2020(e)ko irailaren 23(a) 12:00

Ondarearen XX. Europar Jardunaldiek Ondarea eta Hezkuntza uztartuko dituzte, Bizkaian 140 kultura-proposamen aurrera eramanez

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Kontaiguzu ondarea! lelopean 200 ekitaldi izango dira urrian, lurraldeko 61 udalerritan banatuta. Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatutako jardunaldiotan 140 erakundek baino gehiagok hartzen dute parte: udalek, museoek, turismo-bulegoek, naturaren interpretazio-zentroek, kultura- eta auzo-elkarteek, tokiko edo eskualdeko garapen-agentziek, hezkuntza-erakundeek eta partikularrek.

Ondarearen XX. Europar Jardunaldiek Ondarea eta Hezkuntza uztartuko dituzte

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Jose Luis Arribas eta Jose Rodriguez koordinatzaileekin batera, Ondarearen Europar Jardunaldien hogeigarren edizioaren programazioaren berri eman du ekitaldi batean; bertan, parte hartuko duten 140 erakunde baino gehiagoren ordezkaritza txiki bat izan da.

Bizi dugun une historikoan, aurkezpena karga sinboliko handiko leku batean egin da: ospitale zahar batean, Atxuriko Joan Santuen Ospitale Zibilean, egin-eginean ere Bilbok antzina izandako kolera-pandemiak, tifusak… zituzten gaixoak artatzeko eta sendatzeko toki ezagunean. Ospitale hori bera Arte eta Ofizio Eskola bihurtu zen, egoitza zaharra lekuz aldatu ondoren, eta gaur egun lanbide irakaskuntzako ikastetxe bat da, Campuzano BHI.

Diputatuak azaldu duenez, Bizkaiko Ondarearen Europar Jardunaldien programa aurrera eramango da "Kontaiguzu Ondarea! Ondarea eta Hezkuntza" izenburuaren pean eta haren helburu nagusiak honakoak dira: hezkuntza-jarduerarekin lotutako ondarea balioestea eta ikusaraztea (neurri handi batean ezkutuan geratzen baita), bai eta Ondarean heztea eta ondare-elementu bakoitzaren atzean dauden balioak jendeari helaraztea ere. Ondarean hezten laguntzeko egiten dira jardunaldiak: ondarea balioesteko, kontserbatzeko, bizirik dagoen ondarea transmititzeko.

Urria jardueraz beteta egongo da. 200 ekitaldik osatuko dute hilabete horretako agenda; honatx horietariko batzuk: bisitak, ibilaldiak eta ibilbide gidatuak, oinez edo bizikletaz; tailerrak, hitzaldiak, hitzaldiak, topaketak eta zuzeneko testigantzak, ipuin kontaketak, erakusketak, kontzertuak eta topaketa musikalak, ikus-entzunezko emanaldiak, bideo-forumak, lehiaketak eta lehiaketa interaktiboak, scape room formatuko jarduerak, betiere bertaratutakoak jarduerarekin modu parte-hartzailean konektatzeko asmoz.

Lorea Bilbaok gogorarazi duenez, Bizkaiak 20 urte bete ditu Ondarearen Europar Jardunaldiak koordinatzen; hala, edizio bakoitzean izandako koherentzia tematikoak eta kultura- eta gizarte-eragileen konpromisoak eta inplikazioak erreferente bihurtu dituzte Bizkaiko Ondarearen Europar Jardunaldiak Europan, kudeaketa-eredu finkatu eta eraginkor gisa.

Aurten, jarduera guztiak modu seguruan egingo dira, osasun-agintariek emandako neurriak eta gomendioak betez. Horregatik, edukiera-muga ezarriko da eta erreserba aldez aurretik egin beharko da.

Ondarearen Europar Jardunaldien aurtengo edizioari buruzko informazio guztia eskuratzeko: www.bizkaia.eus/ondareareneuropakojardunaldiak2020

Naturan ikasi eta gozatzea

Jardueren programaren barruan, tailerrak, ibilbide didaktikoak eta familia-jolasak izango dira Urkiolako eta Gorbeiako parkeetan; halaber, Urdaibain geologia-klase batez gozatu ahal izango da edota Bolueko (Getxo) hezegunea ingurumen-gela nola bihurtzen den ikusi ahal izango da. Horrez gain, Andres Urdaneta (Loiu) Historia Naturalaren Museoak bere arboretum-a eta fauna bilduma ikusgarriak zabalduko dizkie Ondarearen Europar Jardunaldi hauetan parte hartzen dutenei. Sendabelarrak eta haitzuloetako hartzak dira protagonista Mañarian, eta gizakiak Zugaztietan (Trapagaran) 'eraikitako' ingurua berraurkitzeko aukera izango da, meatze-ustiapeneko urteen bidez. Azkenik, natura-ondarearen eta hezkuntzaren arteko loturak badu bere lekua Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoan.

