2020(e)ko irailaren 09(a) 20:30

Turistentzako aplikazio batek irabazi du LHn kultura ekintzailea sustatzen duen Enpresari lehiaketa

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Laespada diputatuak eta Mendia lehendakariordeak banatu dituzte aurkeztutako 79 enpresa-ideietatik 10 proiektu saritu dituzten Enpresari sariak. Bere 19 edizioetan, Enpresari lehiaketak 3.000 enpresa-ideia baino gehiago jaso ditu, eta haietako batzuk enpresa bihurtu dira azkenean, DEMA agentziaren laguntzarekin.

Kaixo Euskadi.

Laespadak: Enpresari gure LHn dagoen talentu ekintzailearen adierazlea da

Bizkaiko Lanbide Heziketan kultura ekintzailea sustatzen duen Enpresari lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia egin da gaur, eta Rebeca Lopez Llarenak sortutako «Kaixo Euskadi» izeneko proiektuak jaso du lehen saria. Galdakaoko Andra Mari ikastetxeko ikaslea da eta Euskadira datozen turistentzako web-aplikazio bat asmatu du.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak banatu dituzte Enpresari sari hauek, eta aurkeztu diren 79 enpresa-ideietatik hamar proiektu saritu dira guztira.

Bere 19 edizioetan, Lanbide Heziketan kultura ekintzailea sustatu nahi duen Enpresari programak 3.000 enpresa-ideia baino gehiago jaso ditu, eta haietako batzuk enpresa bihurtu dira azkenean, DEMA - Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren laguntzarekin (Laesapadaren foru-sailaren mendekoa da agentzia hori).

«Kaixo Euskadi» proiektu irabazlea web-aplikazio bat da, eta ibilbideen, tailerren, ekitaldien agendaren, tokiko merkataritzaren eta artisautzaren berri ematen die Euskadira datozen eta euskal kulturari buruzko eta gure autonomia-erkidegoan egin dezaketenari buruzko informazioa bilatzen duten turistei.

Bigarren saria Bilboko Zabalburu ikastetxeko ikaslea den Alejandro Ramos Gagoren «Bosque conectado» proiektuari eman zaio. Landa-eremua, basoak eta natura-inguruneak interkonektatutako sentsoreen bidez monitorizatzeko proposamen bat da. Sentsore horiek datuak ematen dizkiote, denbora errealean, kudeaketarako eta prebentziorako aplikazio bati. Informazio horri esker, ereduak sortu ahal izango dira suteen aurrean izan beharreko jarduna zehazteko, edo hobeto ezagutu eta ulertu ahal izango dira ekosistemak, egon daitezkeen aldaketa naturalak edo jarduketa antropogenikoak behatuta.

Hirugarren saria Sopuertako San Viator zentroko ikasle batzuek (Mikel Aparicio Aguirre, María Moreno Giménez eta Maider Calleja Sainz-Aja) osatutako talde batek lortu du, «Triple M» proiektuari esker. Adingabe, gazte eta helduentzako baserri-eskola bat proposatu dute, Galdamesen, non, Montessori metodologia erabilita, aterpe-zerbitzua, tailerrak eta aisialdiko irteerak eskainiko den.

Irabazi duten hiru proiektu hauek 1.500, 1.200 eta 1.000 euro jaso dituzte, hurrenez hurren. Horrez gainera, beste zazpi proiektuk 500na euro jaso dituzte. Halaber, sari bat eman zaie bideoz egindako bost aurkezpen onenei: ipad bana partaide bakoitzari.

Sariak banatzeko ekitaldian hitz egin duenean, Laespadak nabarmendu du Enpresari programa Bizkaiko Lanbide Heziketan dagoen talentu ekintzailearen adierazle dela. Bestalde, parte hartu dutenen talentua, esfortzua eta sormena eskertu die, eta gogorarazi die DEMA agentziak orain proiektu batean garatutako ideia bat baino ez dena enpresa bihurtzeko laguntza eman ahal diela.


Argazkiak