2020(e)ko uztailaren 27(a) 11:00

TME, Athletic Clubek eta Aldundiak startup-en lehiaketa bat antolatu dute, turismoan ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko

Ekonomia Sustatzeko Saila

Smart Solutions for Smart Destinations Challenge lehiaketan, mundu osoko startupek irtenbide adimentsuak diseinatuko dituzte, Bizkaiarentzat esperientzia turistikoak sortzeko, berrikuntza, segurtasuna eta jasangarritasuna oinarri izango direlarik, eta San Mames futbol zelaia elementu nagusia izango delarik

Nazio Batuen Turismoko Mundu Erakundeak (TME), Athletic Clubek eta Bizkaiko Foru Aldundiak indarrak batu dituzte turismoari lotutako ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko. Hiru erakundeen artean antolatu dute Smart Solutions for Smart Destinations Challenge izeneko lehiaketa. Bertan, startupek parte hartuko dute, eta mundu osoko enpresa berritzaileek irtenbide adimentsuak aurkituko dituzte, San Mames futbol zelaia elementu nagusia eta inspiratzailea izango delarik Bizkaia osorako esperientzia turistiko berriak bideratzeko.

Erronkaren premisa da hiriko futbol zelaiek erdiguneko nodo gisa jarduten dutela bisitari kopuru handiak erakartzeko. TMEk, Athletic Clubek eta Aldundiak antolatutako proiektuan, San Mames futbol zelaia, diseinuko abangoardiago ikur bat eta Bizkaiko azpiegitura turistiko nagusietakoa dena, lurraldeko gainerako eremuek eskaintzen dituzten aukera turistikoekin lotuko da.

Smart Solutions for Smart Destinations Challenge lehiaketan mundu osoko startupek parte hartu ahal izango dute, eta 3 erakunde sustatzaileek partekatzen duten filosofiarekin bat dator erronka, hau da, aukera berriak sortzen direla berrikuntza, teknologia, kiroleko balioak eta turismoa batzen direnean. Hala, erronkan parte hartuko duten enpresa berritzaileek, etorkizuneko turistek eskatuko dituzten esperientzia berriak diseinatu beharko dituzte teknologiaren eta konektibitatearen bidez, eta guztia lotzeko elementuak segurtasuna, inklusioa, jasangarritasuna eta eskaintza turistiko bikaina eta berezia izango dira.

Lehiaketa irabazten duten startupek proiektu pilotu bat sortuko dute Athletic Clubekin 6 hilabetean zehar. Gainera, enpresak Bizkaikoak badira edo helbide fiskala Bizkaira aldatzen badute, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza osoa izango dute, eta horien artean, enpresa hazteko eta azkartzeko zerbitzuak, proiektuak finantzatzeko aholkularitza zerbitzua eta 6 hilabeterako coworking espazioak egongo dira.

Smart Solutions for Smart Destinations Challenge lehiaketak bi kategoria hauek izango ditu:

  1. Prototipoa edo kontzeptu diseinua garatze fasean duten proiektuak (pre seed izeneko fasea).
  2. Merkatuan probatutako proiektu pilotua duten proiektuak.

Era berean, lehiaketan ezarrita dago, startupek proposatutako irtenbideak bat etorri beharko direla espezializazio eremu hauetako batekin:

  • Helmuga turistikoan turismoa garatzeko ekimenen potentziala optimizatzea.
  • Instalakuntza adimentsuak, hiri eta eskualdeetan ekimenak konektatzeko elementu gisa.
  • Helmuga adimentsuetan teknologia berriek duten inpaktua.
  • Irtenbide adimentsuak kirol turismoko helmugentzat.
  • Futbol zelaiak, turismoaren eskualde hazkunde jasangarriaren katalizatzaile gisa.
  • Negozio eredu ezberdinak eta osagarriak, helmuga lekuan ekimenaren inpaktu ekonomikoa aprobetxatzeko.
  • Esperientzia adimentsuak etorkizuneko turismoarentzat.

Bideoak