2020(e)ko irailaren 25(a) 10:44

PwC-ren proiektuak, Talent Gardenekin aliantzan, CIEren behin-behineko esleipena lortu du

Ekonomia Sustatzeko Saila

Balorazio-txostenak nabarmentzen du proiektu sendoa dela eta nazioarteko sare indartsua, tokiko sustraitzea eta enpresentzako, startup-entzako eta ekintzaileentzako balio erantsi handiko zerbitzuak uztartzen dituela. PwC eta Talent Gardenen arteko aliantzak Google edo Nasa buru dituzten ekimenak ekarriko ditu Bizkaira, Silicon Valleyko esperientzian oinarritutako programak, eta besteak beste Tecnalia, Mondragon Unibertsitatea eta Azti bezalako tokiko bazkideen laguntza izango du.

PriceWaterhouseCoopers-en proiektuak, Talent Garden-ekin aliatuta, Bizkaiko Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa zuzentzeko eta kudeatzeko zerbitzuak emateko kontratuaren behin-behineko esleipena lortu du. Hala jakinarazi dio Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordeari gaur goizean.

Ainara Basurkok prozesuaren faseei eta kronologiari buruzko txosten zehatza eskaini du. Parte hartzeko sei eskaera aurkeztu ziren eta lehia bi eskaintzarekin amaitu da: PriceWaterhouseCoopers (Talent Gardenekin lankidetzan) eta Impact Hub. Hurrenez hurreneko balorazioek PwCri eman diote amaierako puntuaziorik onena.

Balorazio-txostena: proiektuaren indarguneak

Balorazio-irizpideetan oinarrituta, diputatuak ondorioztatu du behin-behineko esleipendunak funtsezko elementu bereizgarriak dituen proiektu sendoa proposatu duela, 4 puntutan definitu duena:

  1. Nazioarteko sarea tokiko sustraitzearekin eta balio erantsi handiko zerbitzuekin konbinatzen duen eredua, enpresa, startup eta pertsona ekintzaileentzat. PwC eta TGren arteko aliantzak balio erantsi handiko zerbitzuak garatzeko gaitasunak eta nazioarteko ekintzailetza zentroen operazioari lotutakoak batzea ahalbidetzen du, azpimarratu du Ainara Basurkok.
  2. Proiektuaren bisioa: hainbat eragile CIEra erakarri eta atxikitzea balio diferentzialeko zerbitzuen inguruan oinarritzen den eredu batetik igarotzen da. CIEk ez du coworking edo bulego espazio bat gehiago izan behar, baizik eta zerbait berria erakarri eta eraiki behar du, Bizkairako ad hoc definizio bat behar du, lurraldeko enpresa-sarearen indarguneetatik eta premietatik abiatuta.
  3. Balio erantsiko zerbitzuak garatzea, CIEren elementu bereizgarri gisa eta coworking zentro tradizionalen aurrean.
  4. Ekosistema sortzea faktore bereizgarri gisa, eta ekintzailetza-ekosistema osoa dinamizatzeko ekintza-plan zabala aurkezten du, metodologia argi eta egituratua duena.

PwC s Acceleratorren bidez, Bizkaiak mundu mailako startup, scale up eta spin off-ei buruzko informazioa jasoko du eta, aldi berean, gure geografian berrikuntza, dibertsifikazioa, nazioartekotzea eta/edo finantzaketa bilatzen duten startup eta enpresa interesgarriei buruzko informazioa emango du. Era berean, proiektuaren esku jarri dituzte PwC Innovation Center Shangai, startupak azeleratzeko 9.000m2 baino gehiagoko espazioa, Singapores Venture Hub, ekintzaileen, arrisku-kapitaleko funtsen, inbertitzaileen, inkubagailuen eta azeleratzaileen ekosistema, 1.000 m2 baino gehiagokoa, eta Pittsburgeko Digital Transformation and Innovation Center, 1.000 m2 baino gehiagoan jarduten duena eta aplikazio praktikoko irtenbide berritzaileak sortzen jarduten duena batez ere datuaren segurtasunaren, informazioaren kudeaketaren eta zibersegurtasunaren arloko erronka garrantzitsuenei erantzuteko.

Talent Gardeni dagokionez, Bizkaiko CIE ekintzailetzako 22 zentrok osatutako sareko kidea izango da; zentro horiek 7 herrialdetako 16 hiritan daude banatuta: Milan, Erroma, Turin, Bartzelona, Bukarest, Dublin, Vilna, Tirana, Viena edo Kopenhage, besteak beste. Bizkaiko CIE 4.500 pertsona baino gehiago hartzen dituen Europako sareko kidea izango da. Campus horiek ideiak eta lankidetzak sortzeko oinarria dira, startup komunitateari, agentziei, laborategi korporatiboei, autonomoei, inbertitzaileei eta ikasleei balioa emateko. Halaber, derrigorrez aipatu behar da Talent Garden ekintzailetza-zentroen merkatuko 20 eragile nagusien kontseiluaren sortzaileetako bat dela, The Workplace Council, munduko 20 eragile nagusiak barne hartzen dituena; eragile horiek munduko ekintzailetza-ekosistema osoa hartzen duen zentro-sarea osatzen dute, AEBetan, Europan, Israelen eta Asian jardunez.

