2020(e)ko uztailaren 29(a) 12:00

Afrikako hiru ikertzaile senior berri etorriko dira Bizkaira, beka batekin, Mujeres por Africarekin berritu den hitzarmenari esker

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Guztira, Afrikako bederatzi emakumek ikerketa arloko eskarmentu handiagoa hartu dute BioCruces Bizkaia, Kronikgune eta DeustoTech zentroetan. Ekimenak berdintasuna, emakumea eta Garapenerako Lankidetza xede dituen zeharkako politiken aldeko apustu bati erantzuten dio.

Castaño, Laespada eta Mahmoud.

Afrikako hiru ikertzaile senior berri urte erdi egongo dira Bizkaian, beka banarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Mujeres por África fundazioak berritu duten hitzarmenari esker eta «Ellas investigan» izeneko programaren bidez.

Gaurko prentsaurrekoan azaldu dute hitzarmena berritu dela Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko diputatu Teresa Laespadak, BioCruces Bizkaiako zuzendari Luis Castañok eta Egiptoko Rana Mahmoud ikertzaileak.

Orain arte Afrikako bederatzi emakumek jaso dute Bizkaian, zehatzago, Kronikgune, DeustoTech eta aipatu BioCruces Bizkaia zentroetan, ikertzeko beka hori (bata Kamerungoa, beste bat Aljeriakoa, beste bat Nigeriakoa, beste bat Sudangoa, hiru Egiptokoak eta bi Ugandakoak).

Laugarren aldiz berritzen da hitzarmena (60.000 €), aipatutako Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak, aurreko legealditik, Afrikarako begirada berria bultzatzen ari delako.

Laespada diputatuak honako hau adierazi du: «unibertsitateko hiru irakasle dira, beren lana urte erdiz Bizkaian garatu duten lehen mailako hiru ikertzaile»:

«Emakume hauek eredugarriak dira, ematen digutenak argi uzten du merezi duela Afrikara begirada berri batekin begiratzea. Kontinente honek begirada berri bat merezi du, berdintasuna, emakumea eta Garapenerako Lankidetza xede dituen zeharkako politikekin. Horrela proposatu genuen lankidetza itundu gisa gure Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailean eta horrela irudikatu izan dugu beti horrelako proiektuetan. Emakumeen ahalduntzearen inguruan eta herri eta horien sistema demokratikoen garapenaren inguruan hitz egin dugu».

Laespadak, bestalde, adierazi du beraiek garatzen duten ikerketak «errealitatea ulertzeko eta irtenbideak bilatzeko ezagutzak sortzen dituela, eta hori lehentasunezkoa da Afrikako toki askotan, bereziki, sarritan ikusezinak diren emakumeak protagonista dituzten ikerketak». «Ikertzaile bat babesten denean horren talde guztia babesten da, bere zentroa eta, azken batean, bere herrialdea. Eta ez dezagun ahaztu garapenerako ezinbestekoak diren osasuna bezalako gaietan lan egiten dutela».


Argazkiak


Bideoak


Audioak