2020(e)ko irailaren 14(a) 10:42

Japoniako shakkei edo mailegatutako paisaiaren kontzeptuaren inguruko hiru artistaren erakusketa batekin hasiko da Bosteko

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Erakusketa ibiltari honen hogeita hirugarren edizioak Javier Landerasen argazkiak, Laura San Juanen margolanak eta Mikel Lertxundiren eskulturak erakusten ditu, Begirada dibergenteak: shakkei ukitu bat izenburupean eta Iñigo Sarriugarte komisario lanetan. Erakusketa Getxoko Romo Kultur Etxean egongo da ikusgai hilaren 28ra arte; Basauriko Arizko dorretxean, irailaren 30etik urriaren 24ra; Zelaietako (Amorebieta-Etxano) erakusketa aretoan, urriaren 26tik azaroaren 14ra; Kultur Leioako erakusketa aretoan azaroaren 17tik abenduaren 6ra, eta Arrigorriagako erakusketa aretoan, abenduaren 10etik 30era. Aurtengoa bost udaletako aretoek (Arrigorriaga, Basauri, Getxo, Leioa eta Amorebieta–Etxano) Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin koordinatutako erakusketa honen XXIII. edizioa da.

Bosteko 2020 aurkezpena

Bosteko erakusketaren hogeita hirugarren edizioaren ibilbidea hasten da. Erakusketa ibiltaria da eta artearen berri eman nahi du, jendeak, oro har, eskuragarri izan dezan, garrantzi berezia duten praktika artistiko garaikideak ikusgai jarriz  dagoeneko ospe handia duten artisten lanen erakusketaren bidez. Arrigorriagako Udalak, Basauriko Udal Kultur Etxeak, Getxoko Kultur Etxeak, Leioako Udalak-Kultur Leioak eta Ametx Erakunde Autonomoak antolatutako erakusketa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.

 Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol foru diputatuak eta Amaia Agirre Getxoko Alkateak; aurten Getxon hasiko den Bosteko erakusketaren hogeita hirugarren edizioa aurkeztu dute artistekin batera. Bosteko 2020 erakusketan hiru artistaren lanak aurkeztu dituzte alegia: Javier Landerasen argazkiak, Laura San Juanen margolanak eta Mikel Lertxundiren eskulturak Iñigo Sarriugarte komisario lanetan izanik.

Lorea Bilbao diputatuak adierazi du ` Erakusketa ibiltaria izanik, sortzaileen lanak toki bakarrean erakutsita baino herritar gehiagok ikusi leikiez, behintzat errazago izango dabe,  eta modu horretara artearen eta gizartearen arteko konexinoa indartzen da. Benetan be uste dogu zentzu horretan BOSTEKO, Bizkaiko bost udalerritan izango dan erakusketa ibiltaria, plataforma interesgarria bihurtzen dala, esan bezala hartuemonetan ipinteko gure sortzaileen lanak eta herritarrak. eta erakundeen arteko lankidetza sendotzeko.´

Javier Landeras, Laura San Juan eta Mikel Lertxundiren lanak `Begirada dibergenteak: Shakkei ukitu bat´ izenburupean biltzen dira.  Erakusketa horretan, sortzaile horietako bakoitzaren ikuspegi dibergentetik abiatuta shakkei edo mailegatutako paisaia kontzeptu japoniarraren inguruko berrirakurketa bat sortzen da;

kontzeptu horren arabera lorategi txikiak proiektatzen dira, baina lorategiaren espazio hutsera mugatzen diren funtzioak integratzeko aukera gaindituz elementu mugakideak ere atzematen dituztenak, hala nola tenpluak eta inguruan izaten duten naturaren ezaugarriak.

Erakusketan parte hartzeko aukeratutako lanei dagokienez, Javier Landerasen (Bilbo, 1965) kasuan, japoniar lorategien hainbat argazki erakusten dira, Shironi Hana (2008) eta Kyoto Rikyu (2008-2012) serieen kasuan bezala. Laura San Juanen (Donostia, 1963) kasuan, naturarekin lotutako proposamenak daude; gutxieneko egituren gainean eta pintzelkada txikiz  egiten du lan fabrika-jarduketarekin eta sumi-e pinturarekin lotutako teknikekin, eta horri esker aukera du bere proposamenei zen estetikaren eta pentsamenduaren intentzionalitate aseptikoa emateko. Azkenik, Mikel Lertxundiren (Berriatua, 1951) piezak  erakusten dira, ekialdeko kulturekiko urrunagoko begiradarekin baina, era berean, estetika horretara hurbiltzea lortzen dutenak, harrian, egurrean eta burdinan oinarrituta baldintza formalaren eta erakutsitako materialen antolamenduaren bidez, eta horrek japoniar lorategietan erabiltzen diren material eraikitzaile eta osagarrietako batzuen inguruko simulazio-jokoa errazten du.

Shakkei kontzeptuak, ondoren lorategi bat diseinatzeko espazio zehatz baten mugaketa aipatzen du. Proiektu hau ere era horretan aurkezten da; izan ere, sormen-lanen multzoa Bosteko erakusketa antolatzen duten bost zentroen espazio fisikora mugatzen da, eta piezak espazio jakin baten arabera artikulatzen dira, ikusmenaren eta gogoetaren arteko erlazioan funtziona dezaten eta, aldi berean, ikuslea lorategi japoniar baten simulazioa laztantzen edo iragartzen duen espazio batera eraman ahal izan dadin.