Talent Gardenek Singularity Universityren programen lizentzia du (beste batzuen artean NASA, Google, IDEO eta Xprize Foundation buru dituen ekimena), gizateriaren arazoei aurre egiteko eta konpontzeko teknologia esponentzialak garatzeko. Eta aipamen berezia merezi du proiektuak, halaber, CIEk ekintzaileei teknologia-konpainia iraunkorrak eraikitzen laguntzeko Silicon Valleyn oinarritutako aurre-azelerazioko programa eskura dezan.

PwC-Bizkaia Talent aliantzak beste laguntzaile estrategiko batzuk integratzen ditu proiektuan: IBMk zerbitzuak eskainiko ditu Cloud eremuan; garatzaileen edukietarako sarbidea; mentoring teknologikoa; Tecnaliak CIEren zerbitzura jarriko du I+G proiektuen euskarri teknologikoa; Mondragon Unibertsitateak nazio zen nazioarteko mailan presentzia duen ekintzailetzaren esparruan CIE beste ekintzailetza-ekosistema batzuekin lotuko du. Eta Aztik ere, zentro teknologiko espezializatu gisa, bere gaitasunetan euskarria eskainiz lagunduko du. Beste lankidetza batzuk ere badaude, startup eta enpresen erakarpen tasa handitzea eta berrikuntza proiektuen hazkunde prozesuak bizkortzea ahalbidetuko duten konpetentzia osagarriak batzea bilatzen duen proiektua delako, laburbildu du.

Balorazio-txostenetik ondorioztatzen denez 40 erakundek baino gehiagok kontrastatutako proiektua da, besteak beste, startup-ak, korporazioak, unibertsitateak, inbertsio-erakundeak eta klusterrak, ekosistemako gainerako eragileekin bertan kokatutako enpresen arteko elkarrekintza sustatzeko proposamena oinarri hartuta, laburbildu du Basurkok.

Publizitatedun prozedura negoziatuaren faseak

Ainara Basurkok Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia Sustatzeko Batzordearen aurrean agertzea eskatu du CIE martxan jartzeko publizitatedun prozedura negoziatuaren lizitazioaren iragarkia argitaratu zenean 2020ko maiatzean hasitako prozesuaren berri zehatz-mehatz emateko. Diputatuak 2019ko ekainean ere agerraldia egin zuen espedientearen xehetasunak emateko eta hurrengo urratsak iragartzeko, lehen lehiaketa publikoa hutsik geratu ostean.

Diputatuak azaldu duenez, bigarren prozedura honetan sei hautagaitza aurkeztu ziren: CIC International, Impact Hub, PriceWaterhouseCoopers, Sosa Holding, Talent Garden eta Workero-k eta Finnova-k eratzen duten ABEE. Banan-banan prozesuan duten parte-hartzea uzten edo aldatzen joan dira. Hala, uztailaren 23an, Talent Gardenek jakinarazpen ofiziala bidali zuen esanez uko egiten ziola berak aurkeztutako proposamenari, PwCk aurkeztutako proiektuan eta proposamenean sartu zelako.

PwC eta Talent Gardeni buruz

PriceWaterhouseCoopers: Munduko balio handiko zerbitzu profesionalen enpresa nagusietako bat da, eta 276.005 langile baino gehiago ditu 157 herrialdetan. Ekintzailetzaren arloan, PwC s Accelerator izeneko praktika bat du, eta munduan aliantzak ditu player nagusiekin, hala nola Techstars, Slus, Regus eta abarrekin, eta arduradun talde bat du 40 herrialde baino gehiagotan. PwCk zentroaren inguruan garatu beharko diren premien eta aukeren ikuspegi orokorra du, ekintzailetza-eredu bereizgarria sortzen aurrera egiten jarraitzeko, alor guztietako adituak baititu.

Talent Garden: 2011n Brescian (Italia) sortua, Talent Garden Europako coworking eta Innovation School sare nagusia da. 22 campus ditu 16 hiritan: Milan, Erroma, Turin, Bartzelona, Bukarest, Dublin, Vilna, Tirana, Viena eta Kopenhage, besteak beste. Talent Gardenen misioa da tokiko campusak sortzea, dinamikoak eta modu globalean konektatuak, komunitate digitalak eta teknologikoak ahaldunduko dituztenak. Europako profesional digital eta teknologikoen komunitaterik handiena dira. 2015ean Talent Garden Innovation School abiarazi zuten; hezkuntza-institutu horrek prestakuntza-programak eta -ikastaroak eskaintzen ditu partikularrentzat zein enpresentzat, eta funtsezko bost arlotan jartzen du arreta: programazioa, datuak, marketina, diseinua eta negozioak.