Maisu-maistrekin paseatzen; eskolak belaunaldien arteko topaleku gisa. Lehen Hezkuntzako eskola zaharrek, institutuek, unibertsitateek, arte eta lanbide eskolek, ikastolek, maisu-maistren etxebizitzek, mahaigainek, liburuek, kartillek... hartuko dute protagonismoa hainbat herritan, hala nola Abanto Zierbena, Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Artzentales, Barakaldo, Basurto, Berriatua, Bilbo, Busturia, Etxebarri, Galdakao, Galdames, Garai, Gernika-Lumo, Gordexola, Gorliz, Igorre, Lanestosa, Laukiz, Lezama, Maruri-Jatabe, Mungia, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sopuerta edo Urduñan. Aukera ugari egongo dira, eta OEJ programan parte hartzen dutenek hezkuntza-jardueraren lehena eta oraina ezagutu ahal izango dute, espezialisten, irakasle eta ikasleen, arkitekturen edo bereziki ondo kontserbatutako materialen bitartez. Besteak beste, Larrazabaleko (Barakaldo) auzoko eskolako bizipenak ezagutuko dituzte; gaur egun museo bizia da eskola hori.

Baina baita ere Bilboko zenbait institutu historikok, adibidez Emilio Campuzano edo Bertendona institutuek (kasu honetan online izango dena) eta ehun urtetik gorako Deustuko Unibertsitateak, estatuko erakunde pribatu zaharrenak, hain zuzen. Atzerago begiratuta, Arkeologia Museoan antzinako Erromako hezkuntza ekarriko da gogora, eta Karrantzako Diego de Ahedoren ikastetxeko hondakin bikainetan bere fundatzailearen eta obraren bizi-profila jorratuko dugu Aro Modernoan. Ondarearen Europar Jardunaldiek ez dute ahaztuko, halaber, emakumeak hezkuntza-jardueran duen rol nagusia (Etxebarrin edo Maruri-Jataben ikusgai izango dena), bai eta hezkuntzak une historiko batzuetan duen eragina ere, rol kultural maskulino eta femeninoen araberako banaketa indartzeko (adibidez, azken alderdi hori Otxandioko edo Zeanuriko hitzaldietan jorratuko da bereziki).

Egiten jakitea belaunaldien artean transmititzea

Ezagutzaren sozializazioak beste forma asko ere hartzen ditu, jolastokietan, jolas-plazetan, etxeetan. Horregatik, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza eta lanbide tradizionalak ere erakutsiko dira. Bakion txakolinaren sustrai sakonak aurkitu ahal izango dira. Balmasedan, La Encartadaren bidez garapen industrialaren eta hezkuntzaren arteko loturaren adibide ezin hobea dugu; Erandion, berriz, OEJetan itsasadarreko zirgarien lanbide ahaztuaren gaia aztertuko da. Bermeon, Bilbon (Itsasmuseum), Ondarroan, Plentzian edo Santurtzin itsasoaren mundura, bertako lanbideetara, lengoaiara, esplorazio-bidaia handietan erabilitako tekniketara eta Elkanoren figurara hurbiltzeko aukera izango da. Trenbidearen Lagunen Elkarteak eta Agrunortek garraiobide horrek azken bi mendeetan Bizkaian eta, bereziki, Bilbon izan duen garrantzia erakutsiko dute, eta txikienek aukera izango dute eskalan egindako maketa batzuez gozatzeko. Bilbon, halaber, Verjura eta Corondelek bisita gidatua egingo dute beren tailerrera, artisau-koadernaketaren sekretuak ezagutarazteko. Artzainen lanbidea Karrantzako Haranean izango du bere egun berezia, eta hemeretzigarren mendeko grabaketa teknikak El Pobaleko burdinolan azalduko dira aurrez aurre. Era berean, eraikitako ondarearen birgaitzean eta kontserbazioan uztartzen diren zientziak ezagutu ahal izango dira La Mellan (Zalla) dagoen Urrutiatarren kaperari esker. Dagoeneko galduta dauden lanbide tradizionalak, errituak eta antzinako kondairak jarriko dira jendearen eskura Orozkon, eta larruak egiteko eta josteko orratzak egiteko teknikak eta ezagutzak ere eskuratu ahalko dira Historiaurreko ehunaren gaineko tailer batean, Santimamiñen.