Erakusketa Getxoko Romo Kultur Etxean egongo da ikusgai hilaren 28ra arte; Basauriko Arizko dorretxean, irailaren 30etik urriaren 24ra; Zelaietako (Amorebieta-Etxano) erakusketa aretoan, urriaren 26tik azaroaren 14ra; Kultur Leioako erakusketa aretoan azaroaren 17tik abenduaren 6ra, eta Arrigorriagako erakusketa aretoan, abenduaren 10etik 30era.

Erakusketa honetarako hautatutako hiru artistek  euren garapen produktiboan oinarritzen dute euren proposamen artistikoen heldutasun esploratzaileak bermatutako ibilbidea, prozesu teknikoetan zein kontzeptualetan oinarrituta. 50eko hamarkadatik 60ko hamarkadaren erdialdera arteko euskal sortzaileen belaunaldikoak dira.

Javier Landeras

Javier Landerasen argazki-proposamenen jarraibide analitikoek hainbat gai jorratzen dituzte, hala nola lurraldea, paisaia, natura eta kultura. Aurreko premisetan oinarrituta egindako argazki guztiek aukera ematen dute gizakiaren eta ingurunearen arteko elkarrekintza irakurtzeko, baita gai praktikoagoak jorratzeko pentsamenduak eta filosofiak egindako ibilbidea irakurtzeko ere. Oraina iraganarekin harilkatzen duten proposamenak dira, adibidez, zenbait lanetan aldaketa arinak eta akats teknikoen simulazioak sartzen dituenean, beste garai batzuetako argazkiak gogora ekartzea lortuz. Bere argazki-argitalpenen artean, bereziki aipatzekoak dira 'Shiroi Hana' (2012), lorategi japoniarrei buruzkoa eta Bosteko 2020 erakusketaren parte dena, eta ‘Pintando el genio del lugar, fotografiando la mirada del artista’ (2018), non Carlos de Haes hemeretzigarren mendeko margolariak egin zituen penintsularen iparraldeko paisaiei buruzko koadro batzuetan oinarritutako argazkiak biltzen diren. Halaber, artista honen lanen barruan aipagarriak dira 'En construcción' (2005), Bilboko hiri-eraldaketan finkatzen dena, eta 'On locations' (2008), Berlin, Vicenza eta Bilbo bezalako hirietako eremu periferikoen aukera estetikoak eta komunikatiboak aztertzen dituena.

Laura San Juan

Artista honek pinturarekin izan zuen lehen harremanetakoa  Lehen Hezkuntzako haurrei olio-pinturaren hastapena errazteko Rafael Ruiz Balerdi sortzailea eskola publikoetara joaten zenean gertatu zen. Hortik aurrera Laura San Juan bere lehen erretratuak eta paisaiak egiten hasi zen eta, beraz, bere exekuzio estiloan Ruiz Balerdiren irakaspenak tinkatu ziren. 2004ko hasieratik zen pinturarekiko eta ekialdeko terapiekiko interesa erakutsi du, eta Andy Kay-rekin pintatzeko praktika honetan eta Li Chi Pang maisuarekin pintura txinatarrean sakontzen hasi zen. Ondoren, 2012an, zen pintura ikastaro batera joan zen Honolulura (Hawaii), Andy Kay eta John Stevensekin, biak ala biak zen artearen aditu ezagunak. Ekialdeko pinturarekin ohitu izanak berezkotasunean oinarritutako obra sortzea eragin du, energia isurketaren trazuaren  bidez. 1983tik Gipuzkoako Foru Aldundiko irakasleen zerrendetan dago eta zeramika, saskigintza, collage, ekialdeko pintura, sumi-e eta zen pinturako ikastaroak eman eta zuzentzen ditu. Beste alde batetik, 'The Mustard Seed Garden Manual of Painting' eskuliburua itzuli du, 1700ean Shangain argitaratua eta Txinako pintura tradizionalaren eta bere maisu handien oinarriei buruzko iritziak biltzen dituena. Era berean, Andy Kayrekin batera Ho Tit-Wah eskola sortu du, ekialdeko pinturaren inguruko ezagutza teorikoak eta praktikoak zabaltzeko aukera ematen dien plataforma. 2009an, halaber, zen eta sumi-e pinturaren inguruko 'pincel Zen' elkartea sortu zuen eta bera da presidentea.

Mikel Lertxundi

Bere material nagusiak harria, egurra eta burdina izan dira beti, forma eta konposiziozko sinpletasun-jarraibideetan oinarrituta, baina konbinazioetan aberatsa, testurak, ñabardurak, xehetasunak eta konparazio materialak barne. Hiru elementu horiek zuzenean lotzen dute naturara, gure ingurunearen osagai nagusi gisa eta, horrela, horien formak aldatuz, naturak sortzen duen indarra erakustea lortzen du. Artistak forma abstraktuen alde egiten duenean, hain zuzen ere, naturaren bilaketa argia igartzen da, bere formarik gabeko jatorrizko formekin, zeinak, egilearen eskuak aldatuak izatean, euren nolakotasun eta ezaugarriak zabalago zirriborratzea lortzen baitute. Chihiro Minato idazle japoniarrak honela esan zuen:

"Oso ezaguna da zuhaitzak, harriak eta metalak direla Lertxundiren obraren funtsezko materialak, baina bere berezitasuna hiru material horiek erlazionatzean lortzen duen orekan eta harmonian datza". Lertxundiren errealitatea euskal kulturan errotuta dago, baina hizkuntza unibertsala du, bereziki eragina duena Japoniako kulturan  materialei eta naturaren jatorrizko formei eskaintzen dien dedikazioagatik.


Argazkiak