2020(e)ko irailaren 26(a) 10:00

Hizkuntzen Europako Eguna. Bizkaiko Foru Aldundiak Euskara Bizia Batzordea berritu du

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Organo aholku-emaile hau Bizkaiko eragile eta erakundeetako kide garrantzitsuen topagunea da. Arlo sozial guztietako jendea hartzen du, erreferenteak nor bere arloan, euskararen aldeko jarrera bultzatzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko programak sustatzeko. Kirol federazioekin landutako BIKEE bezalako proiektuak finkatzea, zeinak esparru horretan euskara sustatzeko xedea duen, edo euskararen erabilera egokiak identifikatzeko eta nazioartera hedatzeko proposatutako ekimena dira, besteak beste, Batzordearen lehen saioan jorratu diren gaiak. Guztiek garrantzi berezia hartzen dute, Hizkuntzen Europako Eguna ospatzen dugun honetan. Izan ere, euskararen eboluzioa erreferente izaten ari da beste hizkuntza-komunitate batzuentzat, izan europarrak nahiz nazioartekoak. Euskal gizarteak argi erakutsi du posible dela hizkuntza ez-hegemonikoak biziberritzea, eta, ildo horretatik, lanean jarraitu behar dugu, gero eta txikiagoa izan dadin gure lurraldean euskararen eta gaztelaniaren artean dagoen desoreka soziala. Euskara Bizia aurrerantzean ere organo aholku-emailea izango da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirola Sailari atxikia.

Euskara Bizia Batzordea

Euskara Bizia, Bizkaian euskararen erabilera eta presentzia aztertzen, kontrastatzen eta sustatzen duen organo aholku-emailea, Bilboko Euskalduna Jauregian bildu da, Hizkuntzen Europako Egunaren testuinguruan, kideak berritu ondoren.

Bizkaiko Foru Aldundiaz gainera, Euskara Bizia Batzordeko 38 eragilek euskara sustatzeari lotutako arloa landuko dute. Batzorde berria gaztetuta dator, parekidea eta heterogeneoa da, eta kide banakoek esperientzia kontrastatua dute, nork bere esparruan.

Lehen bileran, Batzorde berriak erabaki du jada hasita dauden eta eboluzio onuragarria duten zenbait proiektu finkatzea, esate baterako, BIKKE, kirol federazioetatik euskararen erabilera indartzeko egiten ari dena.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua buru izan duen lehen saio honetan, hainbat eztabaida sortu dira, esate baterako, euskararen erabilera sustatzeko hainbat esparrutan egin diren praktika onak balioan jartzeko beharra, eta, ahal den neurrian, horiek nazioartera ere hedatzea, beste hizkuntza-komunitate batzuek ere praktika eta irizpide arrakastatsu horien berri izan dezaten eta beren errealitateetan ere aplika ditzaten. Halaber, gai hauek ere landu dira: hizkuntza-paisaiaren eragina, euskara erabiltzeko espazioak identifikatu eta bultzatzea, eta erregistro eta tokiko aldaerak egoki erabiltzeak duen garrantzia. Gainera, azpimarratu da euskara ikasteko prozesuetan ari direnekiko enpatia izatearen beharra: haiei laguntzea, lagun egitea eta prozesuan animatzea.

Euskara Bizia Batzordeak Euskara, Kultura eta Kirol Sailari atxikitako organo aholku-emaile gisa jarraituko du, eta, aurrerantzean ere, euskara balioan jarriko du, jarrera positiboak sustatuko ditu, eta haren erabilera bultzatuko du, Aldundiaren lan-ildo estrategikoetako bati jarraipena emanez.


Argazkiak