2020(e)ko abuztuaren 24(a) 10:30

Aldundia eta BCAM lankidetzan ari dira ezagutza aurreratuaren transferentziaren bidez ETEen eta startup-en berrikuntza indartzeko

Ekonomia Sustatzeko Saila

BEAZek eta Basque Center for Applied Mathematics-ek 3 hilabeteko modelizazio matematikoko zerbitzua eskaintzen dute datuen tratamenduan eta ustiapenean interesa duten enpresentzat edo tresna konputazional berrietan aholkularitza bilatzen dutenentzat. Zerbitzua Aldundiaren eta BCAMren arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza da, Bizkaiak data science eta fabrikazio aurreratuaren arloan nazioartean duen garrantzia indartzeko.

Bizkaiko Foru Aldundia eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) elkarlanean ari dira lurraldeko ETEetan eta startupetan I+G+b proiektu gehiago egiteko, ezagutza aurreratuaren transferentziaren bidez. Horretarako, BCAMek eta BEAZek Bizkaiko enpresa txiki eta ertainentzako modelizazio matematikoko aholkularitza-zerbitzua jarri dute martxan.

Zerbitzua BCAMen laguntzarekin egiten da, ezagutza transferitzeko unitatearen bidez (KTU: Knowledge Transfer Unit), eta Bizkaiko enpresei zuzentzen zaie proiektuaren tipologiaren arabera: datuen diagnostikoa edo modelizazio fluidodinamikoa.

Programak 3 hilabeteko iraupena du eta aholkularitza eta laguntza eskaintzen die enpresa txiki eta ertainei euren proiektuetan jorratu beharreko espezialitateetan oinarrituta. Hala, datuen diagnostikoari buruzko proiektuek honako espezialitate hauek hartzen dituzte barne: datuen analisi aurreratua, modelizazio estatistikoa, machine learning edo eredu iragarleak. Modelizazio fluidodinamikoaren diagnostikoari buruzko proiektuei dagokienez, eredu-zenbakien definizioa eta garapena, simulazio numerikoa eta prozesuen edo euskarrien optimizazioa eta CFD software librearen gaineko prestakuntza biltzen dituzte.

Proiektuek Bizkaiak Data Science eta Fabrikazio Aurreratuaren arloan nazioartean duen garrantzia sendotzen lagunduko dute, bai funtsezko ikerketa bultzatzeagatik eta eremu horretako ezagutzaren transferentziagatik, bai talentua erakartzeko potentziala garatzeagatik eta nazioarteko erreferentziazko zentroekin loturak izateagatik. Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 150.000 euroko inbertsioa bideratu du proiektura.

Basque Center for Applied Mathematics

BCAM Matematika Aplikatuen Ikerketa Zentroa da eta honako hauetan finkatuta dago: matematikaren mugako diziplina arteko ikerkuntza, talentu zientifikoaren erakarpena eta prestakuntza, metodo numeriko berrien garapena eta simulazioa, industriarekiko, erakunde sozialekiko eta osasun-erakundeekiko elkarreragina eta mundu osoko aurrerapen zientifiko eta teknologikoen transferentzia eta sustapena.

BCAMen helburua ikerketa matematiko aplikatua garatzea da, matematikaren alderdirik funtsezkoenetan arreta jartzeaz gain, diziplina askotako eta konputazionaleko ildo eta esparruetan arreta berezia jartzeko. Hortaz, BCAMek kalitatezko matematikak sortu nahi ditu, bere parekoen aintzatespena jasoko duena eta, horrez gain, algoritmo, programa, simulazio kontrastagarri eta kuantifikagarrietara bideratutako ekarpenak sortzeko gai dena eta euskal I+G+b sare aberatsarekin lankidetzan jardungo duena.