2020(e)ko irailaren 17(a) 09:40

Osasun-produktuak fabrikatzen dituzten enpresak sortzeko prestakuntza eskainiko dute Aldundiak eta Basque Health Cluster-ek

Ekonomia Sustatzeko Saila

COVID19ak eragindako pandemiaren testuinguruan kokatzen dira ikastaroak, Bizkaiko pertsona ekintzaileek nahiz industria-arloko enpresa txiki eta ertainek aholkularitza egokia izan dezaten lurraldean osasun-produktuak fabrikatzen dituzten enpresa berriak sortzeko orduan.

Bizkaiko Foru Aldundia eta Beaz elkarlanean ari dira Basque Health Cluster-ekin, lurraldeko pertsona ekintzaileek eta enpresek aukera izan dezaten Elkarteak berak antolatutako ikastaro berri bat doan egiteko, eta, hala, osasun-produktuak fabrikatzeko enpresak sortu eta kudeatzeko ikasgaiak lantzeko.

Ikastaro honen helburua osasun-produktuak fabrikatzeko edo In Vitro diagnostikoak egiteko hasierako etapetan dauden edo horretan hasi nahi duten enpresen garapen eta ezarpen egokia jorratu ahal izateko beharrezko ezagutza ematea da.

Ainara Basurko Sustapen Ekonomikorako diputatuak esan duenez, pandemiak agerian utzi du Bizkaian osasunarekin lotutako ekonomia garatzen jarraitzeko garrantzia eta aukera. COVID 19ak sortutako osasun-krisiak biozientzien aldeko apustua egitearen eta ikerketan inbertitzearen garrantzia jarri du agerian. Denok dakigu oinarrizko osasun-produktuetako asko kanpoan ekoizten direla. Ondorioz, horien horniduraren gainean ziurgabetasun handia egon da, eta, beraz, bistan geratu da beharrezkoa dela gure autonomia-erkidegoan halako fabrikatzaileak edukitzea. Osaduna aukeraz beteriko sektore bat eta etorkizuna da, hausnartu du Basurkok.

Gainera, bio-osasunaren sektoreak izan duen ikusgarritasunak beste sektore batzuetako enpresak erakarri ditu, beren ekoizpen-lerroak bio-osasunaren sektorera zabaltzeko orduan. Hazten ari den sektore bat da. Euskal Autonomia Erkidegoan, dagoeneko 200 enpresa baino gehiago biltzen ditu, eta 8.000 pertsona ingururi ematen die lana.

13 saio

Prestakuntza -Bizkaiko enpresentzat doakoa- online izango da. Irailaren 28an hasi eta martxoaren 26an amaituko da. Bertan, 13 lan-saio egingo dira, enpresa baten kudeaketarekin eta administrazioarekin, finantziazio publiko eta pribatuarekin, banaketarekin, erregulazioarekin nahiz teknologia-zentroekiko lankidetzarekin lotutako gaiak jorratzeko.

Besteak beste, Deloitte, Cuatrecasas, Garrigues, Gómez Acebo & Pombo Abogados, BHV Partners, AVU Consultores, Basque Trade & Investment, SILO eta Bioef-eko ordezkariek emango dituzte ikasgaiak.

Era berean, Bexen Cardio, DeviCE Sistemas, A3Z Advanced eta Owl bezalako enpresek osasun-produktuen enpresen sorreran eta kudeaketan duten esperientzia partekatuko dute. Eta Biocrew, Clave eta Capital Cell arituko dira finantziazio pribatuaz.

Ikastaroa egiteko 700 euro ordaindu beharko dute Basque Health Cluster-eko bazkideek eta 950 euro bazkide ez direnek. Bizkaiko enpresen kasuan, Aldundiak finantzatuko du prestakuntzaren % 100a.