2020(e)ko uztailaren 29(a) 11:00

100 langile baino gutxiagoko Bizkaiko hamar enpresatik bostek ekimen berritzaileak garatu zituzten 2019an

Ekonomia Sustatzeko Saila

Antolakundeen %65,3 gustura daude lortutako helburuekin eta %71k fakturazio handiagoa dute.

Bizkaiko enpresen %48,8k aitortu dute berrikuntza-jardueraren bat egin dutela 2019an. Halaxe dio Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Merkataritza Ganberak Berrikuntza Behatokiaren (Barrixe) bitartez egin duten Norabidea 2020* azterlanak, zeinaren helburua baita Bizkaiko enpresen jarduera berritzailea aztertzea.

Hala ere, enpresa horien %56,8k aitortu dute berrikuntza-jardueraren bat egin dutela azken 4 urteotan, etenik gabe edo era intermitentean, eta berrikuntza-jarduerak etenik gabe garatu dituzten enpresetan zentratzen bagara, ikusiko dugu hiru enpresatik batek sistematikoki berritu duela.

Enpresen heren batek berrikuntza-maila handia edo oso handia du

Inkesta honen oinarri den eta enpresetako berrikuntza-jardueraren sistematizazio-gradua neurtzen duen Bizkaiko Berrikuntzaren Indizearen arabera, enpresen %32,4k berrikuntza-maila handia edo oso handia dute.

Norabidea 2020 txostenean bada beste ondorio garrantzitsu bat, antolakundeen %65,3k uste baitute berritzeko hartutako erabakia arrakastatsua izan dela. Hona hemen lortu dituzten emaitzak: kalitate hobea (%74,1), fakturazio handiagoa (%72,4), eta bezeroen premiei arinago erantzuteko gaitasuna (%71).

Berrikuntza gehienak produktu eta prozesu berrietan egiten dira

Inplementatutako berrikuntzen tipologiari dagokionez, "prozesuetako" berrikuntzak izan dira ohikoenak (% 43,6), eta horien artean aipatzekoak dira: informazioa edo komunikazioa prozesatzeko metodoak (% 22,3), marketina eta salmentak (% 17,9) eta antolakuntzaprozeduretarako edo kanpo harremanetarako negozio-praktikak (% 17,7). Merkatuetan dauden "produktu edo zerbitzuetako" berrikuntzak "prozesuetako" berrikuntzak baino portzentajezko 18 puntu txikiagoak izan dira (% 25,6) Bizkaiko enpresetan.

Bizkaiko enpresa berritzaileen ezaugarriak

Azterlanak Bizkaiko berrikuntza-jarduera sistematizatuaren hainbat aldagai identifikatzen ditu. Enpresa sortu berriak dira, beren negozio-zikloa abiatzen ari direnak, 50 eta 100 langile bitartean dituztenak eta, nagusiki, zerbitzuen sektorekoak eta esportatzaileak, edozein dela ere fakturazio-portzentajea. Gainera, enpresa horiek laguntza publikoak jasotzen dituzte beren jarduerak garatzeko, lankidetzak garatzen dituzte beste konpainia batzuekin edo erakundeekin berrikuntzak gauzatzeko, I+G+Bko langileak dituzte eta beren igurikapenak bete dituzte inplementatutako ekintzekin. 

Hautsi beharreko hesien artean aipatzen dira kultura berritzailerik eza eta berrikuntzaren kostua

Beste muturrean daude 2019an inolako berrikuntza-jarduerarik egin ez duten enpresak, %51,2 alegia.

Enpresa talde horretako konpainia gehienek berriro adierazi dute beren ustez ez dela beharrezkoa ekimen berritzaileak egitea, batzuek ez dutelako premiarik ikusten, beste batzuek pentsatzen dutelako ez dagoela ondasun eta zerbitzu berritzaileen eskaerarik, eta besteek, aldiz, berrikuntzaren kostuagatik. Berritzen ez duten enpresen %53,1ek diote nolabaiteko laguntzak (dirulaguntzak, orientazioa, zerbitzu teknologikoak, e.a.) beharko lituzketela egoera hori aldatzeko.

Eszenatoki honetan, Bizkaiko enpresek diote "merkatuak" paper bikoitza duela:

• Batetik, badirudi berritzen ez duten enpresak gero eta urrunago daudela berrikuntzajardueretatik, eta urruntasun hori gehienetan izaten da kontzientziazio faltagatik edo merkatuaren zurruntasunagatik. Enpresa ez-berritzaileek ez zuten berritzen uste zutelako ekonomikoki arriskutsua zela eta gainera ez zela errentagarria, baina arrazoi horiek pisua galduz joan dira azken urteotan eta enpresa horiek argi ikusten dute ez dutela berrikuntzajarduerarik behar eta merkatuak ez duela halakorik eskatzen.

• Baina merkatuak beste norabide batean bultzatzen ditu enpresak. Enpresek lankidetzan jardun behar dute beste eragile batzuekin, merkatuak berak inposatzen duen lehiakortasunari aurre egiteko. Berrikuntzarekin lotutako dinamikak dira. Zentzu horretan, 3 gero eta enpresa gehiagok uste dute berrikuntza-jarduerak garatu behar direla, edozein dela ere testuinguru ekonomikoa.

Funtsean, oraindik ere beharrezkoa da kultura berritzailea lantzen jarraitzea, argi ikusaraziz enpresei zeintzuk diren horrelako ekimenen onurak eta hurbileko laguntza eta aholkularitza eskainiz behar duten guztiei.

4.0 Industria

Helburutzat harturik ezagutzea zein neurritaraino sartu diren 4.0 Industriako teknologiak Bizkaiko enpresa produktiboetan, Norabidea-2020 txostenak gai horri buruzko hainbat galdera txertatu ditu, horrela jakiteko 4.0 Industriako zein teknologia erabiltzen diren gehien Bizkaiko enpresetan eta nolako abantailak eman dizkieten enpresa horiei.

Jasotako datuen arabera, Bizkaiko produkzio-industriaren sektoreko 3 enpresatik 1ek lan egin du 4.0 Industriako teknologiaren batekin, eta hauek dira ohikoenak: lantegiko, prozesu operatiboetako, balio-kateko (hornitzaileak eta bezeroak) eta departamenduetako datuen integrazioa softwarearen bidez (CRM, ERP, GMAO, e.a.) (% 19,0), 3D simulazioak (% 15,1) eta Cloud Computing-a (% 14,5). Beste teknologia batzuk (adibidez, errealitate birtuala, errealitate areagotua edo ikusmen artifiziala) ez dira hainbeste erabiltzen Bizkaiko industrian.

Aipagarria da Bizkaiko industria produktiboaren sektoreko enpresetatik % 7k bakarrik jaso eta aztertzen dituztela datu kopuru handiak -hala euren produkzio sistemetatik nola bezero eta hornitzaileengandik- softwarearen bidez erabakiak hartzeko (CRM, ERP, GMAO, e.a.)

Enpresek teknologia horiek erabiltzeagatik lortu dituzten abantailen artean aipatzekoak dira: kalitate hobea (% 63,8) eta malgutasun (% 55,0) eta eraginkortasun handiagoa (% 49,8)