, autobusen edukiera berreskuratzen joateko gakoa izango da, bai eta autobusetan diruz ordaindu ahal izatea eta aurreko atea zabaldu ahal izatea ekarriko duen neurria ere. Amaitzeko, Gómez Viar diputatuak, bide batez, «lasaitasun» mezu bat bidali nahi izan du; hau da, garraio publikoa lasai erabili daitekeela helarazi nahi izan du. «Bai erakundeetatik, bai talde politikoetatik, herritarrei helarazi behar diegu garraio publikoa, neurri egokiekin, segurua dela». «Ziur nago helburu bat partekatzen dugula denok, hau da, garraio publikoa alarma-egoera aurreko mailetara itzultzea eta Bizkaiko mugikortasunaren ardatza izaten jarraitzea, orain arte bezala, lurraldearen egitura ekonomikoari eta sozialari lagun diezaien.


Argazkiak