2020(e)ko abuztuaren 06(a) 11:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusien komunikatu bateratua

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusiek adierazten dute Espainiako Gobernuaren eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren (FEMP) arteko akordioa jasotzen duen Errege Lege Dekretuak ez diela eragiten Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako toki-erakundeei.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako Ahaldun Nagusiek komunikatu bateratua jaulki dute eta bertan adierazten dute araubide erkideko toki-erakundeei aplikatu beharreko finantza-neurriei buruzko 27/2020 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 5ean EAOn argitaratua, ez dela aplikagarria Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako toki-erakundeen kasuan.

Errege Lege Dekretuaren lehen atalean hartu den akordioaren esparrua azaltzen da eta batez ere finantza-arloari dagokio. Horren arabera toki-erakundeek, euren borondatez, Estatuaren mailegu-emaile gisa jardun ahal izango dute. Toki-erakundeek, trukean, ordainsari bat eta kontrapartida batzuk jasotzen dituzte toki-finantzaketaren arloan.

Akordioa aztertu ondoren eta araubide erkideko udalerrien eta foru-lurraldeetakoen artean ageriko aldeak daudela ikusita, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek gogorarazten dute akordioak ez diola eragiten Euskadiko udal-egitura eta -sistemari. Ildo horretatik, honako hau adierazten dute:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan foru aldundiei dagokie Lurralde bakoitzeko toki-erakundeen finantza-tutoretza.
  • Lurralde historikoetan indarrean daude toki-erakundeen aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna arautzen dituzten bidezko foru arauak, euskal udaletan superabiten erabilera arautzen dutenak.
  • Euskal erakundeen -toki-erakundeak barne- finantzaketari eta iraunkortasunari buruzko edozein erabaki edo akordio Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren barruan hartu beharko da, aldebikotasun-printzipioaren arabera.

Akordio horiek, ondoren, Batzar Nagusiek edo lurralde historikoetako aldundiek arautuko dituzte.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusiek, komunikatua amaitzeko, adierazten dute, ondorioz, ez dela aurreikusten aipatutako Errege Lege Dekretuan xedatutakoa Euskadiko toki-erakundeetan aplikatzeko aukera, gure udalerriei aplikatu beharreko foru-berezitasunaren ondorioz.