2020(e)ko irailaren 24(a) 10:46

Aldundiak eta BBKk tokiko merkataritzarekiko konpromisoa indartu dute sektorearen egokitzapen digitala bultzatuz

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea - Ahaldun Nagusia

Bi erakundeek hiru milioi euro bideratuko dituzte datozen urteetan merkatariei merkataritza elektronikora egokitzen laguntzeko. Unai Rementeriak, Ahaldun Nagusiak, eta Xabier Sagredok, BBKko presidenteak, sektorearekin duten konpromisoa helarazi diete Bizkaiko merkatariei merkataritza elektronikoaren hazkundeak sortzen dituen aukerak aprobetxatzen laguntzeko.

Unai Rementeria eta Xabier Sagredo Bizkaiko merkatarien elkarteekin

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk jarduketa-protokolo bat sinatu dute Bizkaiko tokiko merkataritzari laguntzeko jarduerak batu eta koordinatzeko; jarduketa horien ardatza eraldaketa digitalaren eta online salmentaren erronka handiari aurre egitea da. Bi erakundeek hiru milioi euro bideratuko dituzte datozen hiru urteetan protokolo honen barruko ekimenak garatzeko.

Hitzarmena sinatu aurretik, Unai Rementeriak, Ahaldun Nagusiak, eta Xabier Sagredok, BBKko presidenteak, Bizkaiko merkatarien elkarteekin bildu dira eta tokiko merkataritzarekiko konpromisoa eta lurraldeko jarduera ekonomikorako eta enplegurako funtsezkoa den sektorea hobetzeko proiektuak zuzentzeko prest daudela adierazi diete.

Horretarako, protokoloak honako jarduketa-eremu hauek jasotzen ditu, digitalizazioak sortzen dituen aukerak aprobetxatuz tokiko merkataritzari sektore indartsuagoa, eraginkorragoa eta lehiakorragoa izaten laguntzeko:

  • tokiko merkataritzaren eskaria sustatzea,
  • tokiko merkataritzaren garapen digitalean laguntzea, bai eta sektorearen trebetasun digitalak hobetzen ere,
  • tokiko merkataritzari bere salmenta-kanalak zabaltzen laguntzea, euren eskaintza bezeroari hobekien komeni zaion bitartekora egokitu ahal izateko.
  • besteak beste, merkatarien elkarteekin, gizarte-erakundeekin eta berrikuntza teknologikoko edo logistikoko enpresekin aliantzak artikulatzea,
  • merkataritzaren inguruan adimen artifizialeko sistema bat sortzea sustatzea,
  • bitarteko digitalen bidezko ordainketa sustatzea,
  • kontsumoan eten digitala saihestea, adinekoei eta baliabide gutxi dituzten etxeei online erostea errazteko.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azpimarratu duenez, digitalizazioak ez du ohiko merkataritza ordezkatu behar, merkatariei pertsiana goian mantentzen lagundu behar dien aukera ere badelako, guztiok nahi eta behar duguna. Horregatik, Aldundiak eta BBKk Bizkaiko tokiko merkataritzaren digitalizazioarekin bat egingo dugu, azpimarratu du.

Xabier Sagredok, BBKko presidenteak, azpimarratu duenez, ekimena beharrezkoa da eta bertako merkataritzari laguntzeko konpromisoa indartu du. 100 urte baino gehiago daramatzagu, besteak beste, merkataritzarako beka, lankidetza edo bonuen bidez laguntzen, eta horretan jarraituko dugu.

Tokiko merkataritzari laguntzea

Rementeriak eta Sagredok protokolo hori Foru Aldundiak eta BBKk tokiko merkataritzari emandako laguntza historikoaren barruan kokatu dute eta gogoratu dute teknologia berriak sartzeak sortutako eraldaketa-prozesuan sektoreari laguntzeko prest daudela. Gainera bi aldeek uste dute kontsumo-ohituren aldaketa, erosteko moduari dagokionez, bizkortu egin dela Covid-19aren pandemiaren ondorioz, eta ezin zaiola uko egin egoera berrira egokitzeari.

Jarduera ekonomikoari eta enpleguari laguntzea da Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartutako helburu nagusietako bat, eta ahalegin hori, kasu honetan egiaztatzen den bezala, tokiko merkataritzaren sektorean zehazten da. Sektore hori hobetzeko proiektuen artean Aldundiak, 2017tik 2020ra bitartean, 1,6 milioi euro eman dizkie Bizkaiko merkataritza-elkarteei, hainbat programa garatzeko; programa horien artean, adibidez, prestakuntza eta saltokien kudeaketa hobetzekoak, digitalizazioa bultzatzekoak edo tokiko merkataritza dinamizatzeko ekintzen arlokoak nabarmentzen dira.

BBK erakundea Kutxabanken %57aren banku-fundazio akzioduna da, eta lurraldeko ekonomia sustatzen ere laguntzen du inguruko enpresetan inbertsio-jarduerak eginez. Bi diru-sarrera iturri horien etekinarekin balio sozial eta ekonomiko iraunkorra sortzen duen Gizarte Ekintza garatzen du eta horren onuradunak bizkaitar guztiak dira. Ildo horretatik, tokiko merkataritza da historikoki bere jarduera-ardatzetako bat, besteak beste konfinamenduan zehar sektoreari laguntzeko kreoenti bonuen, beken edo lurraldeko merkatarien elkarteei zuzendutako beste ekintza eta lankidetza batzuen bidez.


Argazkiak


Bideoak


Audioak