2020(e)ko irailaren 04(a) 16:00

Aldundiak Osasun Sailarekin aktibatu duen Covid-19aren zaintza, prebentzio eta kontrol planean 9.000 PCR baino gehiago egin dira

Gizarte Ekintzako Saila

Prebentzioa, komunikazioa, zentroetan baheketekin erantzun azkarra eskaintzea PCR probak eginda eta gizarte zerbitzuetako zentroetan infekzioa kontrolatzeko laguntza dira Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arteko sistema bateratu artikulatuaren oinarriak pandemiaren testuinguruan egungo eta etorkizuneko egoeran jarduteko. Plana martxan jartzeko Foru Aldundiko 130 profesional daude; horietatik 20 prebentzio-teknikariak dira, Osasun Saileko pandemietan adituak direnek prestatuak eta adinekoen egoitzei Covid-19aren kudeaketan lanaldi osoan laguntzeko dira. Osasun Sailaren eta Aldundiaren baterako ikuskaritzak 207 jarduketa egin ditu egoitzetan, eta erantzun azkarreko bost talde daude, 24 ordutan baheketa masiboak egiten dituztenak susmoak dauden zentro guztietan. Dagoeneko 9.000 PCR proba baino gehiago egin zaizkie erabiltzaileei eta profesionalei. Sergio Murillo, Gizarte Ekintzako diputatua: "Birusaren eragina murrizteko eta kontrolatzeko lanean ari gara, baina egoitzak ezin dira zentro blindatuak izan, zentroetan bizitzak jarraitu egin behar duelako".

Bizkaiko Foru Aldundia ekainaz geroztik, deseskaladaren 3. fasearen amaierarekin batera, egoitza-zentroetan Covid-19a zaintzeko, prebenitzeko eta kontrolatzeko baterako plan osoa aktibatzen ari da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin adostutakoa Lurraldeko zerbitzu soziosanitarioetako zentroetan Covid-19ak izan ditzakeen agerraldi berriak detektatzeko, berehala erantzuteko eta kontrolatzeko. Era berean, planak adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen lurraldeko zentro soziosanitarioek garatutako kontingentzia- eta bizikidetza-planei laguntzen die.

Sergio Murillok, Gizarte Ekintzako diputatuak, azpimarratu du oreka etikoa bilatu behar dela egoitza-zentroetan gertatu behar den bizitzaren eta horietan birusa sartzeko kontrolaren artean, komunitatean gertatzen denarekiko independenteak ez direlako: Birusaren eragina minimizatzeko eta kontrolatzeko lanean ari gara, baina egoitzak ezin dira zentro blindatuak izan, zentro horietan bizitzak jarraitu egin behar duelako. Ildo horretatik, Murillok esan du lan asko dagoela egiteko, eta orain lan iraunkorra egin behar dugula, seguruenik 2020tik aurrera luzatuko dena, baina hobeto gaudela. Birusak nola funtzionatzen duen hobeto ezagutzen dugu, eta aurreko edozein unetan baino tresna gehiago ditugu. Hobeto gaude, baina erantzukizunera jo behar dugu hedapena geldiarazteko.

Gizarte Ekintzako foru diputatuak berak eskatuta agerraldia egin du ostiral honetan Batzar Nagusietan, Plan honekin ekainetik aurrera martxan jarritako neurriak zehazteko. Planak lau bloke nagusi ditu: zaintza, prebentzioa, kontrola eta arretan laguntzea.

  1. Zaintza:

    Osasun Sailak Lurraldean dituen erreferentziazko pertsonen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko komunikazio-bide egonkorrak ezarri dira. Osakidetzak erkidegoan egiten dituen miaketetan hautematen diren sintomen, kontaktuen edo positiboen susmoei buruzko informazioak gizarte-zerbitzuen sistemari ohartarazten diote, eta alderantziz, komunitatean gertatzen diren agerraldien edo kutsatzeen arteko edozein konexiok zentroetako kontingentzia-planak aktibatu ahal izateko.

  2. Prebentzioa:

    Deseskaladaren 3. fasea amaitu zenetik Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzun azkarreko bost taldeek 9.000 PCR lagin-hartze baino gehiago egin dizkiete lurraldeko zentro soziosanitarioetako profesionalei eta erabiltzaileei, eta ondoren Osakidetzako laborategiak aztertu dituzte. Horren harira, Gizarte Ekintzako diputatuak iragarri du datorren astelehenean, Gernikan duela astebete egin zen bezala, dispositibo berezia zabalduko dutela Amorebieta-Etxanon, Durangaldeko eta Arratiako eskualdeetako langile guztiei baheketa prebentiboa egiteko.

    Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin koordinatuta, Infekzioaren Prebentzio eta Kontrolerako 20 teknikari prestatu dira; teknikari horik zentro gutxi batzuei laguntza emango diete, aldian-aldian bisitak eginez, Covid-19aren prebentzio eta kontrol neurriak ezartzeko, azaldu du Sergio Murillok.

  3. Kontrola:

    Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Ikuskaritzako profesionalek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko teknikariek, berariaz horretan jarduten duten profesionalen errefortzuarekin, 200 ikuskapen baino gehiago egin dituzte elkarrekin orain arte. Ikuskapen horiek, fiskalizazio-lanaz gain, ezarri beharreko neurriak hartzen direla kontrolatzeko funtzioa dute.

    Era berean, erantzun azkarreko bost taldeek PCR probak egiten dituzte detektatzen denetik 24 orduan, emaitza positiboa duen profesional edo erabiltzaile baten kasuren bat duten zentroetan. Proba diagnostikoak egiten zaizkie kontaktu estu guztiei, hau da, erabiltzaile, profesional edo, hala badagokio, bisitarienei. Azkartasun eta proben maila horri esker, zentroek sektorizazio fisiko eta funtzional hobea egin dezakete, positiboa duten pertsonak modu eraginkorrean isolatuz eta beste erabiltzaile batzuk kutsatzea saihestuz.

  4. Arreta laguntzea:

    Covid-19an espezializatutako Egoitza-Unitate Soziosanitarioek COVID19 positiboa eta konplexutasun kliniko handiagoa duten kasuak hartzen dituzte, ospitalera joan beharrik ez dutenak, edo baita ospitalean alta eman ondorengoak ere. Bitarteko funtzioa betetzen dute egoitzen eta ospitaleen artean, bietako bat ere ordezkatu gabe. Gainera, COVID19 kasu positiboak hartzen dituzte, jatorrizko egoitza-zentroetan bermeekin isolatu ezin direnak mugikortasunagatik edo asalduragatik eta zailtasun handia eragiten dutenak zentroan birusaren hedapena kontrolatzerakoan.

Plana abian jartzeko une honetan 130 profesional ari dira lanean birusaren aurka borrokatzeko Bizkaiko zentro soziosanitarioetan; horietatik 80 Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuan ari dira eta 50 gehiago Infekzioaren Prebentzio eta Kontroleko teknikariak eta ikuskapenak, erantzun azkarra eta PCR probak egiten dituzten langileak dira. Gizarte Ekintzako diputatuak bereziki eskertu die horiei guztiei euren inplikazioa eta profesionaltasuna. Sergio Murillok azpimarratu duenez, Denborari dagokionez errekorra izan den aldian abian jarri den aurrekaririk gabeko pertsonen mobilizazioa izan da.