2020(e)ko urriaren 08(a) 08:50

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Telefónica Fundazioak 2021ean “42”, programazio campus berritzailea, irekiko dute Urduliz Dorrean

Ekonomia Sustatzeko Saila

42 eredu pedagogiko aitzindaria da, pareen arteko ikaskuntza eta gamifikazioa oinarri dituena, eta ikasle bakoitzak askatasunez markatzen du bere ikaskuntza-erritmoa. Eredu horretan, lankidetza-lana, egiten diren ahaleginak eta egiten diren ahaleginon iraupena gailentzen dira. Doakoa, presentziala eta asteko 7 egunetako 24 orduetan irekia, 42 eredua 20 campus baino gehiagotan nazioartean izandako arrakastak bermatzen du.

Ainara Basurko eta Carmen Morenés

Telefonica Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak indarrak batu eta 42 eredu pedagogiko berritzaile eta disruptiboaren alde egin dute, Urdulizko Dorrean (Bizkaia) campusa abian jarrita. 42 Urduliz izeneko campusak 2021eko lehen seihilekoan irekiko ditu ateak, bost solairuko eta 2.400 m2-ko eremuan. Akademiak 600 ikaslerentzako lekua izango du eta ia 200 ordenagailu izango ditu. Eredu hori mundu osoko 20 campusetan baino gehiagotan izan duen arrakastak bermatzen du. Etorkizuneko profesional digitalak prestatzea du helburu, gaitasun digital berriak eta zeharkakoak eskatzen dituen lan-merkatu aldakor baterako.

Eguneroko jarduera guztien digitalizazioa etengabe hazten ari den gizarte honetan, trebakuntza digitalik eza gizarte-bazterketarako eragile bihur daiteke, prestakuntza akademikoaren beraren mailan. Egoera hori larriagotu egiten da pertsonen enplegagarritasuna gero eta gehiago haien gaitasun digitalaren mailaren araberakoa bada. DESIren arabera (The Digital Economy and Society Index), Euskadi zortzigarren postuan dago, Alemaniaren eta Frantziaren aurretik giza kapitalaren dimentsioan, Europako batez bestekoa baino 10 puntu gorago, Estatu osoari dagokion kopurua Europako batez bestekoa baino 3,5 puntu beherago dagoen artean*. Azken kasu horretan, 16 eta 74 urte bitarteko pertsonen erdiek baino gehixeagok oinarrizko gaitasun digitalak dituzte. Gaitasun-falta hori ez dator bat lan-merkatuan geroz eta eskaera handiagoa duen profil digital kualifikatuarekin. Estatuan bakarrik, iaz 300.000 lanpostu* bete gabe geratu ziren, eta, gaur egun, enpresen ia % 60k zailtasunak dituzte gehien eskatzen diren profil digitalak aurkitzeko.

42 Urduliz campusarekin, Telefonica Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat eman dute eta etorkizuneko lanbide-agertokiari aurrea hartu diote. Elkarrekin lan-merkatuaren beharrei erantzun nahi diete eta gizartea lanbide digital berrietarako prestatu nahi dute, talentu teknologikoak erakartzeko eta gizarte osorako prestakuntza digitalaren alde egiteko konpromiso sendoa duen esparru jakin batean: Bizkaian; izan ere, horri esker, besteak beste, Bizkaia berrikuntzaren erreferente bilakatuko da.

Aurkezpen ekitaldian, gaur goizean, Bilboko Foru Liburutegian, honako batzarkide hauek izan dira: Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko diputatua; Carmen Morenés, Telefónica Fundazioko zuzendari nagusia; Francisco Javier Zorrilla, Telefónica Iparraldeko Lurraldeko zuzendaria; Javier Benito, Telefonicako zuzendaria Euskadin; Luis Miguel Olivas, Enplegagarritasuneko eta 42 Telefonica Fundazioko zuzendari globala eta Joseba Mariezkurrena, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekintzailetza eta Lurralde Lehiakortasuneko zuzendaria.