Artea, musika, literatura, ahozko tradizioa, erlijioa eta hezkuntza

Balmaseda edo Bilboko jardueren protagonistetariko batzuk, besteak beste, honakoak izango dira: Gustave-Pierre Dagrant beiragilea, Roberto Rodet Villa margolaria, Xabier Amuriza poeta, idazle eta bertsolaria edota Manuel Balsa "Errusiarra" Bilboko Berreginen Museoko marrazketa eta pintura irakaslea; hala ere, askoz protagonista gehiago ere izango dira. Bilboko eraikin sinboliko batzuetan eredu arkitektoniko klasikoak izandako biziraupenaren gaia ere jorratuko da hiriburutik zehar egingo diren zenbait ibilbide gidatutan. Circuitartek erakusleiho-apainketa, artea eta jasangarritasuna uztartuko ditu Bilboko denda esanguratsuenetako batzuetan barrena egingo duen ibilbidean. Bizkaiko Organoaren Lagunen Elkarteak eta Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioak organoaren tekniketan eta maisuetan barneratuko dituzte OEJetan parte hartzen duten pertsonak, bisita gidatuen eta musikatutako ekitaldien bidez. Getxok, Beethovenen 250. urteurrena dela eta, musika eskola irekia jarriko du OEJetan parte hartzera animatzen direnen eskura. Mundakan, zurgintza musikaleko esperientzia bitxi bat eskainiko da, Jose Mari Egileorren irudia nabarmentzeko. Zallan ere musikak aukera ezin hobea opetsiko du hezkuntzaren iragana eta oraina aztertzeko. Ereñon abangoardiako artea eta hargintza historikoa uztartuko dira. Gernikako Euskal Herria Museoak hainbat garaitako hezkuntzara hurbiltzeko aukera emango du bere bildumako hainbat lanen bidez. Publikoak ezin hobeto aztertu ahalko du Sopuertako Enkarterrietako Museoan Antonio Truebaren literatur lanaren asmo hezitzailea edo Zaldibarko Joan Aranoaren margolan erlijiosoena. Muskizko El Pobal burdinolak J. E. Delmasen irudiari balioa emango dio bere 200. urteurrenean, gure inguruneko ondare-giden aitzindarietako bat denez gero. Eta, hari historikoari jarraituz, Mungiako Erdi Aroko iragana interpretatuko da, herriko eraikin esanguratsuenetako harrietan inskribatuta dagoena aztertuz, eta bandera-leinuek Muñatones gazteluaren esparru bikainean erabilitako gerra-teknikak erakutsiko dira. Halaber, Berango, Balmaseda edo Urdulizen gatazka belikoetatik eta haien ondorio lazgarrietatik ikasteko eta Gerra Zibilaren oroimena berreskuratzeko aukera ere izango da; Gogorak Bilbon duen egoitzak bizikidetza eta bakearen kultura aldarrikatzen lagunduko duten testigantzak erakutsiko ditu ikus-entzunezkoen bidez; eta karlistaden testuingurua setiatutako hiri baten erretratua eskaintzeko erabiliko da, Bilborena, hain zuzen ere.

Kultura-ondarea gazteen ikuspegitik

Bizkaiko Ondare Jardunaldien hogeigarren edizioko berrikuntzetako bat gazteak izango dira, eurak ere protagonistak izango baitira. Urrian zehar, ondarearen ikuspegi berezia erakusteko gonbitea egingo zaie, Instagrameko lehiaketa baten bidez. Horrela, ekimena hartzen duten udalerrietako Batxilergoko lehen mailako ikasleak taldekako erronka batera aurkeztu ahal izango dira: beren inguruneko ondarea "instagramatzea", eduki dinamiko eta askotarikoa sortuz. Profilik onena sortzeko lehiatuko dira, edukiaren kalitatea, originaltasuna eta sare sozialaren bidez "inpaktutako" pertsonak neurtuz. Lehiaketaren irabazleek sari berezi bat jasoko dute: asteburu batean Europako hiri bat bisitatzea.

Gainera, jardunaldi hauetan ohikoa den Igerrak eta Ondare Lagunak taldeak beste deialdi bat iragarri dute 'Ondarea klik batean' lehiaketaren bitartez eta publiko guztia gonbidatu dute parte hartzera.


Argazkiak


Bideoak


Audioak