Carmen Morenesek adierazi duenez, bizitzea egokitu zaigun une zail hauetan erronka bat dugu aurrean: inor atzean ez geratzea. Hori dela eta, Telefonica Fundazioan uste dugu hezkuntza gakoa dela aurrerabidean laguntzeko eta gizarte-etena hauste aldera. Digitalizazioa, orain, prestakuntzaren eskutik joan behar duen beharrezko tresna gisa aurkezten da. Orain inoiz baino gehiago, 42 Urduliz (Bizkaia) bezalako ekimenak zentzuzko eta beharrezko ekimen gisa agertzen ari dira, eta ilusioz gainezka gaude gaurko profesional digitalen prestakuntzari gure alea emateko. Hain zuzen ere, proiektu aitzindari eta iraultzailea da, etorkizunerako aukera ezin egokiagoa eskaintzen diguna.

Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, proiektu honek gaitasun digitala eta talentua oinarri hartuta lurraldean izango duen garrantzia azpimarratu du. Gaur aurkeztuko dugun proiektuak eragin handia izango du Bizkaian, eta epe laburrean ditugun erronka handietako bati erantzuten dio: digitalizazioari. "42 Urdulizek" pertsona ekintzaileak, enpresak eta talentua konektatuko ditu. Enplegua eta prestakuntza zentroan jartzen dituen ekimen berritzaile eta inklusibo baten bidez Bizkaiak etorkizuneko profesionalak trebatzeko ekimen global baten parte hartuko du, azaldu du.

‘42’ ekimenaren metodologia

Iraultza digitalaren erronka eta aukera berriek life long learning gauzatzera behartzen dituzte profesionalak, etengabeko ikaskuntza-prozesua lan-merkatuan konpetenteak izateko beren ibilbide profesionalean. 42 ekimenari dagokion metodologia Urdulizen dago orain, Bizkaian, eta urtebete darama Estatuan ezarrita; izan ere, gizartea enplegagarritasun berri horretarako prestatzen ari da. Etorkizuneko programatzaile eta profesional digital kualifikatuak prestatzen laguntzen du, profesionalok lan-erronka berriei aurre egin diezaieten. Hain zuzen, profil digitalak pandemiaren ondorik inoiz baino beharrezkoagoak dira ekonomia suspertze aldera.

‘42’ ereduak, besteak beste, zibersegurtasuna, Big Data, Adimen Artifiziala, Blockchain eta IoT teknologietan lan-aukerak eskaintzeko erronka hartu du bere gain. Metodo aitzindari eta disruptiboa da, pareko profesionalen arteko ikaskuntza, gamifikazioa eta autoikaskuntza oinarri hartuz, eta metodo hori gauzatzeari dagokionez, eredu hori hogei herrialdetan baino gehiagotan laneratzearen % 100eko arrakasta-emaitzak bermatzen du.

42 Urduliz campusean onartua izateko, ez da aldez aurreko ezagutza teknikorik behar, ezta inolako titulaziorik ere, aski baita 18 urte baino gehiago izatea, eta, batik bat, ikasteko gogoa eta jarrera ona edukitzea eta lanari irmo ekitea. Sartzeko, bi fase gainditu beharko dira: izena emateko test bat (linean) eta 26 eguneko aldi presentzial bat (igerilekua). Esperientzia zirraragarria izango da campusera behin betiko sartzeko asmoa duten hautagaientzat. Horren ondoren, 42ko ikasle gisako murgiltze sakona hasiko litzateke.

‘42’ filosofia

42 campusa programazio akademia bat baino askoz gehiago da, hezkuntzaren paradigma guztiak hausten dituen iraultza-gunea baita. 42ren filosofia trebetasun teknikoetan prestatzeaz harago doa; horrezaz gainera, ikasleek enpresek gehien baloratzen dituzten zeharkako trebetasun eta gaitasunetan ere prestatu nahi du, hala nola ahaleginen arloan, frustrazioarekiko tolerantzian, arazoak gainditzeko gaitasunean, problemak konpontzean, malgutasun kognitiboan edo talde-lanean. Kontzeptu berri horretan, ikasleak ikasten ikasten du, askatasunez aukeratzen du bere bidea eta lankidetza da, hain zuzen ere, jokabiderako irizpide nagusia. Hori guztia etorkizuneko programatzaileak ikaskuntzan inspiratzeko diseinaturik dagoen espazio batean gauzatzen da, non sormena, adimen emozionala eta bizikidetza sustatzen diren.

Informazio gehiago jasotzeko, hona jo: www.’42’urduliz.com


Bideoak


Audioak